Asteon zientzia begi-bistan #241

Zientzia begi-bistan

Teknologia

Beti izan da gizakiontzat desiragarria pertsonen pentsamenduak irakurtzeko ahalmena izatea. Ildo horri jarraiki, Gorka Azkune EHUko Konputazio Zientzien eta Adimen Artifizialaren saileko irakasleak aurrerapen bat ekarri digu. Columbiako Unibertsitateko ikertzaile batzuek gizakien pentsamenduak irakurri eta hitz bilakatzen dituen teknologia garatu omen dute. Kasu honetan, teknologia hori garatzen adimen artifiziala beharrezkoa izan da. Aurrerapen honek, adibidez, hainbat ate ireki ditzake ahots bidez komunikatu ezin diren pertsonentzat. Ez galdu Azkuneren zutabe interesgarri hau!

Medikuntza

Olga Peñagarikano EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko ikertzaile burua elkarrizketatu dute Berrian. Frantziako, Belgikako eta Alemaniako lau talde koordinatuko ditu 2021 urtera arte, autismoaren kausa neurologikoa identifikatzen saiatzeko ikerketan. ERA-NET Neurom sareak 800.000 euro eman dizkio ikerketa garatu ahal izateko. AEBetan ikasi zuen Peñagarikanok eta hamar urte pasa ditu han autismoaren inguruan lanean. Orain egingo duten ikerketari buruz dio, diziplinarteko taldea izango dela: “Guk portaerak ikertuko ditugu, eta haiei dagozkin neurona zirkuituak modulatzeak duen eragina. Beste talde batek garunaren garapena ikertuko du”. Talde guztiek esperientzia handia dutela gaineratzen du. Azkenik, ikertzaileak dio ez dagoela autismoaren kausa bakarra, baizik eta hainbat. Beraz, euren helburua kausa horiek zehazten joatea izango da.

Kimika

Ziortza Guezuraga kazetariak azaldu digu artikulu interesgarri honetan itsaskien ontziratzerako itsaski hondakinak baliatzea aukera izan daitekeela ekonomia zirkular testuinguruan. Horri buruzko azterketa egin dute eta bertan, bi substantzia mota kontuan hartu dituzte: gelatinak eta kitosanoak. Lehenengoa eskuratzeko, bi metodo erabil daitezke: hidrolisi basikoa eta hidrolisi azidoa. Biak ala biak erabilita lortzen diren gelatina filmak egokiak dira janarien ontziratzean erabiltzeko. Kitosanoa ere bada interesgarria. Izan ere, elikagaiak kontserbatzeko egokia da, gaitasun kelantea du eta biodegradagarria da.

Fisika

Bilboko Zientzia Fakultatearen 50.urtemuga ospatzeko, bost hamarkada hauetan zientziak eta teknologiak gizarteari egindako ekarpen garrantzitsuak plazaratuko dira Zientzia Kaieran eta Cuaderno de Cultura Científica blogetan. Gaurkoan masa-espektrometria teknikari buruz hitz egin dute. Egungo analisi-teknika moldakorrena eta ahaltsuena da; aukera ematen du oso kantitate txikietan dauden konposatuen kontzentrazioa zehazteko, alegia. Gainera, molekula berriak identifikatzen ditu. Baina zeintzuk izan ziren teknika honen hastapenak? Eman ziren lehenengo urratsetan, aipatzekoa da Arthur Jefrreyen lana adibidez, sekzio magnetikoko lehenengo espektrometroak diseinatu baitzituen.

Talboten efektua aurkeztu ziguten joan den astean. Gaurkoan, Youngen esperimentua azaldu digute. Thomas Young fisikaria eta egiptologo britainiarra izan zen. Ur-uhinetan sortzen ziren interferentzia fenomeno berberak behatu zituen argiarekin esperimentatzean eta, beraz, interferentzia uhinen ezaugarria izanik, argiak uhina izan behar zuela ondorioztatu zuen. Bere omenez, egindako esperimentuak bere izena darama. Hori ulertuta, Talboten alfonbra deritzona ulertzeko gai izango gara. Ez galdu!

Astronomia

Esne Bidearen bihurdura neurtu dute zientzialari txinatar eta australiar batzuek. Zefeida izarretara dauden distantziak neurtuz egin dute 3dko mapa. Guztira, 1339 zefeida kokatu dituzte. Gainera, ikusi dute Esne Bidearen gas-diskoa guztiz bat datorrela zefeiden banaketarekin. Elhuyar aldizkarian zehaztasun gehiago topatuko dituzue!

Arkeologia

Neandertalen eta denisovarren aterpe izan zen Denisova haitzuloari (Siberia, Errusia) buruzko ikerketa berriak ezagutarazi dituzte. Haitzulo horretan egin zituzten duela 40 urte lehen indusketak. Berezia dela esan daiteke, izan ere, denisovarrek eta neandertalek denboran kointziditu zuten eta hori argitzen duen ikerketa bat plazaratu dute joan de urtarrilean: emaitzen arabera, gurutzaketa hori modu masiboan eman zela egiaztatu ahal izan dute, egungo Asiako gizakien DNAren analisiari esker. Bi espezie horien gurutzaketatik giza espezie ezezagun bat jaio zela ondorioztatu zuten ikertzaileek. Orain, Nature aldizkarian publikatu duten bi artikuluk hobeto zehaztu dute Denisova haitzuloaren kronologia. Horretarako, puntako teknologiak erabili dituzte.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.