Rita Levi-Montalcini (1909-2012): sasi guztien gainetik

Uxue Razkin
Ez etsi zailtasunen aurrean, onena hortik sortzen da eta” esaldiari men egin zion Rita Levi-Montalcinik bere bizitza guztian zehar. Bereziki bere aitak ikasteko debekua ezarri zioenean. Baina horrek ez zuen geldiarazi, eta kementsu, aurrera jarraitu zuen bere bide zientifikoa eraikitzen. Hala, Medikuntzako Nobel saria eskuratzera iritsi zen neurokirurgian doktoratu zen emakumea. Bada, nolakoa izan zen emakume zientifiko honen bidaia? Hasieratik girotuko dugu historia.
Rita Levi-Moltancini

1. irudia: Rita Levi-Montalcini zientzialaria. 103 urte zituela zendu zen eta azken momentura arte jarraitu zuen lanean. 100 urte bete zuenean honakoa aitortu zuen: “Nire gorputzak nahi duena egiten du, baina ni ez naiz soilik gorpu bat, adimena ere badut eta honek argi dirau”.

Rita Levi-MontalciniTurinen jaio zen 1909an eta sefardi jatorriko familia batean hezi zen. Bere aita, Adamo Levi, ingeniaritza elektrikoan aditua eta matematikari dohatua zen; eta Adele Montalcini, bere ama, berriz, margolaria. “Viktoriar” estiloko giroa antzematen zen etxean; hots, gizonezkoak ziren boterea zeukatenak, eurek hartzen zituzten erabaki guztiak. Eta halaxe etorri zen aitaren agindua, berak ulertzen baitzuen karrera profesional batek emakumearen berezko dituen betebeharrak oztopatzen zituela. Baina Ritak txikitatik argi zeukan: ez zituen amaren pausoak errepikatuko, azken hau aitaren menpe baitzegoen.

Hogei urterekin konturatu zen ez zela emakumeari eskatzen zitzaion molde hori betetzeko gai. Horregatik, ezkontzeari (gizon baten menpe egotearen ideiari, alegia) ezezko borobila eman zion eta modu horretan, bere indarrak ikasketetara bideratu zituen erabat. 1930ean, Turineko Medikuntza Fakultatean eman zuen izena eta notarik altuenarekin (summa cum laude) graduatu zen 1936an, Medikuntza eta Kirurgian. Urte horietan, Guiseppe Levi neurobiologoarekin batera bideratu zituen ikerketa batzuk.

1936.urtean, aldiz, Ritaren ilusioa eta gogoa zapuztuta gelditu ziren. Izan ere, Mussolinik “Manifesto per la Difesa della Razza” dokumentua jakitera eman zuen (hamar zientzialari italiarrek sinatu zuten). Faxismoa indar handia hartzen ari zen une horretan eta inposatutako lege horrek ihes egitera behartu zuen Rita. Epe laburrerako Belgikan egon zen gonbidatu gisa Bruselako neurologiako institutu batean. Turinera bueltatzerako orduan, bi aukera kontuan izan zituen, bere herrialdea pairatzen ari zen egoera ikusita: alde batetik, AEBetara ihes egitea eta bestetik, alemaniarren laguntza eskatzen ez zuen zerbait sortzea. Bigarren aukerari heldu zion eta logela batean laborategi bat eraiki zuen bere ikerketak gauzatu ahal izateko. Horretaz gain, Erresistentzian eta tropa aliatuetan mediku gisa lan egin zuen.

Isilpean zeraman laborategi horretan, Levi-Montalcinik oilasko enbrioien nerbio-zuntzen hazkundea ikertu zuen (gerora etorri ziren ikerketen oinarria izango da hauxe). Horren harira, 1947an Viktor Hamburgerren gonbidapena heldu zitzaion eta bertan, oilasko enbrioiekin egindako ikerketa jarraitzeko aukera eman zion Washingtoneko Unibertsitatean. Beraz, AEBra joan zen eta hantxe NGF-proteina (nerbio-hazkunde faktorea) aurkitu zuen. Erdietsitako emaitzek bere bizitza aldatu zuten erabat.

2. irudia: Rita Levi-Montalcini haren laborategian 1960an, gutxi gorabehera. (Argazkia: Copyright © Becker Medical Library, Washington University School of Medicine. Argazkilari ezezaguna)

2. irudia: Rita Levi-Montalcini haren laborategian 1960an, gutxi gorabehera. (Argazkia: Becker Medical Library, Washington University School of Medicine /
Copyright © / Argazkilari ezezaguna)

Aurkikuntza esanguratsua

Aurretik aipatu moduan, NGF-proteina, hau da, zuntz-nerbioen hazkundearen estimulagailua aurkitu zuten. Urte askotan pentsatu izan da zelula-sarearen formakuntza eta mantentze-lana ahalbideratzen duten aginduak, glandula espezializatuetan eta eraldaketa gertatzen den tokitik urrun gertatzen zirela. Bada, hori ez da aukera bakarra. Izan ere, zelula mota askok sustantzia batzuk sortzen eta askatzen dituzte eta horiek gertu dauden zelulen hazkundean eta garapenean eragina dute. Sistema lokal honi lehenengo aldiz erreparatu zioten Stanley Cohen biokimikariak eta Rita Levi-Montalcini neurologoak. Azken honek ikusi zuen arratoien tumore-zelulak oilasko enbrioietan transplantatzerakoan, hazkunde esanguratsu bat gertatzen zela zuntz-nerbioetan, tumore-zelulak enbrioi-poltsan egon ala ez. Gauzak horrela, Ritak pentsatu zuen tumoreak askatzen zuen sustantziaren bat izango zela hazkunde horren arduraduna. Ideia horri jarraiki, esperimentu batzuk diseinatu zituen eta horien bidez, topatu zuen erruduna zen sustantzia: NGF-proteina. Ugaztunen listuan eta sugeen pozoian ugaria zela ikusi zuten. Horri esker, sustantzia horren kantitate handia lortu zuten bere egitura zehaztu ahal izateko. Ikerketak balio izan zuen ikusteko zelulek ugaltzeko agindua jasotzen dutenean soilik ugaltzen hasten direla (hau guztia hazkunde faktoreen bidez ematen da).

Horri esker lortu zuen Medikuntzako Nobel saria 1986an. Aurkikuntzaz gain, zenbait gaixotasun neurologikoren jakintzan eta tratamenduan, ehunen birsorkuntzaren terapien garapenean eta minbiziaren ikerketan urratsak eman zituen. Oztopoak motibazio bihurtuz iritsi zen Rita Levi-Montalcini puntu gorenera, zientziaren historian lekua eskuratuz.

Iturriak:

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

———————————————————————–

Iruzkin 1

Eman iritzia

Emakume jakintsu horietako bat izan nahi nuke - Zientzia Kaiera

[…] Joliot-Curie, Rita Levi-Montalcini, Selma Lagerlöf, Bertha von Sutnner, Teresa de Calcuta, Wngari Maathai, Irena Sendler, Concha […]

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>