A new hero is born: Masa-espektrometria justiziaren zerbitzura

Zientzia eta Teknologiak 50 urte

Duela urte gutxi, aitona dirudun baten oinordekoen arteko borroka judizialari buruzko albiste bat agertu zen Galiziako zenbait hedabidetan. Alzheimerra diagnostikatu ziotelako lege-gaitasuna galdu eta urtebetera hil zen gizon hura. Eta aitona bere bizitzako azken urteetan zaindu zuen bilobak oinordeko bakarra zela argudiatu zuen, ustez aitonak hil baino 3 urte lehenago bere alde egindako testamentu olografoa (testamentugileak bere kabuz formalizatutako testamentua, eskuz idatzia eta sinatua, lekukorik gabe) aurkeztuz horretarako.

Oinordeko izan zitezkeen gainerako senitartekoek, aldiz, testamentu hori faltsua zela argudiatu zuten, eta zenbait hamarkada lehenago notarioaren aurrean egindako testamentu ofiziala aurkeztu zuten, non aitonak bere aberastasunak denen artean banatzen zituen modu orekatuan. Ez zuten zalantzan jartzen testamentu olografoa nork egin zuen (peritu kaligrafoek berretsi zuten aitonak egina zela), baizik eta noiz egina izan zen. Testamentu olografoa adierazitako datan egina izan zela frogatuz gero, indarrean zegoela eta baliagarria zela esan nahiko zuen, notarioaren aurrean egindakoa baino berriagoa baina aitonak bere gaitasunak galdu baino lehenagokoa zelako.

Deskribaturikoa bezalako kasuak edo antzekoak behin baino gehiagotan gertatzen dira gure gizartean. Formatu elektronikoko gizarte baterantz goazen arren, ondorio indibidual, sozial edota ekonomiko garrantzitsuak dituzten itun edo akordio gehienak eskuz idazten dira, idazteko tresnekin (boligrafoak, adibidez). Horregatik, dokumentuen ikerketa forentseak indarrean jarraitzen du. Adibidez, Finlandiako polizia zientifikoak 2015ean jasotako datuek frogatzen dutenez, ikerketa forentsea erabakigarria izan zen epai irmo batera iristeko, dokumentuekin erlazionatutako kasu judizialen % 40an.

1. irudia: Matilde Corcho-ren amodio-gutuna, lehenengo testamentu olografoa izan zena, 1918an Auzitegi Gorenak emandako epaiaren ostean. (Iturria: Valladolideko Artxibo Historiko Probintziala – SER irrati katearen bidez)

90eko hamarkadaz geroztik, hainbat metodologia analitiko daude dokumentuak datatzeko. Baina hasieratik hasteko, galdera hauei erantzun beharko diegu: Zertan daude oinarrituta dokumentuak datatzeko metodologia gehienak? Nola jakin dezakegu dokumentu bat bertan jartzen duen datan idatzia izan dela? Funtsean, datazio zuzenak egiteko metodologia gehienak denboraren poderioz tintan gertatzen diren aldaketei behatzen saiatzen dira. Pentsa daitekeenez, ez da lan erraza, nazioarteko merkatuan hamaika tinta-mota baitaude. Gainera, boligrafo-marka batean tinta-mota bat baino gehiago erabil daitezke. Adibidez, munduan zeharreko ekoizpen-planta batzuetan eta besteetan edo lote batzuetan eta besteetan tinten konposizioa desberdina izan daiteke, propietate desberdinak dituzten idazteko tresnak merkaturatzeko helburuarekin. Horregatik, osagai desberdinak dituzten ezin konta ahala tinta daude eta ezinezkoa litzateke banan-banan aztertzea. Jarri dugun adibidean, inoiz ez zen jakin zer boligrafo erabili zuen aitonak bere testamentua egiteko, eta are gutxiago zer marka edo lotekoa zen. Arazo horri aurre egiteko, boligrafoetako tintan ohikoa den konposatu-familia baten azterketan oinarritzen dira datazio-metodologia gehienak: disolbatzaile organikoen azterketan. Konposatu horiek eramaile gisa eransten zaizkie koloratzaileei eta erretxinei, eta trazuan gelditzen diren unetik bertatik lurruntzen hasten dira. Badiren arren disolbatzaile gisa ura erabiliz egindako boligrafoak (gel erakoak), idazteko tresna ohikoenetan konposatu organiko hegazkorrak erabiltzen dira disolbatzaile gisa: alkoholak, aldehidoak edo zetonak. Ohikoena 2-fenoxyetanol izenekoa da (tinta likatsua duten boligrafoen % 80 baino gehiagotan erabiltzen da), eta horixe bera da gehien aztertu izan dena portaera zinetikoari dagokionez.

Eta adierazitakoa kontuan hartuta, hauxe galdetu dezakegu: zertarako izan daiteke lagungarria masa-espektrometria dokumentuen datazioan? Zergatik da gaur egunera arte garatu diren datazio-metodologietan gehien erabiltzen denetako bat? Masa-espektrometria teknika nahiko berria da, eta asko erabiltzen da hainbat arlotako analisiak egiteko, hala nola elikagaigintzan, industrian, farmazian edo analisi forentsean. Oso aplikagarria da, besteak beste, konposatu ezezagunak identifikatzeko aukera ematen duelako konposatu horiek espektroen liburutegi batekin alderatuta.

Teknika nahiko sinplea da: masa-espektrometrora (MS) iristen diren molekula organikoak elektroi-kopuru handi batek “bonbardatzen” ditu, potentzial-diferentzia kontrolatu baten pean (70 eV). Elektroi-talka horren eraginez konposatua zatitan apurtzen da eta, potentziala aldatzen ez den bitartean, zatiak beti berdinak dira (2. irudia). Horrela, substantzia puruen zatiketa kontrolatuari esker konposatu organiko askoren espektroen liburutegiak dauzkagu (306 622 konposaturenak 2017ko azken bertsioan), ezezagunak zaizkigun molekulen espektroak haiekin alderatu eta konposatu ezezagunak identifikatu ahal izateko. Datu-basean ez dauden konposatu ezezagunak konposatu puruen espektroekin alderatuta lehenak identifika ditzakegu, konfiantza-ehuneko jakin batekin. Horregatik, masa-espektrometria funtsezko tresna da dokumentuen datazio-metodologien baitan. Eta are gehiago aldez aurretik substantzia organiko hegazkorrak bereizteko teknika bat erabiltzen bada: gas-kromatografia (GC). Beste edozein detektatzaile kimiko unibertsalek bezalaxe, MSari esker jakin dezakegu konposatu baten zer kantitate daukagun analizatutako laginean (nanogramo-mailan) baina, horrez gain, tresna bikaina da konposatu ezezagunak identifikatzeko.

Lehengo adibidera bueltatzen bagara, gas-kromatografia eta masa-espektrometria uztartuta (GC/MS) jakin genezake zenbat disolbatzaile gelditu den testamentu olografoko tinta-trazuetan eta, gainera, jakin genezake ere tintak zer konposatu-mota dituen. Informazio hori guztia oso garrantzitsua da dokumentuak datatzeko garaian: jakin dezakegu aztertutako trazuan ba ote dagoen zinetika aztertuta duen disolbatzaile organikorik eta, bestalde, neurketa kuantitatiboaren bidez jakin dezakegu zer konposatu-kantitate dagoen. Bi datu horiek baliagarriak izan daitezke kalkulatzeko tinta hori noiz erabili zen. Gainera, konposatuak identifikatzeko gaitasun horri esker zeharkako datazioak ere egin daitezke, konposizioan anakronismoak aurkituz gero. Hau da, konposizio komertzialetan oraintsu erabiltzen hasi den konposatu bat identifikatzea lortuko balitz, horrek esan nahiko luke testua ez zutela idatzi lehenago.

2. irudia: 2-fenoxyetanol molekularen masa-espektroa. Berdez, ioi molekularra, eta laranjaz eta urdinez, ioi-zatiak. (Argazkia: Luis Bartolomé)

Gaur egun, datazio-metodoek erreparoak eragiten jarraitzen dute zientzialarien artean eta gizarte zibilean (perituak eta epaileak), haien inguruan arazo eta eragozpen ugari egoten direlako. Hauek dira agertzen diren arazo ohikoenetako batzuk: tintaren euskarri den paperak eragina duela tinten bilakaera zinetikoan bere ezaugarriak direla eta (dentsitatea, konposizioa…), tinta baten adina zehazteko orduan masak garrantzi handia duela (gogoan izan behar da denok ez genukeela tinta-kantitate bera utziko une berean egindako trazu batean), edo dokumentuak kontserbatuta egon diren erak ere eragina duela (ez da gauza bera dokumentu bat idazmahai bateko tiradera batean gordeta egon izatea baldintza kontrolatuetan edo auto baten barruan egon izatea hondartzan). Konponbide konplexua duten arazo horiez gain, badaude ohikoak diren beste arazo batzuk ere: dagoen lagin-kantitatea (batzuetan milimetro eskas batzuk bakarrik egoten dira analizatzeko) edo 2 urte baino gehiagoko dokumentuak datatu ezin izatea, adibidez. Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) aktiboki parte hartu du datazio-metodologia berrien garapenean eta bilakaeran, deskribaturiko arazo horiek minimizatzearren. 2015az geroztik, Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Analitikoa Saileko (FCT/ZTF) ikertzaile-talde batek, Ikerkuntzarako Zerbitzu Orokorrekin (SGIker) batera, DATINK izeneko datazio-metodo berritzailea garatu du. Metodologia horrek masa-espektrometriaren potentzialtasuna eta 2-fenoxyetanol ondoz-ondoko etapetan mikro-erauzteko prozesu bat (3. irudia) eta eredu matematiko original bat konbinatzen ditu, eta haren bidez lortu da datazioa lagin-kantitate txikiago batekin egin (1,2 mm-ko trazu bat nahikoa da) eta 5 urtera arteko laginak aztertu ahal izatea. Gainera, metodo berriak badu beste berrikuntza bat ere orain artekoekin alderatuta: data zehatz bat kalkulatzen du (%20ko errore-tartearekin). Deskribaturiko testamentuaren kasuan, adibidez, hori funtsezkoa izan zen. Zalantzan jartzen zen dokumentua notario aurrean egindako testamentuaren ondoren baina gizona gaixotasunagatik desgaituta gelditu aurretik egin zela frogatu behar zen. Eta pentsatu baduzue aitonak modu orekatuan banatu nahi izan zituela bere aberastasunak oinordekoen artean, esango dizuet oker zabiltzatela.

3. irudia: DATINK metodoaren oinarri diren seinale kromatografikoak. Erauzketa bakoitzean fenoxyetanol-kantitatea txikiagoa da. (Argazkia: Luis Bartolomé)

Beraz, masa-espektrometria da dokumentuen azterketan egoten diren arazoen konponbidea? Heroi bat jaio da? Esango bagenu horrelako tresnei esker ez dela errazagoa arazo analitikoen ebazpenean helburu berriak garatzea eta betetzea, tentelak izango ginateke. Azterketa forentsearen kasuan, masa-espektrometria oinarrizko tresna bihurtu da, dokumentuak datatzeko metodologia berrien garpenean ez ezik, baita beste aplikazio-arlo batzuetan ere. Baina irmotasun osoz esan daiteke ere detekzio-metodo hau ez dela panazea eta ez dela izango gure gaitz guztien konponbidea, non eta ez dugun jartzen ikertzaile berritzaileen eta sortzaileen zerbitzura. Normalean, I+G+b garapenaren ardura detekzio-metodo horien gaitasunen eta haien hobetzeko aukera etengabearen esku uzteko joera izaten dugu ikertzaileok, eta ahaztu egiten zaigu gurea dela ardura eta bi alderdiak modu egokian konbinatuta lortzen direla emaitzarik onenak. Esan beharrik ere ez dago UPV/EHUk eta Zientzia eta Teknologia Fakultateak, ahalmen handiko prestakuntzarako sarearen parte diren aldetik, ardura oso handia izan dutela, dutela eta izaten jarraitu beharko dutela konbinazio horretan etekin maximoa lortzeko.


Egileaz: Luis Bartolomé SGIker zerbitzuko (Ikerkuntzarako Zerbitzu Orokorrak) teknikaria da UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatean.


Hizkuntza-begiralea: Juan Carlos Odriozola


Masa-espektrometriari buruzko artikulu-sorta

  1. Masa-espektrometria (I). Neoi isotopoetatik elefante hegalariengana
  2. A new hero is born: Masa-espektrometria justiziaren zerbitzura.
  3. Nor dago icebergaren alden ezkutuan?
  4. Konposatu galduaren bila
  5. Metabolomika: osotasuna, zatien baturaren aurrean
  6. Esploratu gabe dauden lurraldeak kartografiatzen: masa-espektrometria bidezko irudia
  7. Proteomika: Proteinak eta Masa Espektrometria eskutik helduta

5 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.