Biologia
Ikerketa askok erakutsi dute txakurrek gizakiekin komunikatzeko gaitasun kognitiboak garatu dituztela eboluzionatzen joan diren heinean. Katuen eta gizakien harremanari buruz ez dugu informazio askorik. Halere, jakin badakigu, adibidez, katuak hautespen naturalez etxekotu zirela (txakurrak ez bezala). Ildo horri jarraiki, 2013. urtera arte ez zen ezagutzen ea katuek haien jabearen ahotsa ahots ezezagunetatik bereizteko gai ziren edo ez. Saito eta Shinozuka zientzialariak hori argitzeko asmoz, ikerketa bat abian jarri zuten. Badirudi katuek ez diotela modu aktiboan erantzuten jabearen ahotsari, nahiz eta jabearen ahotsa modu argian bereizteko gai diren.
Tara Oceans espedizio ozeanografikoko zientzialariek munduko ozeanoetako birusen katalogoa berritu dute, orain arte egin den katalogorik osatuena. Juanma Gallego kazetariak azaldu digu guztira 195.738 birus populazio identifikatu ahal izan dituztela. Itsas birusen katalogoa asko handitu dute: 12 aldiz biderkatu dute ezagututako birusen kopurua. Desberdintasun horren aurrean, azalpen bat: sekuentziazio genomikorako teknika berriak erabili ahal izan dituzte. Horretaz gain, ikerlariek ondorioztatu dute Artikoan dagoela birus bioaniztasun gehien.
Paleontologia
Lau hankako balea baten fosila aurkitu dute Perun. Ameriketako zaharrena da eta Indiatik eta Pakistandik kanpo aurkitutako fosilik “osoena” dela azaldu dute adituek. Aurkitutako espezie horretatik etorriko lirateke egun ezagutzen ditugun baleak eta izurdeak. Espeziearen bilakaerari buruzko informazio baliotsua eman dezakeela uste dute adituek. Berrian aurkitu daiteke albistea.
Ekologia
Munduko ibaien lehenengo ebaluazio globala egin du McGill Unibertsitateko eta World Wildlife Fund-eko (WWF) ikertzaile-talde handi batek. Elhuyar aldizkariak eman dizkigu emaitzak: munduko ibai luzeen % 37k baino ez du isuri librea, iturburutik itsasoraino. Gainera, ikertzaileek esan dute presak eta urtegiak direla ibaien jarraitutasuna eta ibaien arteko lotura galtzearen eragile nagusiak.
Psikiatria
Cesar Valcarcel psikiatra elkarrizketatu dute Berrian. Bertan, berretsi du harremana dagoela haurren maila sozioekonomikoaren eta buruko osasunaren artean. Gasteizko Santiago Ospitaleko Haurren eta Nerabeen Ospitaleratze unitateko psikiatra da eta mundu osoko hainbat ikerketa aztertu ditu ondorio horretara heltzeko. Bi hipotesi daudela azaltzen du: “Haur baten familiak zailtasun ekonomikoak dituenean, gizarte bazterkeria bizi duenean, haurrak egoera estresagarriak bizi ditu. Horrek eragina du garatzen ari den garunean, eta arazoak eragiten ditu aurrera begira. Bigarren hipotesiak kontrakoa esaten du. Buruko gaitzak dituzten pertsonak espiral batean sartzen dira, eta horrek gizarte bazterkeriara eramaten ditu”.
Osasuna
Harrigarria bada ere, Euskal Herrian eta munduan, elgorri kasuak ugaritu egin dira, txertaketek behera egin baitute. Urte askotan ez da egon kasurik baina 2017tik aurrera adituek zenbait kasu identifikatu dituzte. Paramixovirus familiako birus batek eragiten du gaixotasuna, eta airearen bidez transmititzen da. Sukarra eta ondoeza izan ohi dira lehen sintomak. Halere, Larruazaleko infekzioa izaten da adierazle nagusia. Berrian informazio gehiago.
Genetika
Koldo Garciak erakargarritasunean parte hartu dezaketen gene-osagaiak azaldu dizkigu honetan. Berriki egin den ikerketa batek, adibidez, aurpegi-erakargarritasunean eragin dezaketen gene-osagaiak aztertu ditu. Garciak dioen moduan, erakargarritasuna ezaugarri konplexua izanda, egokia izan daiteke galdetzea zein heinetan eragiten duten ezaugarri horretan geneek. Aipaturiko lanean ikusi dute geneen eragina aurretik kalkulatu zena baino baxuagoa dela.
Emakumeak zientzian
Oso zaila behar du izan bi Nobel saridunen alaba izatea. Areago familia hori Curietarrak (Pierre eta Marie fisikariak) baldin badira. Jaio zenetik, Irène Joliot-Curieri oso pisutsua egin zitzaion abizena. Halere, bere senarrarekin batera, Kimikako Nobel saria irabazi zuen 1935ean, erradioaktibitate artifiziala aurkitzeagatik. Bakarka zein bere senarraren laguntzaz, lan garrantzitsuak egin zituen erradioaktibitate naturala eta artifizialaren inguruan, elementuen transmutazioan eta fisika nuklearrean, besteak beste.
Sariak
Aurten 25 urte bete dituzte CAF-Elhuyar sariek, eta ekitaldi berezia egin zuten CAFen egoitza nagusian. Aurtengo irabazleak ezagutu nahi badituzu, zoazte artikulura! Saritu dituzten artikulu edo lanen laburpenak ere aurkituko dituzue bertan.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.