Ehizaren atzetik joan ziren neandertalak hegoalderantz

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Janari nahikoa eskura ez izateak eragina izan zuen Kantauriar eskualdeko neandertalak desagertzeko orduan, zientzialari talde batek egindako proposamenaren arabera.

Gizateriak zeresanik izan al zuen neandertalek osatzen zuten beste gizateria horren desagerpenean? Zenbat aldiz jarri da mahai gainean galdera hori, eta zenbat eleberri eta film osatu daitezke gai zirraragarri horren bueltan. Bada, momentuz erantzun garbirik ez duen galdera da, baina, gero eta gehiago, proposamen berriak plazaratzen ari dira kontua argitzen saiatzeko.

Horietako bat da Kantabriako Unibertsitateko zientzialari talde batek Nature Ecology & Evolution aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean jasotakoa. Bertan azaldu dutenaren arabera, Iberiar penintsularen kasuan bederen, ekosistemen produktibitateak eragina izan zuen neandertalen banaketan eta desagerpenean.

neandertalak
1. irudia: Paleoantropologiak argitu gabe duen kontu zirraragarrienetakoa da neandertalen desagerpena. Faktore bakarra baino, atzean askotariko arrazoiak egon zirela uste dute aditu gehienek. (Argazkia: John Gurche eta Chip Clark – Domeinu publikoko irudia. Iturria: Wikimedia Commons)

Espezie horren desagerpena mende oso batean zehar mantendu den misterioa izanda ere, egileek diote gero eta argiago dagoela prozesu hori Europako lurralde desberdinetan gertatu zela, eta seguru aski, arrazoi desberdinengatik jazo zela. Iberiar penintsularen kasuan, egileek korrelazioa aurkitu dute garaiko ekosistemen eta neandertalen banaketaren artean, eta, hortaz, proposatu dute faktore horrek eragina izan ahal zuela beren desplazamendua eta desagerpena azaltzerakoan.

Sarritan aipatu izan da gizaki modernoekiko konpetentzia batean neandertalak baliabide gutxiago zeuden eremuetara baztertuak izan zirela, eta, pixkanaka, gizaki modernoen presioagatik, penintsularen hegoalderantz alboratuak izan zirela. Ikertzaile hauek, aldiz, uste dute litekeena dela neandertalak ehizaren bila joan izana hegoalderantz, eta ez, halabeharrez, gizaki modernoen presioagatik. Izan ere, une klimatiko latzenetan ere Mediterraneo aldeko eskualde horietan erdi eta goi tamainako belarjaleak ehizatu ahal zituzten.

Neandertalak eta biziraupena aztergai

Gaiari ohikoa ez den bide batetik heldu diote. Izan ere, soilik aztarnategiei erreparatu beharrean, duela 50.000 eta 30.000 urte artean –Erdi Paleolitotik Goi Paleolitorako trantsizioan– eskuragarri egon zen biomasa kalkulatzeari ekin diote ere.

SUBSILIENCE proiektuaren baitan egindako ikerketa izan da. Bertan batez ere saiatzen ari dira argitzen bi giza espezieek zer motatako presa motak ehizatzen zituzten, eta baita zein klima eta ekosistemak zituzten inguruan. Oreina, basahuntz piriniarra edota zaldia ziren Iberiar penintsulan bi giza espezieek gehien ehizatutako animaliak.

Ondorio honetara iristeko, Produktibitate Primario Garbia izeneko faktorearen kalkuluan abiatu dira. Aldagai honek une jakin batean dauden landare espezie guztien biomasa adierazte du. Faktore hori garrantzitsua da, noski, landareak belarjaleen elikaduraren oinarrian daudelako.

“Azken finean, izan zituzten teknologia edo kultura edozein zirela ere, elikadura biziraupenerako behar bat zen”, nabarmendu dute zientzialariek. Jakina da artean nekazaritza garatzeke zegoen garai horietan animalien ehiza zela gizakion elikaduraren oinarri garrantzitsu bat —fruituen bilketa eta, kostaldean, itsasoari lotutako animalien kontsumoa ere ematen zen arren—. Funtsean, kate trofikoaren adierazpen bat baino ez.

neandertalak
2. irudia: Iberiar penintsulan aztarnategiak lau eremutan sailkatu dituzte, duela 50.000-30.000 urte artean egon ziren baldintza biogeografikoen arabera. Bertan eskuragarri egon zitekeen ehiza eta neandertalen banaketa alderatu dituzte. (Irudia: Vidal-Cordasco et al.)

“Iberian duela 50.000 eta 30.000 urte artean espazioan eta denboran izan ziren ingurumen aldaketen inguruan aurrenekoz irudi zehatzagoa eskaintzen du ikerketa honek”, aldarrikatu dute. Denbora tarte horretan neandertalek mousteriar eta chatelperroniar industriak garatu zituzten, eta, gizaki modernoek, berriz, Aurignac aldiko industria.

Besteak beste, aztarnategi arkeologikoen azken datazioak eta teknika estatistikoak erabili dituzte ondorio hauetara iristeko. Iberiar penintsula lau eskualde biogeografikotan banatu dute, eta ondoren zati bakoitzean zegoen ekosistemen produktibitatea kalkulatu dute. Gaur egun penintsulan dauden animalien datuak ere aintzat hartu dituzte erabili duten eredu makroekologikoa fintzeko.

“Iberian zehar izan ziren giza okupazio arkeologikoak aintzat hartuta, bigarren mailako kontsumitzaileek —bai neandertalek zein gizaki modernoek— eskura zuten biomasaren zenbatespen diakronikoak baldintzatu dezake Iberiar penintsularen lau eskualdeetan gizaki hauek bizirik irauteko zuten aukera”, argitu dute.

Emaitzen arabera, Mediterraneo aldeko hiru eremutan —supra, meso eta termo deritzen eskualdetan— baldintza egonkorragoak aurkitu dituzte; modu berean, tamaina ertain edo handiko belarjaleen biomasa gehiago kalkulatu dute ikerketak aintzat hartu dituen 20.000 urteetan. Baldintza gogorrak izan ziren garaietan ere —fase estadial izenekoetan— biomasa hori mantendu omen zen.

Kantauriar eskualdean neandertalak desagertu zirenean animalia eta landare biomasaren beherakada esanguratsu bat egon zen. Aldiz, gizaki modernoak iritsi zirenean, ekosistemak nahiko azkar berreskuratu ziren.

Penintsularen inguru mediterraneoan, aldiz, ez dute aurkitu ekosistemen produktibitatean demaseko aldaketarik. Mediterraneo aldeko eskualde hauek “agertoki ekologiko egonkorragoa” eskaintzen zuten. Hortaz, egileek proposatu dute horrek aukera eman zezakeela neandertalen biziraupena luzatzeko, espezie honen aztarnak duela 32.000 urtera arte agertzen direlako Rambla Perea eta Cova Anton (Murtzia) bezalako aztarnategietan.

Gizaki modernoarekiko talkak ere eragina izan ahal zuela onartu dute. “Aldi berean neandertalekin batera zenbait milurtekoz bizi izan ziren gizaki modernoek egin zuten Europako kolonizazio azkarrak agian ez zituen sortu neandertalentzako agertoki lagungarriak, eta hori mehatxua izan zitekeen, bai beren portaeraren malgutasunerako zein espezie bezala izan ahal zuten erresilientziarako”, azaldu dute ikertzaileek aldizkari berean aurkeztutako iruzkin batean.

Talka egon ala zen, gero eta argiago dago bi espezieek modu betean edo bestean baliabide berdinengatik lehiatu behar izan zutela. Egunotan argitaratu den beste ikerketa batek joera hori berretsi du. Herbehereetako arkeologo talde batek egindako azken datazioen arabera, gaur egungo Frantzian eta Iberiar penintsularen iparraldean 1.400-2.900 urtez bi espezieak denboran batera bizi izan ziren. Egin dituzten zenbatespenen arabera, penintsularen iparraldean neandertalen lehen aztarnak duela 45.343 eta 44.248 urte artean agertu ziren, eta duela 39.894 eta 39.798 urte artean desagertu ziren. Gizaki modernoak, berriz, duela 42.653-42.269 urte inguru iritsi omen ziren, datu berrien argitara.

Scientific Reports aldizkarian argitaratutako artikulu batean azaldu dutenez, teknika estatistikoetan oinarritu dira kalkulua egiteko. Funtsean, erregistro arkeologikoan atzemandako hutsuneak betetzen saiatu dira, eta kalkulu horiek osatu dituzte neandertalei lotutako aztarnategietan lortutako azken datazioekin.

Baina onartu dute eskura dauden datuetan abiatuta ez dagoela jakiterik bi espezieen arteko elkarrekintza zuzena egon ote zen. Momentuz, historiaren epikak jaso ez dituen une horiek irudikatzea beste erremediorik ez dugu.

Momentuz.

Erreferentzia bibliografikoak:

Vidal-Cordasco, M., Ocio, D., Hickler, T. et al. (2022). Ecosystem productivity affected the spatiotemporal disappearance of Neanderthals in Iberia. Nature Ecology & Evolution. DOI: https://doi.org/10.1038/s41559-022-01861-5

Djakovic, I., Key, A. & Soressi, M. (2022). Optimal linear estimation models predict 1400–2900 years of overlap between Homo sapiens and Neandertals prior to their disappearance from France and northern Spain. Scientific Reports, 12, 15000. DOI: https://doi.org/10.1038/s41598-022-19162-z


Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko..