Oroimena berreskuratzeko zirrikitua ireki dute

Juanma Gallego

Adinduen artean epe motzeko oroimena berreskuratzeko teknika ez inbaditzailea aurkeztu dute ikertzaileek. Gakoa garuneko eremu desberdinen artean ematen den erritmoen sinkronizazioan omen dago.

Grial Santu ugari daude zientzian. Astrofisikariek materia eta energia iluna zer diren argitu nahiko lukete; fisikariak, aldiz, Newtonen fisika eta mekanika kuantikoa batuko dituen teoriaren atzetik dabiltza. Biziaren zientzien alorrean, berriz, gizakiaren erraietan bete-betean sartuta dagoen itxaropena erdietsi nahi dute: bizirik irautea. Heriotzaren zigorra atzeratzea. Bizitzari urte batzuk lapurtzea.

Biologo eta mediku asko antiaging gisa ezagutzen den alorrean ari dira, zahartze osasungarria helburu. Baina honetan, paradoxa bat dago. Askotan gorputza txukun mantentzen bada ere, zoritxarrez, burua narriatzen da, neuroendekapenaren bat duen lagunen inguruan daudenek ondo dakiten moduan. Maslowen piramidearen azpian dagoen guztia ase egonez gero, zerbait izatekotan, gizakia gogamena da. Zentzu horretan, Stephen Hawking bezalako pertsonaiaren irudia metafora zinez indartsua da: gurpildun aulki bati lotuta egonda ere, pentsamendu soilarekin unibertsoan zehar bidaiatzeko eta ekarpen garrantzitsuak egiteko gai da gizakia.

Horregatik, neurozientzialari askoren nahia da garunean izaten diren prozesuak ahalik eta luzeen osasuntsu mantentzea. Horretarako, baina, ezinbestekoa da oroimena mantentzea: jakina da bizi izan ditugun pasarteetan dagoela askotan gizakiaren arima bera, eta horren galera, momentuz, atzeraezina da.

1. irudia: Zahartzearekin batera, oroimena galtzen du gizakiak, baina galera horren aurkako estrategiak garatzen saiatzen ari dira zientzialariak. (Argazkia: Val Vesa / Unsplash)

Bostongo Unibertsitateko (AEB) zientzialari talde batek galera horri aurre egiteko estrategiak ikertzeari ekin dio, eta hori egiterakoan bereziki garuneko eremuen arteko sinkronizazioan jarri dute arreta. Ez da izan ausazko erabakia, orain arte pilatutako esperientzian oinarritutakoa baizik. Nature Neuroscience aldizkarian eman dute lortutako emaitzen berri.

Orain plazaratu den ikerketa horren arabera, badago zahartzean galdutako memoria berreskuratzeko zirrikitu bat. Zehazki, garuneko azal tenporala eta prefrontala erritmo jakin baten arabera estimulatu dituztenean ikusi dute zahartzeari lotutako oroimen galera berreskura daitekeela.

Zahartzeari lotutako galerak oroimen operatiboan du eragin gehien, hots, eguneko jardunetan erabiltzen den memoria motan, epe motzera begira dagoen horretan. Aurpegiak atzemateko, kalkulu matematikoak egiteko edota inguru berri batean orientatzeko erabiltzen da oroimen hori. Informatikarekin konparazioa egitearren, RAM memoriaren parekoa litzateke.

Informazioa gordetzeko ahalmena, baina, adinarekin pixkanaka narriatzen da. Neurologian dagoen hipotesi batek dio oroimen operatiboa eremu desberdinak batera sinkronizatzean abiatzen dela, baina, zahartzean, eremu hauen arteko sinkronia galtzen dela. Bestetik, zientzialariek badakite helduengan oroimen operatibo hori garuneko alde desberdinetan dauden neuronen arteko hainbat elkarrekintza zehatzi lotuta dagoela.

Prozesuan bi motatako patroiak agertzen direla ikusi dute. Patroi hauek garuneko uhin mota desberdinei lotuta daude:gamma eta theta erritmoei, hain zuzen; garuneko azal prefrontalean eta tenporalean gertatzen dira prozesu hauek. Garunean gertatzen diren aldaketa hauek lan egiteko oroimenarekin zer harreman izan dezaketen argitzeko elektroentzefalografia (EEG) erabili dute, eta garuna estimulatzeko, aldiz, elektrizitate pultsu txikiak eman dizkiete garunean parte-hartzaileei, 25 minutuz. Teknika ez inbaditzaile honi esker, oroimenari lotutako garun elkarrekintza bakoitza modulatu dute.

Probetan 82 lagunek parte hartu dute. Horietatik erdia gazteak izan dira eta beste erdia, edadetuak. 20-29 eta 60-76 izan dira bi talde horietako parte-hartzaileen adina.

2. irudia: Garunaren estimulazioak garunean du eragina. Ezkerrean, 20 urteko gazte baten garun jarduera, oroimen operatiboari lotua. Erdian, 70 urteko lagun batena. Azkenik, eskuinean, 70 urteko lagun baten jarduera, estimulazioa jaso eta gero. (Irudia: Reinhart lab/Boston University)

Lan egiteko oroimenaren beharra duten atazak eman dizkiete parte-hartzaileei, batzuetan estimulazioarekin, eta, besteetan, bere horretan utzi dituzte, batere estimulatu gabe. Ikertzaileek egiaztatu ahal izan dutenez, estimulaziorik gabe egon direnean, adinduak mantsoago eta hainbesteko zehaztasunik gabe aritu dira, gazteagoak diren gainerako helduekin alderatuz. Bestetik, azken hauetan ikusi dute theta eta gamma erritmoen arteko elkarrekintza handitu dela ezkerreko lobulu tenporalean, eta eremu frontotenporaletan theta erritmoen sinkronizazioa handitu direla.

Estimulazioa jaso dutenean, berriz, adinduen oroimen operatiboaren eraginkortasuna handitu da, eta estimulazio sortu eta 50 minutura mantendu da, gainera, lortutako efektua. Horretaz gain, korrelazioa ikusi dute ere theta eta gamma erritmoen arteko sinkronizazioaren eta atazak egiteko gaitasunaren hobekuntzaren artean.

Pozik azaldu dira aurrerapenarekin. “Zahartzeari lotutako aldaketak ez dira aldaezinak. Askoz gazteago zinenean zeneukan oroimen operatiboaren funtzio nagusia bueltatzeko gai izan gara”, laburbildu du Bostongo Unibertsitateko ikertzaile Robert Reinhart-ek. Itxaropenari atera irekitzen bazaio ere, kontuan izan behar da momentuz lortu den hobekuntza une batekoa izan dela. Ordainean, aitortu beharra dago ez dela teknika konplikatua. Hau ez da kontu hutsala, zeren askotan laborategietatik arlo klinikorako bidea oztopoz beteta baitago, eta erabiltzen den teknologia eskuragarria izatea da aterabideak praktikara eramateko ezinbesteko baldintza. Medikuntzan izaten diren aurrerapen guztiekin egin behar den moduan, zuhurtzia eta itxaropena mantendu behar dira. Baina, esan beharrik ez dago, bigarrena izan da gehienetan gizakia aurrera eraman duena.

Erreferentzia bibliografikoa:

Reinhart, Robert M. G., Nguyen, John A. (2019). Working memory revived in older adults by synchronizing rhythmic brain circuits. Nature Neuroscience. DOI: https://doi.org/10.1038/s41593-019-0371-x

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>