Puntako teknikak erabilita, neandertalen eta denisovarren aterpe izan zen Denisova haitzuloari buruzko ikerketa berriak ezagutarazi dituzte. Horiei esker, egungo gizakiengandik gertuen izan ziren bi espezie horien datazioa hobetu dute.
Interneten bitartez erositako opari hori postetxean edo mezularitza enpresa batean hemendik-hara galduta dagoela esaten dizuten hurrengoan, pentsa ezazu gauzak larriagoak izan litezkeela. Benetan. Imajina ezazu hau: oraindik horretaz jabetu ez bazara ere, guztiz ezezaguna den gizateria galdu baten arrastoa aurkitu duzu. Munduaren beste punta batean dagoen laborategi espezializatu batera bidali duzu lagina. Eta bidean, galdu egin da. Ez da irudimen ariketa soila, horixe bera gertatu zitzaion Anatoli Derevianko antropologoari Denisova haitzuloan (Siberia, Errusia) 2008an aurkitutako falange fosil batekin.
Eskerrak aztarna osoa bidali ez zuen. Artean esku artean zer zuen ez bazekien ere, fosil hori bitan zatitu zuen, bi laborategitara bidaltzeko. Lehen zatia betiko galdu zen, baina bigarrena esku egokietara iritsi zen: Svante Päävo paleogenetista ospetsuaren laborategira, hain zuzen. Garai horretan laborategi horretan neandertalen lehen genoma sekuentziatzen ari zirenez, kasu askorik ez zioten egin errusiarrek bidalitako hezurtxo ñimiñoari. Baina handik urtebetera falangea aztertzeari ekin ziotenean, zur eta lur geratu ziren. Falange hori ez zen neandertala, ezta gizaki modernoa ere. Begi aurrean zutena giza espezie guztiz berria zen.
Hamar urte inguru igaro dira eureka txiki horretatik, eta, zorionez, aztarna gehiago aurkitu dira, bai denisovarrena zein neandertalena. Garai horretan gizaki modernoak baziren Asian, baina momentuz ez da argitu denisovarrekin kontaktuak egon ote ziren. Horren frogarik, bederen, ez da aurkitu orain arte.
Siberia hegoaldeko Altai mendietan dago Denisova haitzuloa. Duela 40 urte egin zituzten bertan lehen indusketak. Guztiz berezia da haitzulo hori, bai denisovarrek zein neandertalek denboran kointziditu zutelako. Jakina da paleoantropologian bi espezie kointziditu zirela ondorioztatzea oso arriskutsua izan daitekeela, egiten diren datazioek errore-marjina handia izan ohi dutelako: iberiar penintsulan erromatarrak eta arabiarrak batera egon zirela esatearen parekoa litzateke hau. Baina alor honetan ere Denisova berezia da, bi hominido horien arteko hibridazioaren frogak azaleratu direlako.
Iazko udan Denisovan aurkitutako hezur bati esker ezagutzen da denisovarrak eta neandertalak gurutzatu egin zirela, DNA bidezko analisiek hala erakutsi zutelako Denisova 11 edo Denny gisa izendatutako neska batek aita denisovarra eta ama neandertala izan zituela. Pixkanaka frogak pilatu dira, gainera. Aurtengo urtarrilean Nature Communications aldizkarian argitaratutako lan batean gurutzaketa hori modu masiboan eman zela egiaztatu ahal izan dute, egungo Asiako gizakien DNAren analisiari esker. Bi espezie horien gurutzaketatik giza espezie ezezagun bat jaio zela ondorioztatu zuten ikertzaileek, eta hirugarren espezie hori egungo gizakiekin gurutzatu zen ere. Kasu honetan ikaskuntza sakoneko algoritmoak baliatu dituzte informazio genetikotik ondorio baliagarriak erauzi ahal izateko.
Orain, Nature aldizkarian argitaratutako bi zientzia artikulutan [Douka et al., lehena; Jacobs et al., bigarrena] hobeto zehaztu dute Denisova haitzuloaren kronologia. Orokorrean, atera duten ondorioa da denisovarren okupazioa duela 287.000 urtetik duela 55.000 urtera izan zela, eta neandertalena duela 193.000 eta 97.000 urte artekoa izan zela. Ez da zehaztapen hutsala izan: datu berrien argitara, denisovarren presentzia 100.000 urte inguru atzeratu dutelako. Berez, denisovarrak gutxienez duela 200.000 urte bertan egon zirela frogatu dute, baina zaharragoak diren geruzetan duela 287.000 urteren buelta horretan landuak izan zitezkeen tresnak aurkitu dituzte ere, eta horiek denisovarrek sortu zituzteneko sumoa dute ikertzaileek. Bestetik, neandertalengandik kontserbatu izan diren aztarna gehienak duela 120.000 urteko dataren ingurukoak dira, Riss-Würn glaziazioartekoaren ingurukoak, hain justu.
“Aurretik egindako ikerketek aurkituak zituzten objektu apaingarriak, hala nola zintzilikario gisa erabilitako hezurrak edo mamuten boliaz egindako objektuak, eta horiek hasierako Homo sapiens espezieari lotu izan dira”, azaldu du Robin Dennell paleoantropologoak bi zientzia artikulu horiek testuinguruan jartzeko Naturen argitaratutako iruzkin batean. “Halere, 2010ean haitzuloa hedabideetako tituluetara iritsi zen. Urte horretan, Erdi Paleolito aroko geruza batean aurkitutako hezur bateko antzinako DNAren analisiak zehaztu zuen espezimen hori artean ezagutzen zen hominido espezie batekoa zela, eta espezimen hori Homo sapiens espezietik gertu zegoela eboluzioaren zuhaitzean”.
Ohiko karbono-14 bidezko datazioaz gain, optikaren bidez estimulatutako luminiszentzia (OSL) bidezko datazioa erabili dute Denisovan. Teknika horrek aukera ematen du jakiteko kuartzo bezalako mineralak eguzkipean egon zireneko azken aldia zein izan zen. Teknika honen altzoan eraiki dute, besteak beste, haitzuloan aurkitutako arrastoen kronologia.
Ez da izan erabilitako teknika bakarra. Kolagenoaren azterketa oinarrituta, masa-espektrografia bidezko zooarkeologia (ZooMS) izeneko teknika erabili dute espezie desberdinak bereizteko. Kolagenoa DNA baino dezente hobekiago kontserbatzen da, eta teknika hori azkarra eta merkea omen da, gainera.
Hortaz, puntako teknologiak asko lagundu du iragana hobeto ezagutzen, baina betiko zailtasunak bere horretan mantentzen direla gogoratu beharra dago. Hala adierazi du Rennellek, hain zaharrak diren sedimentuak aztertzea oso zaila dela azalduz. “Animaliek egindako gordelekuek, subsidentziek edota izozte-urtze zikloek geruzak nahas ditzakete”, zehaztu du. “Hezur fosilen edo harrizko tresnen moduko objektu txikiak haien jatorrizko tokitik mugi daitezke, eta baliteke ez edukitzea aurkitu zuteneko geruzaren adin berdina”. Hortaz, argi dago tentuz ibili beharra dagoela; baina, gutxienez, orain esku artean dugun egutegia aurrekoa baina askoz txukunagoa da.
Erreferentzia bibliografikoa
Dennell, Robin (2019). Dating of hominin discoveries at Denisova. Nature 565, 571-572. DOI: 10.1038/d41586-019-00264-0
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
1 iruzkina
[…] modernoarekiko talkak ere eragina izan ahal zuela onartu dute. “Aldi berean neandertalekin batera zenbait milurtekoz […]