Neandertalei buruzko informazio osagarria duela 100 urte aurkitutako aztarnetan

Aurkikuntza egin eta 100 urte baino gehiago geroago, neandertalen anatomia eta portaera ulertzen lagunduko duen informazioa ematen jarraitzen du La Ferrassieko neandertalak.

Irudia: La Ferrassie 1 gizabanakoaren 1909ko aurkikuntza (Iturria: Collections M.N.P. Les Eyzies©).

Ikerketaren emaitzek berritasunak aurkeztu dituzte:

  1. Fosil berriak, belarriko hezurtxo guztiak barne (mailua, ingudea eta estribua).
  2. Aurreko ikerketetan aurkitu ez ziren patologia berriak, atlasaren (lehenengo orno zerbikala) jaiotzetiko aldaketa eta klabikulako haustura barne.
  3. Gizabanako hau nahita lurperatu izanaren hipotesiarekin bat datorren informazio tafonomiko berria.

Savignac de Miremont herriko kareharrizko muino baten oinarrian dago kokatuta La Ferrassieko harpea, Le Buguetik 5 km iparraldera, Dordoinan (Frantzia). 1909ko irailaren 17an topatu zuten La Ferrassie 1 (LF1) izenaz ezaguna den gizonezko neandertal heldu baten eskeletoa. Duela 40-54 mila urte inguruko mailan dataturiko hilobitzat jo zen eta kontserbazio egoera apartagatik nahiz neandertalen anatomia eta portaera interpretatzeko historikoki izan duen garrantziagatik, eskeleto hau gizabanako neandertalik garrantzitsuenetakotzat jo izan da.

La Ferrassie 1 neandertala 50 urtetik gorako gizonezkoa zen, bizitza osoan hainbat lesio jasan zituena, ziur aski ehiztari-biltzaile bizimoduarekin lotutakoak. Hil zen unean, biriketako gaixotasun bati lotutako osasun-arazoak zituen. Hil eta gutxira, bere taldeko kide batzuek lurperatu zuten La Ferrassieko Harpean, neandertalek milaka urtean kanpalekutzat erabili zutena.

Aurkikuntza egin eta 100 urte baino gehiago geroago ere, fosil honek ikuspegi berriak eskaintzen jarraitzen du neandertalei buruzko ikerketan, teknologia eta teknika zientifiko berrien erabilerari esker. Esaterako, tomografia konputerizatuak erabili dira aztarna berriak aurkitu eta lesio patologikoak hobeto karakterizatu ahal izateko.

Identifikatutako aztarna berrien artean daude eskuineko loki-hezurraren barruan zeuden belarriko hiru hezurtxoak, hiru orno-zati eta bi saihets-hezur zati daude. Belarriko hezurtxoak osorik daude eta neandertalek alde anatomiko horretan zuten aldaera hobeto ulertzen lagunduko dute.

Lesio patologiko berriak ere identifikatu dira: klabikulan izandako hezur desplazamendurik gabeko haustura, bizkarrezurrean atzemandako degenerazio artrosiko handiagoa eta eskoliosi arina, edota ondorio klinikorik ez duen lehenengo orno zerbikalaren sortzetiko aldaketa. Anomalia hauei aurretiaz deskribatutako beste ezaugarri batzuk gaineratu behar zaizkie, hala nola, eskuineko femurreko trokanter nagusiaren haustura edota infekzio edo kartzinoma batek sortutako biriketako afekzio sistemikoa, seguru aski gizabanako honen heriotza eragin zuena.

Bestalde, hezurretan azaleko alteraziorik ez dagoela eta, ondorioz, hezurrak hautsita dauden modua kolagenoa galdu duten hezurrei dagokiela egiaztatu da ikerketan. LF1 gizabanako neandertalaren azterketa tafonomikoa bat dator hil eta gutxira gorpua lurperatu izanaren eta, beraz, haragijalek gorpua eraso ez izanaren hipotesiarekin. Usteltzean, hezurrek kolagenoa galdu eta in situ hautsi ziren, sedimentuaren pisuaren eraginez. Datu hauek bat datoz eskeleto honen ehorzketa nahita egin izanaren hipotesiarekin, aurreko ikerketek proposatutakoa.

Teknologia berrien erabilera funtsezkoa izan da. Tomografia konputerizatuak (bereizmen arruntekoak nahiz bereizmen handikoak) eta erradiografiak erabili dira eta haiei esker lortu da eskuineko loki hezurraren barruan zeuden belarriko hezurtxoak identifikatu eta birtualki erauztea, batetik; LF1en eskeletoan zueden lesio patologikoak bistaratzea, bestetik; eta, azkenik, hezurren hausturaren orientazioa kuantifikatzea, berreginda egoteagatik zuzenean ezin kuantifika zitekeen hezurretan.

Gómez-Olivencia, Asier et al., (2018). La Ferrassie 1: New perspectives on a “classic” Neandertal. Journal of Human Evolution, 117, 13-32. DOI: https://doi.org/10.1016/j.jhevol.2017.12.004.

Iruzkin 1

Eman iritzia

Asteon zientzia begi-bistan #194 - Zientzia Kaiera

[…] La Ferrassieko neandertalak oraindik informazioa du ezkutuan, neandertalen anatomia eta portaera ulertzen laguntzen jarraitzen du. Ikerketaren emaitzek berritasunak aurkeztu dituzte: Fosil berriak, belarriko hezurtxo guztiak barne (mailua, ingudea eta estribua), aurreko ikerketetan aurkitu ez ziren patologia berriak, atlasaren (lehenengo orno zerbikala) jaiotzetiko aldaketa eta klabikulako haustura barne eta azkenik, gizabanako hau nahita lurperatu izanaren hipotesiarekin bat datorren informazio tafonomiko berria 1909ko irailaren 17an topatu zuten. […]

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>