May-Britt Moser (1963-): Barruko GPSa piztu zuen emakumea

Uxue Razkin

Ezagutzen ez dugun espazioan gaude. Zaila, korapilatsua da inguratzen gaituena, armiarma baten sarean gaudela iruditzen zaigu. Bat-batean, irudia beltzera urtu egiten da. Zerbait ezagutzen ez denean, itsu bihurtzea bezalakoa da. Ez dakigu nora joan, ez dakigu zein bide den aukeratu behar duguna. Pista moduko batzuk behar genituzke, horiek ibilbide zuzena argitu dezaten. Bada, horri guztiari erantzuna emateko gizakiok badugu mekanismo bat.

Gure garunean badaude zelula batzuk gu orientatzeaz arduratzen direnak. Mapa moduko bat sortzen dute gure barruan. Zelulez osatutako posizionamendu sistemak barruko ‘GPS’ moduko baten antzera egiten du lan. Hain zuzen ere, espazioan orientazioa ahalbidetzen duten zelulak aurkitzeagatik eta identifikatzeagatik eman zioten Fisiologia edo Medikuntzako Nobel saria May-Britt Moserri 2014. urtean, bere senarra Edvard I. Moser eta John O’Keefe estatubatuarrarekin partekatu zuena. Aurkikuntza horrek, gainera, azal lezake zergatik alzheimerra duten pazienteek ezin duten euren ingurua antzeman.

1. irudia: May-Britt Moser neurozientzialaria.

Lehenengo urratsak

1971n, John O’Keefek ikusi zuen arratoi bat logelaren puntu jakin batean jarrita, hipokanpoan zeuden zelula batzuk aktibatzen zirela. Halaber, arratoi hori beste toki batzuetan zegoenean, beste mota bateko zelulak aktibatzen zirela argitu zuen. Horrela, O’Keefek “leku-zelula” horiek logela horren mapa bat sortzen zutela ondorioztatu zuen. 2005ean, May-Brittek eta bere senar Edvard I. Moserrek beste zelula mota batzuk identifikatu zituzten: “sareko-zelulak” deiturikoak. Hauek sistema koordinatu bat sortzen zuten eta modu horretan, forma oso zehatz batean espazioan kokatzea ahalbidetzen zuten. Hitz gutxitan azalduta, zelula horiek distantziak kalkulatzen laguntzen diote garunari. Barruko GPS hori, beraz, ‘leku-zelulek’ eta ‘sareko zelulek’ osatzen dute gure garunean, posizionamenduzko sistema bat sortuz, alegia.

O’Keefek eta Moser senar-emazteek Horwitz Saria jaso zuten 2013.urtean, Columbiako Unibertsitatearen eskutik, animaliekin egindako lanarengatik. Izan ere, gauzatutako ikerketek “alzheimerraren eta gaitz neurologikoen kontrako tratamendu berriak gara litzakete”, gaixotasun horiek baitira garuneko ahalmen espazialean eragina izan dezaketenak.

2. irudia: May-Britt Moser neurozientzialaria Medikuntzako Nobel saria jasotzen 2014. urtean. (Argazkia: Pascal Le Segretain/Getty Images)

Psikologiatik neurozientziara

May-Britt Moser Norvegian jaio zen, 1963an. Berak kontatzen duen legez, txikitatik egon da naturarekin harremanetan. Bere gurasoek baserri bat zuten eta ordu asko igarotzen zituzten bertan. Bere aita arotza zen baina bere amarekin batera, animalien zaintzaz arduratzen zen. May-Britt txikiak laster ikusi zuen animaliak gustuko zituela. Are gehiago, bera seme-alaben artean txikiena izanik, denbora asko pasatzen zuen bakarrik eta hain ondo pasatzen zuen, ezen behin barraskiloek belarra jaten dutenean azaleratzen zuten portaera aztertu baitzuen. Bere amak doktore izan nahi zuela esan zionean, berak hori egin nahi zuela erabaki zuen, amak bete ez zuen amets horri heldu nahian. Halere, animaliak gustuko zituenenez, ez zuen alboratzen albaitari izatearen ideia. Azkenean, Psikologia ikasi zuen Osloko Unibertsitatean bere senarrarekin. Zer dela eta hasi zen psikologia ikasten? Hasieratik, garunak atentzioa eman ziolako.

Halere, bide hau hautatu aurretik, geologia eta biologia ikasteko grina piztu zitzaion, baita irakasle izateko nahia ere. Baina garunaren funtzionamenduak erakarri zuen erabat. Bigarren seihilekoan, Terje Sagvoldenen laborategian hasi zen lanean bere senarrarekin. Arratoien hiperaktibitatea ikertzen ari ziren bertako ikertzaileak. Bi urtez, hiperaktibitatean eta arratoien jokabidean sakondu zuen. Euren asmoa, halere, garuna aztertzea zen eta hori egiteko bazekiten beharrezkoa zela Per Andersen taldearekin lan egitea. Arazo bat zuten, ordea: sail horretan zeuden ikertzaileak medikuak ziren eta psikologoak ez zituzten aintzat hartzen eta gainera, ikerketa-taldea betea zegoen.

Azkenean, onartu zituzten graduondoko ikasle gisa. Andersenek hipokanpoan lesio txikiak egiten irakatsi zien, LTPa (Long-term potentiation) bizirik dagoen garunean aztertu nahi baitzuen. Neuronen arteko loturak areagotzen direnean gertatzen da hori. Andersenek iritzi zion errazago izango zela LTPa antzematea aldaketak gerta litezkeen espazioa mugatua egonez gero. Erronka ez zen erraza, psikologoak zirenez, ez zuten garunaren disekziorik egin inoiz, baina azkar ikasi zuten. Egindako lanari esker, Moser senar-emazteek frogatu zuten hipokanpoaren alde dortsalean lesio bat zuten arratoiek ez zutela ikasten baina lesio jakin hori zati bentralean egonez gero, ez zitzaiela ezer gertatzen. Hala, memorian eta ikasketa espazialean eragina zuen zatia hipokanpoaren alde dortsala zela ondorioztatu zuen. Emaitzak The Journal of Neuroscience-n publikatu zituzten. 1995ean, neurofisiologia doktorego tesia defendatu zuen eta Edimburgoko Unibertsitateko doktoretza-ondoko ikasle izan zen. Horren ondotik, Per Andersenek eta Richard Morrisek iradoki zuten John O’Keeferekin batera lan egin behar zutela, Londresko University College deiturikoan; hain zuzen, nerbio-sistemako zelulak ikasteko. Zientzialari gonbidatua izan zen bertan. Hor abiatu zen Nobel Saria helmuga zuen abentura. 1996an, bere senarrarekin batera, Trondheimeko Zientzia eta Teknologiako Unibertsitatera itzuli zen. 2000. urtean, Neurozientzia arloko katedraduna izendatu zuten eta egun, Trondheimeko Zientzia eta Teknologiako Unibertsitatean, Neurona-Konputazio Zentroko zuzendaria da.

Iturriak:

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>