Asteon zientzia begi-bistan #194

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Arkeogenomika, eboluzioa, paleoantropologia

Iberiar penintsulako historiaurreko 4.000 urteko tartean izandako migrazioak eta dieta aztertu dituzte eta berretsi dute penintsulara iritsi ziren Neolitoko lehen nekazarien ondorengo zuzenetarikoak direla gaurko euskaldunak. Geroago, Brontze Aroan, Europa erdialdetik beste migrazio bat iritsi zen eta badirudi hizkuntza indoeuroparra ekartzea haiekin. Dietari buruz, 4.000 urte horietan ez zela aldaketa nabarmenik egon frogatu dute. Egileen artean, Eneko Iriarte dago, Burgosko Unibertsitateko ikertzailea, hain zuzen. Emaitzei dagokienez, Iriartek honakoa azpimarratzen du: “Neolitoan Iberiar Penintsulara nekazaritza eta abeltzaintza ekarri zuen giza taldea nahiko txikia zela ondorioztatu dugu, dibertsitate genetiko baxua erakusten baitute. Honek Neolitoan Europa erdialderantz eta iparralderantz joandako beste populazioetatik bereizten ditu. Mediterraneo kostaldetik iritsi ziren, eta egungo Sardiniako eta Euskal Herria inguruko populazioak haien ondorengo zuzenentzat har daitezke. Penintsulara iritsi ahala, bertako populazioekin nahastu eta ondorengoen genetika segituan aberastu zen”.

La Ferrassieko neandertalak oraindik informazioa du ezkutuan, neandertalen anatomia eta portaera ulertzen laguntzen jarraitzen du. Ikerketaren emaitzek berritasunak aurkeztu dituzte: Fosil berriak, belarriko hezurtxo guztiak barne (mailua, ingudea eta estribua), aurreko ikerketetan aurkitu ez ziren patologia berriak, atlasaren (lehenengo orno zerbikala) jaiotzetiko aldaketa eta klabikulako haustura barne eta azkenik, gizabanako hau nahita lurperatu izanaren hipotesiarekin bat datorren informazio tafonomiko berria 1909ko irailaren 17an topatu zuten.

Biologia

Igelen artean, badaude salto handiak eta salto txikitxoak egiten dituztenak. Lehenengo desberdintasuna bistan da, hanken luzeran dago: jauzilari trebeak direnen atzeko hankak nabarmen luzeagoak eta lirainagoak dira. Baina badira beste aspektu batzuk garrantzitsuak direnak: jauzilari trebe eta jauzilari kaxkarren hanketan LDH (laktato deshidrogenasa) izeneko entzimaren kontzentrazioa oso desberdina dela aurkitu dute ikertzaileek. ATParen ekoizte-abiadura –salto egiteko behar dutena– eta haren hidrolisian oinarrituta dagoen uzkurketa muskularra, beraz, entzima honen kontzentrazioaren araberakoak dira neurri handi batean. Hortaz, laktato deshidrogenasaren biltegia beterik duten igelek jauzi izugarri azkarrak eta indartsuak egiten dituzte.

Lipido-tantak klasikoki lipido-biltegi inertetzat hartu badira ere, egun benetako organulutzat hartzen dira. Erretikulu endoplasmatikotik askatu egiten direnean, hazten hasten dira, lipidoen eta proteinen transferentzia egiten dute, fusio prozesuetan hartzen dute parte eta elkarrekintza espezifikoak izaten dituzte beste organuluekin. Lipido-tantek betetzen dituzten funtzionamenduak eta prozesuak ezagutzeko jo ezazue artikulura!

Emakumeak zientzian

Gizakiok badugu mekanismo bat lagungarria dena gure ingurua antzemateko eta norabide egokia hautatzeko. Barruan, gure garunean, mapa moduko bat daukagu; zelula batzuk gu orientatzeaz arduratzen dira. Hain zuzen ere, zelula horiek aurkitu eta identifikatzeagatik eman zioten Fisiologia edo Medikuntzako Nobel saria May-Britt Moserri 2014. urtean. Psikologia ikasten hasi zen Osloko Unibertsitatean baina garunaren funtzionamenduak erakarri zuen erabat. Neurozientzia alorrera igaro zen bere senarrarekin batera. Ez galdu!

Fisika

MIT Massachusettseko Teknologia Institutuko zientzialariek grafenoa –karbono atomo baten lodieraz osatutako geruza– supereroale bihurtzea lortu dute. Material berezia da: malgua eta arina bezain gogorra da. Aurkikuntza egin duen ikerketa taldea gidatzen du Pablo Jarillo Herrero fisikariak. Berak laburbildu du aurkikuntza: “Grafenozko estruktura bat baliatuz, supereroale bihurtzen den material isolatzailea lortu dugu”. Ion Errea, DIPC Donostia International Physics Centerreko ikertzailearen aburuz aurkikuntza honek fase berri bat ireki dezake. Izan ere, “aurrenekoz, grafeno puruan supereroankortasuna lortu dute”.

Aste honetako albisterik tristeena izan da: Stephen Hawking hil da, 76 urte zituela. Ikertutako astroen artean, zulo beltzak dira aipatuenak. Zulo beltz bat singularitate bat da matematikoki: espazioko gune bat, non masaren dentsitatea infinitua den, eta hortaz, grabitateak oso modu berezian jokatzen duen. Zulo beltzak guztiz ilunak dira grabitateak ez diolako argiari ihes egiten uzten. Baita zulo beltzen inguruan ere, muga bateraino, argiak ezin du ihesik egin. Berez, muga hori baino gehiago hurbiltzen den guztia zulo beltzak irentsiko du, Elhuyarrek azaltzen duen legez. Baina Hawkingek beste gauza bat proposatu zuen, hau da, muga horretan fluktuazio kuantikoak daudela, eta fluktuazio kuantiko horien ondorioz, zulo beltzak erradiazio txiki bat igortzen duela. Hawkingen erradiazioa deitzen zaio horri. Laborategian frogatu zen 2016an, baina ez da inoiz zulo beltz batean detektatu. Halere, bere teoria gehienak A Brief History of Time liburuan argitaratu zituen 1988an.

Alboko esklerosi amiotrofikoa diagnostikatu zioten Hawkingi, 1963. urtean, 21 urte zituela. Sendabiderik gabeko gaixotasun neurologikoa da, giharrak atrofiatzen ditu, eta gaixoa ahuldu egiten du, oro har, arnasa egiteko gauza ez den arte. Pedro Migel Etxenike fisikariak aukera izan zuen 1973. urtean Hawking ezagutzeko, Ingalaterran. Horri buruz aritu da Etxenike, esanez oraindik indarrean daudela Hawkingek unibertsoa Big Bangen aurretik biltzen zuen singulartasunaren inguruan asmaturiko teoriak. Etxenikeren arabera, Hawkingen erradiazioa baieztatu izan balitz, Nobel saria emango zioten, baina “oso zaila da neurtzea, ezin baitzara zulo beltzetan ibili”.

Genetika

Aste honetan, IL6 genea aztertu du Koldo Garcia genetistak. Interleukina 6 du izena eta immune-sistemako gene garrantzitsu bat da: hantura sortzen du, B zelulen heltzean eta gaixotasun autoimmuneetan parte hartzen du. IL6 geneak sukarraren kontrolean parte hartzen du: batetik hipotalamoan eragin dezake gorputzeko tenperatura igotzeko eta bestetik muskulu eta gantz-ehunetan energiaren ekoizpena eragiten du, tenperatura ere igoz; eta infekzioei aurre egiteko hantura sortzen du. Horretaz gain, harrigarria da ikustea hanturaren aurkako efektua ere baduela. Kontraesankorra badirudi ere, egia da. Testu honetan duzue irakurgai.

Geofisika

Hego Hemisferioan anomalia magnetiko bat dago eta satelite artifizialei eragiten die. Bertako eremu magnetikoa ahulagoa izanik, espaziotik datozen partikula energetikoak sakontasun handiagoan sartzen dira atmosferan. Geologoek kalkulatzen dute, batez bestean, 300.000 urtez behin aldatzen dela eremu magnetikoaren norabidea. Azken aldaketa, baina, duela 780.000 urte izan omen zen. Istorio hau hegoaldeko Afrikan bizi ziren bantu hiztunek abiatu zuten.Haien burdinazko etxolak eta zerealak biltzeko estrukturak erre zituzten. Sute horiek burdinetan garaiko aztarna magnetikoa gordetzea ahalbidetu zuten. Ikerketa egin dutenen hipotesia honakoa da: Afrikaren azpian dagoen estruktura batek zerikusia izan dezake anomalia magnetikoaren sorreran, eta, hortaz, Lurreko eremu magnetikoaren inbertsioan.

Kimika

Josu Lopez-Gazpiok dakar aste honetako hausnarketa oso interesgarria, elikagaiei dagokienez. Adi: “Konposatu osasungarri baten kantitate txiki batek ez du elikagai bat osasungarria bihurtzen -esaterako, ardoa ez da osasungarria antioxidatzaileak dituelako- eta, alderantziz, konposatu kaltegarri baten kantitate txiki batek ez du elikagai bat kaltegarria bihurtzen”. Hau da, elikagai baten osagai guztiak hartu behar ditugu kontuan eta haien kalteak eta onurak aztertu. Horren harira, kimikariak barazkien nitratoen kasua dakar. Nitratoak barazkietan daude, nagusiki hosto berdeak dituztenetan, hala nola letxuga eta espinaka. Nitratoak ez dira toxikoak berez baina irentsi eta gero, gorputzeko metabolismoaren ondorioz, nitratoak nitrito bihurtzen dira –nitratoen %5 nitritotan bilakatzen dira hesteetan–. Zer eragiten duten nitritoak hesteetan? Nitritoak odoleko hemoglobinarekin erreakziona dezake. Hemoglobinak oxigenoa garraaitzen du. Bere baitan, lau burdin atomo daude eta horien oxidazio-egoera +2 behar du izan hemoglobinak oxigenoa garraiatu ahal izateko. Alabaina, nitritoak burdina oxidatzen du +3 oxidazio egoerara eta, horrela, metahemoglobina bilakatzen da. Metahemoglobina ez da gai oxigenoa zeluletaraino garraiatzeko. Baina horrek ez du esan nahi barazkiak, bere osotasunean, kaltegarriak direnik.

Teknologia

3D inprimagailu bat erabiliz inprimatu daitekeen etxe oso bat aurkeztu dute. Texaseko (AEB) enpresa batek abiatu du proiektua. Urakanek edo lurrikarek kaltetutako lurraldeetan irtenbidea izan daitekeela iritzi diote, baita salmentarako ere aproposa izan daitekeela esan dute.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.