Astean zehar izandako lo falta ezin da konpentsatu asteburuan

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Loa astean zehar nola banatzen den aztertu dute zientzialariek, eta ondorioztatu dute amarru egiterik ez dagoela: astean zehar lo egin ez duguna ezin dugu asteburuan berreskuratu.

Umeei handitan zer izan nahi duten galdetzen zaienean, ez dugu espero horietako batek “loti” izan nahi duela erantzutea. Hala balitz, seguruenera, alferrontzitzat hartuko genuke. Baina agian hori izango da klaseko ume guztien artean errealitateari gehien hurbilduko dena. Ez da txantxa. Batez bestean, bizitzaren heren bat ematen dugu lotan, baina oraindik hori zergatik egiten dugun ez dugu guztiz ulertzen. Umore puntu batekin, John Allan Hobson psikiatrak zioen loaren funtzio ezagun bakarra dela… logura sendatzea.

1. irudia: Ikertzaileek badakite loak ez diola erantzuten behar bakar bati, hainbat prozesu biologikoren multzo bati baizik. (Argazkia: Lance Anderson / Unsplash)

Aditu hori ez zen txisteak kontatzera mugatu, noski. Benetan loak funtzioren bat ote zuen argitu nahi izan zuen. Ametsei, bederen, ez zien halakorik ikusi. Hobsonek garatu zuen hipotesiaren arabera, ametsen jatorria prozesu honetan datza: enbor entzefalikoan sortzen diren seinale aleatorioei zentzu bat ematen saiatzen da garun-azala eta, horregatik, garunean bilduta dauden irudi eta esperientzien zatiekin osotasun bat gauzatzen saiatzen da. Esan beharrik ez dago, gehienetan handik hona bildutako txatal horiekin zentzuduna den ezer sortzerik ez dago, baina gizakiaren erraietan dago mundua ulertzeko eta ordenatzeko joera. Hortik abiatzen omen dira ametsak. Badirudi, beraz, antzinako gizakiek jainkoak ikusten zituzten eremuetan, edo Freuden jarraitzaileek subkontzientearen desio erreprimituak ikusi nahi dituzten ametsetan, seinale kimikoen anabasa bat ordenatzeko joera besterik ez dagoela.

Ametsei oraindik arrazoirik aurkitu ez bazaie ere, lo egiteko prozesuaren atzean dauden zioak ikertzen jarraitzen dute zientzialariek. Momentuz, adituen artean gehien zabalduta dagoen ustea da loak ez diola behar bakar bati erantzuten, eta bai, berriz, prozesu biologiko multzo bati. Besteak beste, sistema immunologikoaren eta sistema endokrinoaren funtzionamendu egokiari.

Oroimenean ere badira eraginak. Are gehiago, munduaren pertzepziorekiko ere aurkitu da harremanik. Investigación y Ciencia aldizkarian Robert Stickgold psikiatrak azaltzen du berak egindako esperimentu bat: 26 laguneko talde bat hartu zuen; horietatik erdiak ez zuen bezperan lorik egin. Guztiei hitz positiboak, negatiboak eta neutroak erakutsi zizkien, eta handik bi gauera ezustean oroimen proba egin zien. Lo gutxi egin zutenei hitzak gogoratzeko gaitasuna %40 gutxitu zitzaien, baina hitz negatiboen kasuan %20 besterik ez zen gutxitu. Adituak ondorio argia atera zuen: “Emaitza honek aukera lazgarri batera eraman gaitzake: lo egin ezean, gertakari positiboak baino, gertakari negatiboak oroituko ditugu, eguneroko bizitzaren oroimen partziala eta, seguruenena, etsigarria sortuta”.

Sistema endokrinoari dagokionez, Karine Spiegel neurozientzialariak egindako esperimentuetan ikusi da glukosa odoletik erauztea zailagoa izaten dela lo gutxi eginez gero, eta jateko gogoa handitzen dela ere (jangura eragiten duen grelina hormona gehiago baitago odolean, gosea inhibitzen duen leptina hormonaren kopuru txikiagoa dagoen bitartean). Horregatik, lo gutxi egitea pisua irabaztearekin lotu izan da sarri.

Orain beste esperimentu sorta bat gehitu zaio ikerketa lerroari. Boulder-Coloradoko Unibertsitateko (AEB) ikertzaile talde batek loaren banaketari buruzko esperimentua egin du, eta Current Biology aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak.

Lo gutxi egin izanagatik obesitatea edo diabetesa bezalako gaitzak izateko aukerak biderkatzen direla pentsatzeko arrazoi dezente daude. Baina zenbat lo egin behar da? Oraindik ere ez dago oso garbi noraino den arriskutsua gomendatu ohi diren zortzi orduak baino gutxiago edo baino gehiago lo egitea. Bestetik, jakina da XXI. mendean mendebaldeko gizarteetan denbora lan astearen eta asteburuaren artean banatu ohi dela, eta horrek aspaldi jarri zuen mahai gainean beste galdera garrantzitsu bat: astean zehar lo egin ez dena asteburuan berreskuratzeko aukerarik al dago? Galdera horren erantzuna aurkitu nahi izan dute.

2. irudia: Lo gutxi egitean jangura handitu egiten da. Kontua ez da soilik “eskurago” dugula hozkailua: gutxiago lo eginez gero, odolean jangura arautzen duten hormonen kopurua aldatzen da. (Argazkia: Aaron Thomas / Unsplash)

Modu honetan antolatu dute esperimentua: lehenik eta behin, hiru multzotan banatu dituzte ikerketan parte hartu dituzten 36 boluntarioak. Kohorte handiak edo datu epidemiologiko andana erabiltzen duten beste hainbat ikerketarekin alderatuta, lagin txikia dela eman dezake, baina kontuan hartu behar da mota honetako esperimentuetan baldintza ahalik eta kontrolatuenak edukitzen lehenesten dela: 36 lagun hauek bi astez izan dituzte sartuta laborategi batean. Lehen taldekoek bederatzi egunetan bederatzi orduz lo egin ahal izan dute. Bigarren taldekoek bost orduz lo egin dute astean zehar, eta nahi duten adina asteburu osoan zehar. Hirugarren taldeko gizajoek, berriz, eguneko bost urte baino ezin izan dute lo egin esperimentuak iraun duen bitartean.

Gutxiago lo egiten zuten taldeetakoek mokadu gehiago hartu dituzte afariaren ondoren, eta, beraz, pisua irabazi dute. Asteburuan soilik lo asko egin dutenek gutxiago jan dute, baina astean zehar berriro gehiago jateari ekin diote, errebote efektua sortuz. Lehen talde honetan intsulinarekiko sentsibilitatea %27 gutxitu dela neurtu dute.

Intsulina beharrezkoa da elikagaietatik datozen azukreak asimilatzeko. Ezaguna da diabetesaren jatorrian dagoela hormona hau. Batzuetan, pankreak intsulina nahikoa sortzen ez duelako, eta, besteetan, organismoak ez duelako erabiltzen hormona hori modu egokian. Kasu bietan, ondorioa berdina da: glukosa ez da zeluletan sartzen, eta odolean geratzen da.

Erloju zirkadianoan ere ikusi dute eragina. Zentzu horretan, lo orduak asteburuetan berreskuratu dituztenek ondorio negatiboak izan dituzte. Egileek diote ez zutela espero ondorio hau. “Gure emaitzetatik iradoki daitekeenez, hain zabalduta dagoen joera hori ez da osasun estrategia egokia: gau eta egun lan egitea, hain zuzen, eta gero lo falta hori asteburuan konpentsatzen saiatzea”, adierazi dute.

Erreferentzia bibliografikoa

Depner et al., (2019). Ad libitum Weekend Recovery Sleep Fails to Prevent Metabolic Dysregulation during a Repeating Pattern of Insufficient Sleep and Weekend Recovery Sleep. Current Biology, 29 (6), 1–11. DOI: https://doi.org/10.1016/j.cub.2019.01.069


Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.