Lidokaina superheroi-lanetan

Idoia Mutiloa eta Maria Zubiria

Negua gerturatzen den heinean, gero eta gizaki gehiago ikusten dira ondoezik edota gaixorik. Urtero, gizakiarentzat ezagunak diren munstroak ageri dira, hala nola katarroa eta eztarriko mina. Arazorik handiena munstro horiei aurre egitea da, eta, horregatik, horien aurkako borroka errazago irabazteko, superheroi modura erabiltzen da telebistak hainbeste zabaldu duen Strepsils con Lidocaína® (1. irudia).

1. irudia: Lidokaina duten Strepsils pastillak. (Argazkia: – Flickr / Karen Melchior – CC BY-NC-SA 2.0 lizentziapean)

Bizitza etapa ezberdinetan bana daiteke eta lidokaina superheroiaren sorreran ere bi dira gertatzen diren etapak: amidazioa eta ordezkapena [1].

Lehen etapan, hau da, amidazio erreakzioa emateko (2. irudia), bi konposatu nahastu eta hirugarren bat tantaz tanta gehitzen da; dimetilanilina eta azido azetikoa (ozpina) dira nahasten diren bi konposatuak eta kloroazetil kloruroa tantaka gehitzen dena. Erreakzio hori organikoa izanik, giro-tenperaturan gauzatzea zaila da; horregatik, prozesua azkartzeko, giro-tenperaturatik gora egiten da lan.

2. irudia: Amidazio erreakzioan erreakzionatzen duten konposatuak eta erreakzioaren produktua. (Egileak: Idoia Mutiloa eta Maria Zubiria)

Gatza lortzeko, ezinbestekoa da erreakzio horren bidez lortutako produktua hoztea. Hoztutako gatz hori Buchner inbutua eta kitasatoa deritzen tresnen bidez iragazi ondoren (3. irudia) lehenengo etapa amaitutzat ematen da. Gatz hori izango da bigarren etaparen abiapuntua.

Behin produktua lortuta, bigarren erreakzioa hasi aurretik, nahitaez frogatu behar da lortutako produktua intereseko dela; horretarako, produktuaren fusio-puntua (likido/solido aldaketa eragiten duen tenperatura) neurtzen da.

3. irudia: Lehenengo erreakzioko gatza iragazteko behar den materiala: Buchner inbutua eta kitasatoa. (Argazkia: matrazaforado.com-etik hartuta eta egileek moldatuta)

Ondoren, lidokaina sortzeko bigarren etapari ekiten zaio, hau da, ordezkapen-erreakzioari (4. irudia). Etapa honetan, toluenoa eta dietilamina gehitzen zaizkio lehen etapan lortutako gatzari. Produktuak nahastean lortu den disoluzioa, lehenengo etapan bezala, organikoa da; hori dela eta, tenperatura igo behar da. Baina aurreko pausoarekin alderatuta, honetan kristal batzuk agertzen dira. Izan ere, Kimikan oso zaila da lehenengotik nahi den produktu purua sortzea, erreakzioan zehar ezpurutasunak sortzen direlako. Hain zuzen ere, sortu diren kristal horiek ezpurutasunak dira eta lidokaina sintetizatu ahal izateko kanporatu egin behar dira.

4. irudia: Ordezkapen-erreakzioan parte hartzen duten konposatuak eta erreakzioaren produktua: lidokaina. (Egileak: Idoia Mutiloa eta Maria Zubiria)

Ezpurutasunak bota ahal izateko, disoluzioari azido klorhidrikoa gehitzen zaio lidokaina ur disoluzioan gera dadin. Horrek kontraesana dirudi, baina hainbat konposatu organiko azidoekin tratatuz gero, konposatuen izaera organikoa jaitsi eta ur-disoluzioan gera daitezke disolbatuta. Lidokainaren kasuan, hau gertatzen da: intereseko produktua protonatuta, aldatu egiten da bere izaera. Pauso horretan lortzen da ezpurutasun guztiak fase organikoan eta intereseko produktua ur-fasean geratzea Dekantazio-inbutu bat erabiliz (5. irudia), fase organikoa ezabatzen da.

5. irudia: Dekantazio-inbutua. (Argazkia: Wikipedia / PRHaney – CC BY-SA 3.0 lizentziapean)

Jarraian, aurreko pausoaren guztiz kontrakoa egiten da: lidokaina ur-fasetik fase organikora igarotzen da. Horretarako, pentanoa gehitzen da, lidokainak afinitate handiagoa baitu. Horrela, ur-faseko lidokaina guztia edo gehiena fase organikoan geratuko da disolbatuta, produktua protoigabetuta, izaera organikoa berreskuratu egiten delako. Ondoren, disoluzioa sartzen da. Bertan dentsitate-desberdintasun bat dagoenez, fase organikoa inbutuaren goiko aldean geratzen da eta beraz, ur-fasea kanporatzea erraza suertatzen da. Pauso hori behin eta berriro egiten da, lidokaina kopurua ahalik eta handiena izan dadin.

Esperimentua gogobetekoa izan dadin, ahalik eta lidokaina kantitate handiena lortzen saiatu behar da; honek erraza ematen du, baina ez da horrela izaten. Pauso asko egin behar dira lidokaina lortu ahal izateko. Bestalde, disoluzioan konposatu ugari egonik, horrek guztiak produktuaren galera dakar.

Ur-faseko lidokaina guztia fase organikoan dagoenean, fasea dekantazio-inbututik atera eta Erlenmeyer matrazera aldatzen da. Disoluzio organikoan gera daitekeen ura botatzeko, sodio sulfatoa (Na2SO4) gehitzen da. Behin fase organikoa baizik ez dagoela, disoluzioa errotabaporean (6. irudia) jartzen da: horrela eginda, sistemaren presioa asko handitzen da, eta ondorioz, disoluzioaren irakite-puntua asko jaisten da; horrela, pentanoaren lurrunketa errazten da.

6. irudia: Lidokaina lortzeko erabiltzen den errotabaporea. (Argazkia: Wikimedia / Gmhofmann – jabego publikoko irudia)

Prozesu hori amaituta, matrazean geratzen den hautsa lidokaina da. Lehen esan bezala, frogatu egin behar da lortutako produktua interesekoa den; horregatik, fusio-puntuaren azterketa egiten da. Lortzen den emaitza bibliografiarekin bat baldin badator, lidokainaren sorreraren prozesua amaitutzat ematen da.

Jakina da sintetizatutako lidokaina hau ezin dela zuzenean hartu gaixotasunei aurre egiteko. Lidokainaren bidez gaixotasunei aurre egiteko sortu izan dira enpresa handiak. Izan ere, bertan egiten diren kalitate-frogei esker gizakiak kontsumi lezake lidokaina eta horrela, munstroak errazago garai litezke.

Oharrak:

[1] Reilly, Thomas J. (1999). The Preparation of Lidocaine. Journal of Chemical Education , 76(11), 1557. DOI: 10.1021/ed076p1557

———————————————————————————-

Egileez: Idoia Mutiloa eta Maria Zubiria Gipuzkoako Campuseko Kimika Graduko ikasleak dira UPV/EHUn.

Artikulua, Maxux Aranzabe irakasleak Euskararen Arauak eta Erabilerak ikasgaian bultzatutako Laborategietako praktiketan oinarrituta idatzitako zabalkunde-testuak jardueraren harira idatzitako lana da.

———————————————————————————-

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>