Asteon zientzia begi-bistan #259

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Medikuntza

UPV/EHUko eta BioCruceseko ikertzaile batzuek gaixotasun zeliakoa diagnostikatzeko biomarkatzaile berri bat aurkitu dute, glutenik gabeko dieta hartzen duten pertsonekin erabiltzeko aukera emango lukeena. Elhuyar aldizkariak azaltzen digunez, metodo berri honi esker pazienteek ez dute glutenik hartu beharko. Izan ere, zeliakia diagnostikatzeko zailtasunetako bat da pazienteek glutena hartu beharra dutela gaitza endoskopia bidez behar bezala diagnostikatzeko.

Immunoterapia gibel-minbizian ikertzeko sagu eredu bat sortu dute, CRISPR-Cas 9 teknika erabilita. Lujambio laborategiko Marina Ruiz de Galarreta Martínez eta Amaia Lujanbio Goizueta nafarrek gidatu dute ikerketa eta azaldu dute testu honetan zein den immunoterapiaren funtsa. Elhuyar aldizkarian topatu dituzue xehetasunak.

Klima aldaketa

Lur Epelde ikertzailea da Neiker-Tecnalia Nekazaritza, Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundean eta Lurzoruetako Mikroorganismoen Ekologia taldeko partaidea da ere. Berriak egin dion elkarrizketan mikroorganismoen eta klima aldaketaren arteko harremanaz mintzo da: “Mikroorganismoak dira lurzoruak funtzionatzearen arduradunak, eta klima aldaketak funtzionamendu horretan eragingo du”. Horretaz gain, Epeldek aipatzen du ere antibiotikoekiko erresistente bihurtzen ari diren superbakterioen afera.

Paleontologia

Duela 29.000 eta 21.000 urte bitarteko aztarnategietan oso arruntak dira Noailles erako zulakaitzak. Isturitzeko haitzulokoak aztertu dituzte eta goi paleolitoko jostorratzak zirela ondorioztatu dute orain ikertzaileek. Bada, nolakoak ziren? UPV/EHUko Aitor Calvo Martínez de Guereñu ikertzaile eta lanaren egileetako batek azaltzen digu Elhuyar aldizkarian: “Uste dugu Isturitzeko kobazuloko Noailles zulakaitzak animalien larrua zulatzeko erabili zirela nagusiki”.

Biologia

Dallol basamortuan mikroorganismoak aurkitu dituzte, mineralez osatutako kapsuletan sartuta. Etiopiako Afar eskualdean dago kokatuta eta Planetako eskualde muturrenetakoa da. Hiru plaka teknotikok bat egiten dute bertan, eta horregatik bertako lurrazala oso mehea da, zorua gatzez beterik dago eta azpian magma beroa dago. Berriki egiaztatu dute nanobakterioak direla. Juanma Gallego kazetariak eman digu honen berri. Ez galdu!

Kimika

Artikulu honek hasieratik planteatzen digu honako galdera: zein da iturriko ura biguna edo gogorra izatearen desberdintasuna? Gogortasun horretan parte hartzen dutenak kaltzioa eta magnesioa dira. Kaltzio karbonatoari karea deitzen zaio eta hortxe dago uraren gogortasunaren eta karearen arteko harremana, hau da, kaltzioaren kontzentrazioa handia bada, karearena ere handia izango da, eta ur hori gogorra izango da. Hortaz, kaltzio eta magnesio kantitateen baturak karearen kantitatea emango du.

Matematika

Detektibeak hatz-marken bila ibiltzen dira pertsonak identifikatu ahal izateko artikuluan irakur daitekeenez. FBI 1924an hasi zen hatz-markak hartzen. Horren ondotik, digitalizazioari ekin zioten; hori egiteko hazbete bakoitzeko 500 puntuko irudia aukeratu zuten, 8 byteko kolore grisen eskalan. Estatu Batuetako zenbait unibertsitate eta gobernu-agentziatako ikertzaile elkarlanean aritu ziren hatz-marken irudien konpresiora egokitutako algoritmo on baten bila. Uhinxkak erabilita asmatu zuten FBIren beharretarako WSQ (Wavelet Scalar Quantization) konpresio-sistema.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.