Kosmetika onkologikoa: larruazalean efektu desiragaitzak eta tratatzeko konposatu naturaletan oinarritutako formulazio berriak

Argitalpenak · Dibulgazioa

Sarritan, tratamendu onkologikoek pazientearen bizi-kalitatea baldintzatu dezaketen efektu desiragaitzak sortzen dituzte, minbizi-zelulak kaltetzeaz gain, bestelako ehun osasuntsuak suntsitzen baitituzte, hala nola, larruazala. Bai erradioterapiak eta baita kimioterapiak ere, estratu basaleko zelulak hiltzen dituzte eta goiko geruzak askatzen dira, pruritoa, lehortasuna, ezkatatzea edota ultzerazioa kasu larrienetan sortuz.

Irudia: Laborategi kosmetikoek, landare-jatorria duten konposatuak konbinatuz, paziente onkologikoen larruazala tratatzeko hainbat produktu kaleratu dituzte.

Orain arte, tratamendu onkologikoaren ondorioz sortutako larruazalaren efektu desiragaitzak tratatzeko formulazioek asaldurak sintomatikoki tratatzen zituzten, baina ez zuten ehun kaltetua erreparatzen ezta erregenerazio-prozesua azkartzen ere. Horiek administrazio topikoa duten antiseptiko, kortikoide, antihistaminiko edo analgesikoak dira.

Gaur egun, ordea, formulazio berrien joera aspaldidanik erabiltzen diren landare-jatorriko produktuen propietateaz baliatzea da, horiek baitituzte biologikoki aktiboak diren konposatu kimikoak.

Larruazalaren hidratazio-maila hobetzeko, fitozeramida eta gantz-azido esentzialetan aberatsak diren landare-estraktuak erabiltzen dira. Fitozeramidek barrera lipidikoaren egituran galdutako zeramidak ordezkatzen dituzte, horien jatorrizko funtzioa berreskuratuz: barnealdetik kanpo-ingurunera dagoen ur-transpirazioaren kontrola eta korneozitoek barnealdean dituzten Faktore Hidratatzaile Naturalen babesa. Bestalde, gantz-azido esentzialek, beste propietateez aparte, estratu korneoan funtzio bikoitza izango dute: alde batetik, barrera lipidikoaren egituraren berreskurapenean laguntzen dute ur-galera oztopatuz eta, beste aldetik, mintz zelularren erregenerazioan parte hartzen dute. Gehien erabilitakoak jojoba-olioa, kartamo-olioa edo mahats-hazi olioa dira, besteak beste.

Mina eta hantura arintzeko, landare-espezie batzuek badituzte aktibitate antiinflamatorio, analgesiko eta antioxidatzailea duten metabolito sekundarioak: fenolak, flabonoideak eta fitoesterolak. Horiek, ekintza mekanismo desberdinen bidez, hantura-, oxidazio- eta min-prozesuak kontrolatzen dituzte. Horien adibide kamamila edo Ginkgo biloba landareak dira.

Orbaintze- eta erregenerazio-propietateengatik ere landare-jatorria duten konposatuak betidanik erabili izan dira medikuntza tradizionalean. Aloe vera edo Centella asiatica-k, adibidez, kolageno-zuntzen sintesia estimulatzen dute. Badira bestelako ekintza mekanismo batzuk ere larruazalaren berriztatzea sustatzen dutenak, hala nola, mosketa-arrosa olioarena. Landare honen olioa gantz-azido esentzial poliinsaturatuen ehuneko handiagatik bereizten da, barrera lipidikoaren erregenerazioan parte hartuko duena.

Larruazal-osotasunaren galeraren ondorioz, mikroorganismoen sarrera faboratu egiten da. Antiseptiko tradizionalak albo batera uzteko asmoz, olio esentzialak erabiltzen hasi dira, izan ere, beren eragin farmakologikoetako bat funtzio antimikrobianoa da. Olio esentzialak mikroorganismoaren pareta zelularraren egitura lipidikoa eraldatzeko eta zeharkatzeko gai dira, mintz plasmatikoaren osotasuna galaraziz. Modu horretan, mintzaren iragazkortasuna handitzen da, zelularen suntsipena eragingo duena. Beren efektu antimikrobianoarengatik produktuetan gehien erabili izan diren olio esentzialak erromero-lorearen olioa, te-zuhaitzaren olioa eta eukalipto-olioa dira, besteak beste.

Laborategi kosmetikoek, landare-jatorria duten konposatuak konbinatuz, paziente onkologikoen larruazala tratatzeko hainbat produktu kaleratu dituzte, sintoma nagusiak arintzea eta erregenerazio-prozesua azkartzea helburu izango dutenak. María D’uol eta INOXDERM laborategiak horren adibide dira, landare-estraktuetan oinarritutako Cosmética Onco eta OnCosmetics produktu-lerroak garatu dituztenak, hurrenez hurren. Beacon Biomedicine laborategiek, landare-estraktuez gain, TECTUM Skincare produktu-lerroan hazkuntza faktoreak erabiltzen dituzte erregenerazio-prozesua azkartzeko. IFC laborategiek ere aurretik aipatutako laborategien joera jarraitzen dute, baina, kasu honetan, ez dituzte landare-jatorria duten konposatuak erabiltzen, baizik eta Cryptomphalus aspersa barraskilotik lortutako jariakina, izan ere, behatu izan da eskrezio glikoproteiko horrek berriztapen kutaneoa sustatzen duela.

OMSk aurreikusten du hurrengo bi hamarkadetan minbizi-kasu berrien agerpenak % 70 egingo duela gora mundu mailan eta, beraz, efektu desiragaitzak pairatuko dituzten pazienteen kopurua ere. Azken urteetan produktu naturalen erabilpenaren joera asko handitu da eta pentsa daiteke landare-jatorria duten produktu hauen erabilera handiagotuko dela.

Artikuluaren fitxa

  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 33
  • Artikuluaren izena: Kosmetika onkologikoa: kimioterapiak eta erradioterapiak larruazalean eragindako efektu desiragaitzak eta horiek tratatzeko konposatu naturaletan oinarritutako formulazio berriak.
  • Laburpena: Sarritan, tratamendu onkologikoek pazientearen bizi-kalitatea baldintzatu dezaketen efektu desiragaitzak sortzen dituzte, minbizi-zelulak kaltetzeaz gain, bestelako ehun osasuntsuak suntsitzen baitituzte. Lan honetan tratamendu onkologikoen ondorioz larruazalean sortutako gaitzak aztertuko dira (hala nola pruritoa, ezkatatzea edota ultzerazioa kasu larrienetan) eta baita arazo horiei aurre egiteko formulatu diren produktu berrien konposizioa ere. Orain arte erabili diren kortikoide, antihistaminiko edo lidokainadun kremak alde batera uzteko helburuarekin, laborategi dermokosmetikoek paziente onkologikoen larruazala tratatzeko bestelako produktu-lerroak merkaturatu dituzte, horien bizi-kalitatea hobetu eta eragin desiragaitz berantiarren agerpena oztopatzeko asmoz. Antzinatik erabili izan diren landare-estraktuez baliatuz, larruazalaren erreparaketa-prozesua bultzatzea helburu duten formulazioak diseinatu dituzte, Maria D’uol edota OnCosmetics laborategien produktu-lerroak bezala. Beste kasu batzuetan, landare-jatorriko konposatuez gain, bestelako molekula aktiboak erabili dituzte; hala nola, BEACON Biomedicine laborategien kasuan, hazkuntza-faktoreak eta Tectum 11 izeneko proteina-konplexuak erabiltzen dituzte, edota IFC laborategian, Cryptomphalus aspersa barraskilotik lortutako jariakinaz baliatzen dira tratamendu onkologikoen ondorioz sortutako larruazaleko gaitzak erreparatzeko.
  • Egileak: Miren Izaguirre, Edorta Santos-Vizcaíno, Aiala Salvador, Amaia Esquisabel, José Luis Pedraz, Rosa María Hernández, Manoli Igartua.
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 35-53
  • DOI: 10.1387/ekaia.17837

Egileez

Edorta Santos-Vizcaíno, Aiala Salvador, Amaia Esquisabel, José Luis Pedraz, Rosa María Hernández eta Manoli Igartua UPV/EHUko NanoBioCel Taldean eta baita Biomaterial eta Nano-medikuntzako Ikerkuntza BiomedikokoZentro Sarea Bio-ingeniaritzan dabiltza.


Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.