Diskalkulia: zenbakiak arazo bihurtzen direnekoa

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Zenbakiekin aritzeko eta, oro har, eragiketa matematikoak egiteko zailtasunak dituzte diskalkulia izeneko asaldura dutenek. Populazioaren % 3-6 ingururi eragiten dion arazo hau goiz hautematea funtsezkoa izan daiteke gaia modu egokian landu ahal izateko.

“Letretakoa naiz” edo “zientzietakoa naiz”. Ikasketei buruzko solasaldietan sarritan entzuten diren esanak dira. Bereizketa faltsua da askotan, eta irakasle fin asko ustezko muga hori apurtzeko lanean ari dira. Izan ere, bai zientziak zein humanitateak gizateriak munduko misterioak argitzeko duen nahiaren erakusle dira, eta zaila litzateke arlo bat bestea gabe ulertzea.

Baina inozoa litzateke ezkutatzea badirela bereziki batean edo bestean hobeto moldatzen diren lagunak. Eta, zenbaitetan, arrazoi indartsuagoak daude joera horien atzean. Horietako bat da diskalkulia izeneko asaldura. Matematika eragiketak egiteko eta, oro har, zenbakiekin aritzeko zailtasun kronikoari deritzo horri. Eta jakina da zientziaren eraikina eraikitzeko adreiluak, gehienetan, zenbakiak direla.

1. irudia: Diskalkulia matematikekin eta, oro har, zenbaki eta magnitudeekin aritzeko zailtasuna da, eta batez ere oinarri biologikoa duela uste da. (Argazkia: Antoine Dautry / Unsplash)

1968an deskribatu zuten, aurrenekoz, ikasketa prozesuan ager daitekeen arazo hori. Batuketak eta kenketak egiteko zailtasunak ez ezik, erlojuari edo egutegiari lotutako arazoak ere agertzen dituzte asaldura honek jota daudenek, eta egoera horretan egon izanagatik arazoak dituzte eguneroko jardueretan, hala nola ikasketetan edo lanean. Modu berean, epe luzera oinarrizko informazio aritmetikoa gordetzeko magnitudeak ulertzeko zailtasunak dituzte. Hori dela eta, matematikak ikastea zailagoa egiten zaie. Dena dela, soilik matematikari lotutako jardueretan nabaritzen da eragina: gainerako jardueretan gaitasun kognitiboa bere horretan mantentzen da.

Hasiera batean eman dezakeena baino zabalduago dago asaldura: populazioaren %3-6 ingururi eragiten diela kalkulatzen da, Jose Ramon Alonso neurozientzialariak Mapping Ignorance blogean azaltzen duenari jarraiki. Nahiko zabalduta dagoen arren, horren gaineko ezagutza txikia dela eta, arreta gutxi eskaintzen omen zaio arazoari. Eskolan, diskalkuliak jota dagoen ume batek diagnosia eta laguntza jasotzeko duen probabilitatea dislexia duen ume batena baino ehun aldiz txikiagoa da, asaldura batek edo besteak jota egoteko probabilitatea berdina izanda ere”, azaldu du Alonsok.

Asaldurak eragiten dituen arazoei dagokienez, ez dira gutxi. Arrakasta akademikoari lotuta dago zenbakiak menderatzeko gaitasuna, eta horrek gainerako bizitzan eragina izan dezake ere, bizi kalitatearen kalterako.

Duela gutxira arte arazoa bizitza osoa nozitu behar zeneko ustea zabalduta zegoen, eta arazoa murrizteko estrategiak erabiltzea besterik ez zegoela. Baina Lars Michels neurologoak duela gutxi egindako ikerketa batek itxaropen berriak piztu ditu. Ohi bezala, esperimentu batean abiatu da ikerketa hori.

Esperimentuan 10 urte inguruko 31 umek parte hartu dute: 15 diskalkuliak jota eta 16 diskalkuliarik gabekoak. Bost astez, astean zehar 15 minutuko entrenamendua izan dute ume guztiek, zenbakien hurrenkera mentala lantzeko beren-beregi prestatuta dagoen Rescue Calcularis izeneko softwarea erabilita. Joko baten moduan eratuta dagoen programa honek 0tik 100era doan marra erakusten du, eta jokalariak erabaki behar du suziri batek non hartu behar duen lurra marra horretan, suzirian agertzen den zenbakiaren edo eragiketa matematiko baten arabera. Guztira 30 maila dituen jolasak zenbakietan trabatzeko diseinatuta dago: huts eginez gero, ariketa errepikatu behar da, aurrera joan nahi bada.

2. irudia: Ikasketa prozesuan zehar ager daitekeen dislexia erraz atzematen bada, ez da berdina gertatzen diskalkuliarekin. Hautemate goiztiarra funtsezkoa da arazoari aurre egiteko. (Argazkia: Pan Xiaozhen / Unsplash)

Emaitzei dagokienez, batetik, ikusi dute diskalkuliak jotako umeek garuneko eremu askoren arteko hiperkonexioak erakusten dituztela zenbakiekin lanean daudenean: eremu frontalean, parietalean, tenporalean eta bisualean, hain zuzen. Ohi baino eremu gehiago jartzen dituzte lanean, beraz.

Bestetik, ikusi dute ere horri aurre egiteko bidea badagoela. Esperimentuan umeak zenbakiekin trebatu dituzte, eta ondoren ikusi dute hobeto moldatu direla zenbakiekin. Paperaren gainean hartutako emaitzak maila neurologikoan ere berretsi dituzte: erresonantzia magnetikoen bitartez egiaztatu dute antzekoak direla arazoa ez duten umeen erresonantziekin alderatuta.

“Gure ikerketaren arabera, zenbakien hurrenkera mentala lantzeko bost asteko trebakuntza izan eta gero, diskalkulia duten umeek onura jasotzen dute zenbakiekiko trebetasunean. Aldi berean, trebakuntzak garunaren plastikotasun funtzionala eragiten du, eta horrek dakar ere garapen arrunta duten umeen aldean normala ez den hiperkonexio horien gutxitzea”, azaldu dute zientzia artikuluan.

Hortaz, ikerketa honek diskalkuliaren atzean dagoen oinarri neurobiologikoari buruzko informazio gehiago eskaini du. Oinarri horien inguruan gutxi ezagutzen den arren, garuneko hainbat eremu lotzen dituen nerbio sistemetan sortzen diren anomaliak tartean daudela uste dute neurologoek.

Ume batek arazo hau ote duen garaiz hautemateko, Alonsok aholku bat luzatu du: “Irakurketarekin egiten dugun modu berean, ez genuke pentsatu behar umearen gaitasun matematikoa garatzea soilik ikastetxearen eta irakasleen ardura denik. Diskalkuliaren diagnosi goiztiarra bereziki garrantzitsua da: matematikaren oinarriak ondo finkatzen ez badira, zailagoa izango da ezagutza gehiago irakastea, eta horrek ezinegonera eramango du ikaslea, matematikarekiko jarrera txarra sustatuz eta, oro har, eskola uxatzera bultzatuz”. Zentzu honetan, eta beste ikasketa asalduretan gertatu ohi den modu berean, ahalik eta azkarren hautematea eta gaiarekin lanean hastea funtsezkoa dela azpimarratu du adituak.

Erreferentzia bibliografikoa

Michels, L., O’Gorman, R., Kucian, K. (2018). Functional hyperconnectivity vanishes in children with developmental dyscalculia after numerical intervention. Developmental Cognitive Neuroscience, 30, 291-303. DOI: 10.1016/j.dcn.2017.03.005


Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

4 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.