Euskal Herriko neandertal berriak (eta izateari utzi dioten batzuk)

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Iraganean berreskuratutako bilduma arkeo-paleontologikoen berrikuspenak aurkikuntza berri eta garrantzitsuak eman ditu Europako neandertalen paleobiologia eta portaera ulertzeko. Azken 15 urteetan, bildumak berrikusiz identifikatu dira neandertalen fosil asko: horixe gertatu da Spy eta Goyet aztarnategietan (Belgika), eta La Ferrassie eta Regourdou aztarnategietan (Frantzia), adibidez. Industeko teknika zehatzagoen bidez eta azken urteotan neandertalen anatomiari buruz pilatutako ezagutza dela medio, hezur kopuru handiagoa identifikatzen da gaur egun indusketetan. Gauza bera gertatzen da makrofaunaren fosilekin: gaur egun, xehetasun handiagoz ezagutzen da aztarnategietan berreskuratzen diren makroornodun espezieen anatomia. Guri dagokigunez, beste proiektu baten barruan, kuoiaren (Cuon alpinus) arrasto fosil berriak identifikatu nahian ari ginela, Axlorko (Dima, Bizkaia) aspaldiko indusketen aztarnak berrikusten hasi ginen. Kuoia gaur egun Asian bizi den kanido bat da, baina Pleistozenoan Europan ere bizi zen, eta bere hezurrak otsoarenekin nahasteko arriskua dago. Axlorko aztarnategia (1. irudia) 1932an aurkitu zuen Jose Migel Barandiaran euskal arkeologo ezagunak, eta 1967 eta 1974 artean berak induskatu zuen azken aztarnategia izan zen. Axlorko indusketetan aurkitutako aztarnak, fosilak zein harrizko industriako, Bilboko Arkeologi Museoan daude gordeta, eta toki berean daude ikusgai 1967an aurkitutako hiru giza fosilak, Jose Maria Basabe euskal antropologoak 1973an argitara atera zituenak.

1.irudia: Axlorko leizeko aztarnategiaren testuinguru orokorra (Dima, Bizkaia, Iberiar penintsulako iparraldea). (Iturria: Gómez-Olivencia et al. (2018) – Creative Commons 4.0 lizentziapean)

Arkeologi Museoko bildumak berrikusteak bi ustekabe ekarri zituen. Lehena ebaki markak zituen hegazti izterrezur bat identifikatzea izan zen, eta bigarrena, faunaren aztarna zehaztugabeen artean esneko giza hagin bat identifikatzea (2. irudia). Ustekabeko aurkikuntza horiek garrantzi handia zuten, ezohikoak zirelako; horrenbestez, diziplina anitzeko lantaldea antolatu behar izan zen, aurkikuntza berriak aztertzeko eta Barandiaran bildumaren azterketa sistematikoa egiteko. Giza fosil berririk ote zegoen ikusteko, bai eta gizakiek eraldatutako haragijaleen edo hegaztien hezurrik ere (ebaki markekin, adibidez). Axlorko Barandiaran bilduma lehenago ere aztertu zen, 2005ean, J.E. González Urquijok koordinatuta, eta bi fosil identifikatu ziren: esneko hortz bat eta garezur zati bat. Lantalde horretako paleontologoak (P. Castaños) zenbait aztarna isolatu zituen, giza aztarnak izan zitezkeelakoan. Hau da, baziren zenbait giza fosil eta gizakienak izan zitezkeen beste batzuk, inoiz xehetasunez aztertu gabe zeudenak, eta Basabek argitaratutakoak ez zeuden aztertuta estatistika eta irudi teknika berriak erabiliz. Hortik aurrera, ustekabe ugari egon ziren.

2. irudia: Fauna aztarnen artean identifikatutako neandertalen esneko hortzaren ikuspegi oklusala. Ezkerrean, jatorrizko fosilaren ikuspegia; eskuinean, 3D berreraikitzea, non dentina (urre kolorez) eta esmaltea (zuriz) bereizten diren. (Iturria: Gómez-Olivencia et al. (2020) – Creative Commons 4.0 lizentziapean)

Faunaren azterketa sistematikoan ebakien markak aurkitu genituen hiru hegazti hezurretan (bi, arrano beltzarenak –3. irudia–, eta hirugarrena, belearena), eta bi haragijale fosiletan (otso bat –4. irudia– eta katamotz bat). Axlorkoaren gisako aztarnategi batean, ohikoa da ebaki markak eta muina lortzeko hezurrak hautsi izanaren frogak aurkitzea zenbait espezietan, hala nola orein, bisonte eta basahuntzenetan, horiek baitziren eskualde honetako neandertalek ehizatu ohi zituzten animaliak. Arrano beltzaren eta katamotzaren izterrezurretan aurkitutako ebaki markak haien haragia lortzeko egin zituzten seguruenera; eta otsoari dagokionez, oso litekeena da haragia zein larrua baliatzeko egitea. Neandertalek animaliak ehizatzen zituzten, elikatzeko ez ezik, baita bestelako baliabideak lortzeko ere, hala nola larruak, hezur zatiak –tresnak egin ahal izateko (adibidez, akabera ziriak, harrizko tresnak lantzeko erabilitako hezurrezko elementuak)–, tendoiak –lokailuak egiteko–, eta, noizbehinka, apaingarriak egiteko (moluskuak, atzaparrak eta hegaztien lumak). Hori dela eta, neandertalek egiten zuten hegaztien ustiapenak gero eta interes gehiago dauka ikertzaileentzat; izan ere, portaera konplexuekin lotzen da hori, ikuspegi bikoitz batetik. Lehenik, hegaztien kontsumoa dieta zabalagoarekin lotu ohi delako eta, haiek harrapatzeko, animalia txikiak eta azkarrak direnez, estrategia jakin batzuk erabili behar direlako, neurri ertain eta handiko ungulatuak (adibidez, ahuntzak, zaldiak, bisonteak, oreinak) harrapatzeko erabilitakoez bestelakoak. Bigarrenik, Europako aztarnategi batzuetan, portaera sinbolikoekin lotutako hegazti ustiapenen frogak aurkitu direlako. Ikerketa horrek oihartzun handia izan zuen, Iberiar penintsulako Kantauri inguruko neandertalek haragijaleak eta hegaztiak ustiatzen zituztelako lehen froga baita.

3. irudia: Ebaki markak dituen arrano beltzaren (Aquila chrysaetos) eskuineko izterrezurra. Hezur hau haragia lortzeko manipulatu zuten seguruenik. (Iturria: Gómez-Olivencia et al. (2018) – Creative Commons 4.0 lizentziapean)
4. irudia: Ebaki marka duen otsoaren (Canis lupus) erradioa, haragia kentzearen edo larrutzearen ondorioz. (Iturria: Gómez-Olivencia et al. (2018) – Creative Commons 4.0 lizentziapean)

Giza fosil “berriei” dagokienez, hortzen eta garezurraren azterketa morfologikoa eginda, neandertalen ohiko morfologia zutela ondorioztatu zen. Aitzitik, 1973an argitaratutako hortzek gure espeziaren hortzen (Homo sapiens) antzeko morfologia eta neurriak zituzten. Azterketa zehatza egin ahal izateko, hortz guztien mikro OTAk (ordenagailu bidezko tomografia axiala; bereizmen handiko serie erradiografikoak, 3D berreraikuntza ahalbidetzen duena) egin genituen CENIEHn (Burgosen) (5. irudia). Era horretan, kanpoko morfologia aztertu ahal genuen, zenbait hortzen higaduragatik batzuetan oso agerikoa ez dena, baina baita barneko morfologia ere, hortzei kalterik egin gabe. Mikro OTA horiek aukera eman ziguten, orobat, hortz mamiko barrunbearen eta hortz erroen kanalen morfologia birtualki berreraikitzeko, ordenagailu bidez ikusteko teknika modernoak automatikoki erabilita. Emaitza horiek harrigarriak izan zirenez, Axlorko giza fosil guztien testuinguru arkeologikoa eta jatorria ere aztertzea erabaki genuen. Horretarako, Jose Miguel de Barandiaran Fundazioari baimena eskatu genion J.M. Barandiaranen indusketa koadernoak ikusi ahal izateko. Koaderno horietan daude zehaztuta aztarnategian 1967tik 1973ra bitartean egindako jarduerak; hau da, aztarnategia indusketaren hasieran nola aurkitu zuten adierazi eta kanpaina bakoitzean aurkituriko aztarnarik garrantzitsuenen zerrenda biltzen dute. Aztarnategia aurkitu zuteneko egoerari dagokionez, Barandiaranek uste du 1932tik –aurkitu zuten urtetik, alegia– jalkinak atera dituztela handik:

“Nere ustez, 1932n ezkero, lur asko atera izan dek arpe ortatik”.

Hiru fosil “berriei” dagokienez, harritu egin ginen; izan ere, 1969an berreskuratutako aurkitutako garezur zatia giza hezurtzat jo zuen Barandiaranek, baina, bitxia bada ere, ez da inoiz argitaratu. Bi esneko hortzei dagokienez, ez dago horiei buruzko berariazko erreferentziarik, baina haien jatorri estratigrafikoari buruzko informazioa bat zetorren Erdi Paleolitoko testuinguru batekin. Basabek (1973) argitaratutako hortzak aztarnategi horretan aurkituriko lehen giza fosilak izan ziren, 1967ko irailaren 7 eta 8 bitartean (6. irudia), eta haiek nola aurkitu zituzten azaltzeko Barandiaranek esandakoa egin zaigu deigarrien: lur soltean, haitzaren azpian eta ondoan, fauna-hondarrekin eta silex zatiekin batera.

–“Lur ariñean, aitzaren azpian eta bere ondoan. Aldamenean bezte ezur (abelezur asko eta suarri-malera).”–

Leizearen alde horretan, orain dela gutxiko indusketetan izan dugun esperientzia kontuan hartuta, material arkeologikoak sedimentu trinkoan aurkitu beharko lirateke; Barandiaranek adierazi bezala lur soltean aurkitu izanak testuinguru arkeologikoa susmagarria zela iradokitzen zuen. Izan al zitezkeen Goi Paleolitikoko giza fosialak? Axlorren gure espezieko ehiztari-biltzaileen okupazioen ebidentziak aurkitu dira goi mailetan. Izan al zitezkeen oraintsuko Historiaurrearen aztarnak (Neolitikoa-Brontze Aroa)? Leize honetan ez dago okupazio ebidentziarik, baina Euskal Herrian populazio horiek hamaika haitzulo erabili zituzten hilobi gisa, gertu dagoen Baltzola leizea, esaterako. Kontuan izanda hortz horiek aurkitu ziren eremuan eragin handiena izan zuela 1932tik aurrerako sedimentu-erauzketak; hori dela eta, karbono-14 bidez fosilak datatu arte, ezin izango diogu galdera horri ziurtasunez erantzun.

5. irudia: Basabek argitaraturiko bost hortzetatik hiruren berreraikitze birtuala (beste biak galduta daude) ezpain aldeko ikuspegian (goian) eta ikuspegi oklusalean (behean). Fosil horiek gure espeziearen (Homo sapiens) antzeko morfologia eta neurriak dituzte, eta ez neandertalenak bezalakoak.
6. irudia: J.M. Barandiaranen koadernoaren orria; zerrendatuta daude irailaren 7an eta 8an Axlorko 13E eta 13F koadroetan aurkituriko aztarna arkeo-paleontologikoak (giza fosilak barne). (Iturria: Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak utzitako irudia)

Mendebaldeko Eurasian 200 mila urtez baino gehiagoz –aldi glaziarretan eta glaziazio arteko aldietan– bizi izan ziren ehiztari-biltzaileak ziren neandertalak, duela 40 mila urte inguru desagertu zirenak. Axlorren, oso litekeena da korbido, hegazti harrapari eta kanidoak neandertalen jankide izatea, eta gizaki haiek uzten zituzten hondarrak sarraskitzea. Hori dela eta, animalia horiek neandertalengana hurbilduko ziren, eta baliteke haiek ehizatzea noiz edo noiz. Neandertalen dietaren nondik norakoei buruzko informazio gehigarria emateaz gain, gizaki horiek ingurunearekin interakzio konplexua zutelako ideia indartzen du gure azterketak. Horrez gain, leizean bizi ziren neandertalen taldeetako bi umek, gutxienez, galdu zituzten esneko hortzak aztarnategian. Garezur zatiari dagokionez, oraindik argitu gabe dago zergatik agertu zen aztarnategian, baina gogoratu behar da neandertalak kultura eta ohitura ugariko giza espeziea izan zirela; batzuetan, hildakoak lurperatzen zituztela, eta beste batzuetan kanibalismoa praktikatzen zutela.

Horregatik guztiagatik, eta oraindik industeko asko geratzen denez, uste dugu Axlorrek desagertutako gizaki horiei buruzko informazio gehiago eman dezakeela.

Erreferentzia bibliografikoak:

Gómez-Olivencia, A., López-Onaindia, D., Sala, N., Balzeau, A., Pantoja-Pérez, A., Arganda-Carreras, I., Arlegi, M., Rios-Garaizar, J., Gómez-Robles, A. (2020). The human remains from Axlor (Dima, Biscay, northern Iberian Peninsula). American Journal of Physical Anthropology, 172, 475-491. DOI: doi.org/10.1002/ajpa.23989

Gómez-Olivencia, A., Sala, N., Núñez-Lahuerta, C., Sanchis, A., Arlegi, M., Rios-Garaizar, J. (2018). First data of Neandertal bird and carnivore exploitation in the Cantabrian Region (Axlor; Barandiaran excavations; Dima, Biscay, Northern Iberian Peninsula). Scientific Reports, 8, 10551. DOI: doi.org/10.1038/s41598-018-28377-y

Gehiago jakiteko:

  • Basabe, J.M. (1973). Dientes humanos del Musteriense de Axlor (Dima. Vizcaya). Trabajos de Antropología, 16, 187-207.
  • Rios-Garaizar, J. (2017). A new chronological and technological synthesis for Late Middle Paleolithic of the Eastern Cantabrian Region. Quaternary International, 433 (B), 50-63. DOI: 10.1016/j.quaint.2016.02.020
  • Rougier, H., Crevecoeur, I., Beauval, C., Posth, C., Flas, D., Wißing, C., Furtwängler, A., Germonpré, M., Gómez-Olivencia, A., Semal, P., van der Plicht, J., Bocherens, H., Krause, J. (2016). Neandertal cannibalism and Neandertal bones used as tools in Northern Europe. Scientific Reports, 6, 29005. DOI: 10.1038/srep29005
  • Galarraga, A. (2016). Europako Iparraldeko neandertal kanibalak, gertutik. Elhuyar aldizkaria, 323, 30-33.

Egileez: Asier Gómez Olivencia (@AsierGOlivencia) Ramón y Cajal ikertzailea da UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Estratigrafia eta Paleontologia Sailean. Nohemi Sala Juan de la Cierva ikertzailea da Giza Eboluzioari buruzko Ikerketa Zentro Nazionalean (CENIEH). Aida Gómez-Robles irakaslea da University College of Londoneko Antropologia Sailean. Diego López Onaindia (@DLopezOnaindia) doktoretza ondoko ikertzailea da Bordeleko Unibertsitatean eta UPV/EHUn. Antoine Balzeau (@abalzeau) CNRSko ikertzailea da Historia Naturaleko Museo Nazionalean, Parisen. Ana Pantoja Pérez UCM-ISCIII zentro mistoko giza eboluzioari buruzko doktoretza aurreko ikertzailea da. Carmen Nuñez-Lahuerta (@CarmenNL7) Lisboako Universidade Novako doktoretza ondorengo ikertzailea da. Alfred Sanchis Valentziako Historiaurreko Museoko ikertzailea eta bilduma kudeatzailea da. Mikel Arlegi (@ArlegiMikel) UPV/EHUko eta Bordeleko Unibertsitateko doktoretza ondorengo ikertzailea da. Ignacio Arganda-Carreras (@IgnacioArganda) Ikerbasque ikertzailea da Donostia International Physics Center (DIPC) zentroan eta UPV/EHUko Konputazio Zientziak eta Adimen Artifiziala Sailean. Joseba Rios-Garaizar (@jorios) ikertzailea eta harri bildumen kudeatzailea da Giza Eboluzioari buruzko Ikerketa Zentro Nazionalean (CENIEH).

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.