Mirari Otxandorena, fisioterapian ikertzailea: “Nire bizitzako pasioa hori zela jabetu nintzen”

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

Norvegian harrapatu dugu Mirari Otxandorena Atxa nafarra. Hain zuzen, doktoretza-tesia egiten ari da, eta ikertzaile batek gonbidatuta ari da han lanean: Norvegiako The Arctic University-ko (UiT) Gun Kristin Øberg.

Otxandorenak horrela azaldu du nola iritsi den hara: “Duela urtebete hasi nintzen tesia egiten. Hasi aurretik, garbi nuen zer gai ikertu nahi nuen, eta, nazioartean arlo horretan erreferenteak bilatzen hasi nintzenean, Norvegiako ikertzaile baten lanak aurkitu nituen. Ikertzailearekin harremanetan jartzea erabaki nuen, eta, galdetu nionean ea haiekin ikertzera joan ote nintekeen, baietz erantzun zidan. Eta hala etorri nintzen”.

Irudia: Mirari Otxandorena Atxa, Fisioterapian ikertzailea.

Aitortu duenez, benetan pozik dago Norvegian: “Ate guztiak ireki dizkidate. Zentro publiko guzietara gonbidatu naute, lana nola egiten duten ikusteko, eta zainketa intentsiboen unitatera ere sartzeko aukera izango dut. Bestalde, diru-laguntza pribatu bat jasotzen dut, eta zortzi orduko lanaldia dut, ikertzeko. Bulego bat ere eman didate eta jende guztia oso abegikorra da…Espainian, berriz, tesia egiten dugunok ez dugu ordutegirik, ezta lan-baldintza egokirik ere. Nik, adibidez, nire denbora librean ikertu behar dut han. Sekulako aldea dago”.

Helduen fisioterapiatik neonatologiara

Hain gustura dabilen arren, ikasketak aukeratzean ez zuen hain garbi bide hori hartuko zuenik. Haren lehengusu batek, kirol-fisioterapeuta, eta asko bidaiatzen zuen taldearekin, eta horrek erakartzen zuen. Ikasketak ere etxetik urrun egin nahi zituen; hala, Bartzelonan hasi zen Fisioterapia egiten. Bigarren urtean maitemindu zen Fisioterapiaz: “Neuroanatomiako ikasgaian izan zen. Irakaslea izugarri ona zen, eta orduan erabaki nuen neurologian espezializatuko nintzela”.

Hori bai, argi omen zuen ez zuela haurrekin lan egin nahi, ez baitzituen oso gustuko. “Edo hori uste nuen, garapen tipikoa duten haurrekin baino ez bainuen esperientzia”, aitortu du Otxandorenak.

Azken urtean neurologian espezializatu, eta Nafarroara itzuli zen. Aniztasun funtzionala dutenen elkarte batean lanean hasi zen, eta garun-paralisia zuen haur bat tratatzeko eskaintza jaso zuen. Erreparoekin bazen ere, eskaintza onartu zuen. “Mugarri bat izan zen; nire bizitzako pasioa hori zela jabetu nintzen”.

Haurrekin lan egiteko, pediatrian espezializatu behar zela erabaki zuen. Hala, asteburuetan, master bat egiten hasi nintzen Bartzelonan, eta, gainerako egunetan, lana egiten nuen Iruñean eta Nafarroako beste herri batzuetan. Halako batean, Bartzelonako hezkuntza bereziko eskola batetik deitu zioten lanerako, eta geroztik Bartzelonan aritu zen bai ikasten bai lanean.

Masterra amaitutakoan, irakasle hasi zen unibertsitatean, eta orduan hasi zen baita tesia egiten ere, pediatriaren barruan, neonatologian. Hain zuzen, haur goiztiarretan esku-hartze lasterrak izan dezakeen eragina ikertzen du: “Ikusi dugu haur goiztiarrek epe luzera atzerapena izaten dutela garapen psikomotorrean. Hortaz, ahalik eta lasterren tratatzen saiatzen ari gara, atzerapen hori ahalik eta txikiena izan dadin”.

Horrenbestez, haur horientzat eta haien familientzat tratamendu bat diseinatu du, eta proban jarri du, Bartzelonako Sant Joan de Déu ospitalean. Orain emaitzak biltzen ari da, eta ikerketa nagusi horren barruan joan da Tromsøko unibertsitatera ere. Laster izango dugu emaitzen berri.

Fitxa biografikoa

Mirari Otxandorena Atxa Almandozen jaioa da, 1992an. Gimbernat Unibersitate eskolan egin zuen Fisioterapiako gradua, eta, ondoren, Pediatriako masterra, Kataluniako Nazioarteko Unibertsitatean. Gaur egun, doktoretza egiten ari da Viceko Unibertsitatean, eta irakasle ere bada, unibertsitate berean.


Egileaz: Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.


Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.