Asteon zientzia begi-bistan #246

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Kimika

Haragia kozinatzeko arrazoiak hauek dira: seguruagoa da, errazago mamurtzen eta digeritzen da, eta zapore hobea du. Zaporeari dagokionez, haragi gordinak badu, baina aroma eskasak ditu. Aroma eta zaporea benetan garatzeko aldaketa kimikoak gertatu behar izaten dira eta haragia ez bada berotzen uraren irakite puntutik gora, bere zaporea proteinen eta gantzen deskonposaketaren ondorioz askatutako molekulena izango da. Zer gertatzen da haragia berotzen hasten denean? Ez galdu gertatzen diren erreakzio kimikoen azalpen interesgarria Josu Lopez-Gazpioren eskutik!

Masa-espektometria teknika analitiko ahaltsua da. Hori erabiliz, lagin oso konplexuak analizatu daitezke. Gainera, zehatza, sentikorra eta bizkorra da, eta, horregatik, bereziki erabilgarria da lagin biologikoak analizatzeko. Testuan zehar, teknika batzuk azaltzen dira, hala nola, MALDI –esperimentu bakarrean ehunka biomolekula identifikatzeaz gain, molekula horiek ehunean duten kokalekua ere jakin daiteke– eta IMS teknika, oso erabilgarria dena digestio-sistemaren amaieran dagoen koloneko zelulen heltze prozesua aztertzeko, adibidez. Ezagutu gertutik aipatutako teknikak artikulu honetan.

Astronomia

Nola iritsi zen ura Lurrera? Asteroide eta kometak omen dira Lurreko uraren jatorria hoberen azaltzen dutenak. Juanma Gallegok artikulu honen bidez azaldu digu Kondrito karbonatodun izeneko meteoritoen azterketan abiatuta, asteroideek ura Lurrera ekarri zuteneko teoria berretsi dutela ikertzaileek. Karbono-konposatu asko duten meteorito horiek asteroideetan dute abiapuntu. Adituen arabera, arroka puska horiek material hidratatuak eta molekula organikoak jaso zituzten eguzki-sistema sortu zenean.

Ingurumena

Zortzi urte igaro dira hondamendi nuklearra gertatu zenetik eta oraindik nabarmenak dira ondorioak Fukushima zentralean. Oraindik ez dute eraiste-lanak abiatu oso arriskutsuak direlako; maiatzera arte ez dira hasiko. Zentralaren kanpoan, berriz, 900 tanga daude, erradioaktibitateak kutsatutako mila tona ur baino gehiagorekin. Elhuyar aldizkarian azaldu duten bezala, erradioaktibitatea kezka da oraindik ere.

Nazio Batuen Erakundeak (NBE) ingurumenari buruzko seigarren GEO txostena aurkeztu du. Bertan, klima-aldaketari aurre egiteko abiatu diren politikak aski ez direla salatu dute. Egunotan, Nairobin egiten ari diren bileretan plastikoak sortutako kutsaduran ipini dute arreta; neurri berriak adostu nahi dituzte. Aldaketa klimatikoari dagokionez, Parisen adostutakoa betetzeko, gasen isurketa %40 eta %70 artean murriztu behar da 2050erako; 2070ean ezingo delako gasik isuri. Txostenak, Berrian aipatu dutenez, beste hainbat kezka agertu ditu, hala nola airearen kutsadura, bioaniztasuna, itsasoko ekosistemak, uraren kalitatea eta lurzorua.

Genetika

Edizio genetiko heredagarriak klinikan ez erabiltzeko akordioa eskatu dute zazpi herrialdetako adituek. Horien artean aurkitzen dira, besteak beste, CRISPR edizio-teknika garatu zuten Emmanuelle Charpentier eta Feng Zhang. Oro har, adituen arabera, ez litzateke edizio genetikorik egin beharko espermatozoideetan, obuluetan eta enbrioietan, gutxienez teknika segurua dela frogatu arte.

Iberiar penintsulako azken 8.000 urteetako historia genetikoa azaltzen duen lana argitaratu dute. Hainbat aztarnategitan bildutako 271 iberiarren DNA aztertuta, zehaztu dute zer-nolakoa izan zen urte haietako migrazioek eragindako fluxu genetikoa. Elhuyar aldizkaria azaldu digu Erdialdeko Europatik etorritakoek, erromatarrek eta musulmanek utzi zutela arrasto genetikorik nabarmenena. Horretaz gain, Elhuyar aldizkarian azaldu dute, emaitzek agerian jarri dute euskaldunok penintsulako beste populazioekin ditugun desberdintasun genetikoak azken 2.000 urtekoak besterik ez direla.

Alea.eus-ek ere eman du honen berri. Ikerketa lana Iñigo Olalde gasteiztarrak gidatu du, Harvardeko Unibertsitatean lan egiten duen ikertzaileak. Harrigarriak eta esanguratsuak izan diren emaitzak jaso dituztela dio Olaldek, Brontze Aroaren hasiera aipatzen du tartean: “Kristo aurreko 2500-2000 tartean, Erdialdeko Europatik zetorren jendea iritsi zen penintsulara. Hor bi populazio bereizi ditugu: lokala eta etorri berriak”. Jarraitzen du esanez, denboran aurrera jarraitu ahala, K.a. 2.000. urtetik aurrera aldaketa gertatu zela: “Y kromosoma ia beti kanpotik datorrela ikusi dugu, eta garai horretatik lehenagoko gizonezkoek ez dute apenas oinordetzarik utzi“.

EHUko Biokimika Saileko Nerea Osinalde irakasleak kontatzen du Berrian, 2000. urtearen bueltan, DNA molekula etorkizuneko disko gogorra izan zitekeela proposatu zutela lehenengo aldiz. 2013an, esaterako, DNAn informazioa gorde zitekeela frogatzen zuen lehenengo lana argitaratu zuten. Besteak beste, Shakespeareren sonetoak eta Martin Luther Kingen Amets bat dut diskurtsoa gorde zituzten. Lau urte geroago, 215 petabyte informazio gorde zituzten DNA gramo batean. Azken datuen arabera, DNA milimetro kubiko batean 1 TB gorde daiteke. Aurrerapausoak ematen ari dira arlo honetan. Adibidez, Microsoft informatika konpainiak jada iragarri du 2020tik aurrera datu digital bereziak DNAn gordetzen hasiko dela. Gainera, duela gutxi AEBtako ikerketa talde batek DNA molekula sintetiko berri bat aurkeztu du. Hortaz, DNA etorkizuneko disko gogorra izan daitekeela uste duzue?

Emakumeak zientzian

Maria Goeppert Mayerrek 1963an irabazi zuen Fisikako Nobel saria, diziplina honetan saritu zuten bigarren emakumea izan zen –lehenengoa Marie Curie izan zen–. Bere ikerketek erakutsi zuten atomoaren nukleoa geruzez osatuta dagoela. Halaber, bere ikerketak azaldu zuen zergatik diren egonkorragoak nukleo batzuk besteak baino. Eredu hori garatzeagatik, Tipularen emakumea ezizenaz ezagutzen da Mayer fisikaria.

Medikuntza eta osasuna

Dagoeneko lau hamarkada bete ditu GIBaren kontrako borrokak. Duela gutxi izan genuen Londresko gaixoaren berri, zelula amen txertaketa antzeko teknikari esker, “erremisioan” egon da azken hamasei hilabeteotan, botika erretrobiralak kenduta ere. Badirudi ez dela kasualitatea, honen aurretik beste bat izan zelako: Berlingo gaixoa. GIB birusak kutsaturik zegoen, eta 2007an zelula amen txertaketa batekin sendatu zuten, gaur arte. Halere, zientzialariek ez dute “sendatu” aditza erabili nahi, izan ere, teknikak baditu arazoak edonorentzako tratamendu bihurtzeko. Zergatik da hain zaila birus horren aurka egitea? Berriak arrazoi batzuk eman ditu eta aditu batzuen hausnarketak bildu ditu ere.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.