Ozeanoetako ur-lasterrek eramanda arrainen larbek jitoan egiten duten ibilbidea kalkulatu dute zientzialariek, ordenagailu bidezko simulazio baten bitartez. Ondorioztatu dute mundu osoko arrantzategiek sare erraldoia osatzen dutela, eta elkarrekiko dependentzia handia dutela.
“Zaila da irudikatzea arriskutsuagoa den auzoteri bat”. Horrela deskribatu zuen behin Carl Safina ekologoak lehen egunetan arrainen arrautzek eta larbek aurrean duten erronka. Milioika dira, baina gutxi batzuk baino ez dira bizirik iraungo lehen hilabeteetan, eta are gutxiagoak izango dira heldutasunera iritsiko direnak. “Arrain handiak arrain txikia jaten du” esanak laburbiltzen duen moduan, harrapakariez betetako ingurunea da itsasoa. Jaiotzear direnek zein jaio berri direnek ezinbesteko rola betetzen dute kate trofikoan, beste animalien janari bihurtuta.
Heldutasunera iristen direnak ere kate trofiko handiago baten parte dira. Kasu honetan, gizakiak egindako arrantzarenenak. Ez da kontu hutsala. Historikoki, zenbait komunitatek itsasoarekiko dependentzia handia izan dute, eta oraindik hala da herrialde askotan. Horregatik, eta bioaniztasunaren ikerketa hutsetik harago, arrantzan eskuratzen diren baliabideak ikertzeak garrantzia handia du arlo ekonomikoan ere.
Dena dela, eta ekonomia aipatuta, jakina da itsasoak ez duela mugarik. Ez muga fisikorik bederen. Baina baditu bai muga administratiboak. 1982ko Itsasoaren Legeak zehazten du horiek nolakoak diren –araudi horretan guztiz zehaztuta geratu ez ziren hainbat kontuk etengabeko eztabaida diplomatikoak eragin dituzte, baina hori beste egun baterako gaia da–. Lege horrek jasotzen du itsasoen “tartaren” banaketak nolakoa izan behar duen: hasierako 12 itsas miliak (19,2 km) estatu bakoitzaren jurisdikziopeko urak dira, baina, horrez gain, ekonomia-eremu esklusibotzat hartzen dira lehen 200 miliak (384 km). Bertako baliabideak, “bizidunak” zein “ez bizidunak”, estatu bakoitzaren jabetza dira. Lege horretako 118. artikuluak dio estatuak elkarlanean aritu behar direla bertako bizidunak babesteko, baina agerikoa da baliabide horien kudeaketan ari direnek gutxitan erreparatzen diotela artikulu horri.
Beste arazo bat da, aurrekoan aipatu bezala, itsasoak ez duela ulertzen mugei buruz. Eta hau are nabarmenagoa da larbei buruz ari garenean, ur-lasterren arabera jitoan doazelako, leku batetik bestera. Euren jurisdikziopeko eremuan dauden “baliabide bizidunen” kudeaketa estatuen esku dagoen arren, bizidun horiek non sortu diren beste kontu bat da.
Hortaz, komeni da jakitea harreman hori nolako den. Orain arte mundu mailan egoera horren estimaziorik ez da egon, baina hutsune hori beteta dago orain. Science aldizkarian argitaratutako ikerketa batean kalkulatu dute, aurrenekoz, herrialde bakoitzaren arrantzategiek alboko herrialdeetan dauden arrainaren ugalketa eremuekin duten lotura zein den. Atera duten ondorio nagusia da lotura handia dagoela mundu osoko arrantza eremuen artean, eta dependentzia hori dirutan jartzen ausartu dira ere: urtero 10.000 milioi dolarreko balioa duten arrainak “atzerrian” sortu dira, hau da, harrapatutako arrain horiek beste estatu batenak diren uretan sortu direla.
Munduan egiten den arrantza gehiena (%90) estatu bakoitzaren mugetan egiten da, hau da, kostaldetik 200 itsas miliara, baina itsasoan dauden ur-lasterrek larbak eramaten dituzte beraiekin batera. Jakina denez, larba egoeran daudenean arrainek ez dute igeri egiteko ahalmenik, eta jitoan doaz.
Ordenagailu bidezko simulazioa egin dute larba hauen jarraipena egiteko. Modu honetan, aukera izan dute irudikatzeko herrialdeen arteko mugetan arrain larbek egiten duten ibilbidea, eta mapa batean zehazteko modua izan dute. Satelite bidez eskuratutako datuak, itsasontzien amarratzeak, ekosistemen behaketak eta arrantza harrapaketen erregistroak bildu dituzte ordenagailu bidezko eredu hori osatzeko. Horrela irudikatu ahal izan dute nola ur-lasterrek 700 arrain espezie baino gehiagoren larbak eramaten dituzten.
Egileek nabarmendu dutenez, mundu osoan zehar larbek egiten duten mugimendua estimatu duen lehenengo lana da hau, eta arrantzaren kudeaketan perspektiba berri batetik ikusteko bidea emango duelakoan daude, elkarren arteko dependentzia handia duten guneak zehazten dituelako. Adierazi dutenez, datu hauek berresten dute beharrezkoa dela nazioarte mailako lankidetza arrantza kudeatzerakoan. Norabide horretan, espero dute ikerketa baliagarria izatea arrantza kudeaketan ari diren arduradunek haien zereginak hobetzeko.
Egin dituzten estimazioen arabera, urtero 114 estatutan gutxienez 1.000 tona arrantza beste estatuen uretan sortzen direla gertatzen da. Errusia eta Hego Korearen kasuan, milioi tonara igotzen da kopurua. “Munduko arrantzategiak nola elkar konektatzen diren erakusten duen mapa dugu orain eskura; ehunka milioi lagunek baliabide horrekiko dependentzia dute, eta baliabide hori kontserbatzeko nazioarteko elkarlana non sustatu behar den azaldu dugu mapan”, azaldu du Delawareko Unibertsitateko (AEB) aditu Kimberly Oremusek.
Teknika sorta
Ikerketa diziplina arteko lanari esker burutu dela esan du artikuluaren nagusi Nandini Rameshek. Izan ere, ordenagailu bidezko simulazioan oinarritu diren arren, ozeanografia, itsas biologia eta ekonomia kontuan hartu dituzte. “Sistema honek nola funtzionatzen duen ikusi ahal izateko arrainen errunaldian dauden patroiak ikusi behar izan ditugu, espezie desberdinetako bizi zikloak, ozeanoetako ur-lasterrak eta baita ur-laster hauek nola aldatzen diren urtaroen arabera”, argudiatu du Kaliforniako Berkeley Unibertsitateko (AEB) adituak.
Ikusi ahal izan dutenez, ozeanoetako eremuak elkar konektatuta daude, “munduko sare txikia” izendatu duten fenomenoari esker. Ohartarazi dutenez, eremu batean izandako mehatxuek gainerako eremuetan izan dezake eragina, ur-jauzi efektu baten bitartez. Ondorioztatu dute bereziki tropikoetan dagoela larben mugimenduarekiko kalteberatasun gehien. “Arrantzategiak gaizki kudeatuta edo arrain-haztegiak gaiki babestuta badaude, horrek eragina izan lezake munduaren beste muturrean dauden lagunen elikadura segurtasunean”, ohartarazi du James Rising ikertzaileak.
Emaitzak ikusita, edalontzia erdi hustuta ikusi dute, baina baita erdi beteta. Edo, –ikertzaileek erabili duten metafora erabilita–, bi ahoko ezpata baten moduko egoera dagoela diote. “Batetik, honek esan nahi du arrantzategi baten kudeaketa txar batek hainbat herrialdetan zehar zabalduko den eragin negatiboa izan dezakeela. Beste alde batetik, hainbat herrialderen artean egindako kudeaketa edo kontserbazio ahaleginak eremu jakin batzuetara bidera daitezke, herrialde horien onurarako”, proposatu du Rameshek.
Erreferentzia biliografikoa
Nandini Ramesh et al., (2019). The small world of global marine fisheries: The cross-boundary consequences of larval dispersal. Science, 364(6446), 1192-1196. DOI: 10.1126/science.aav3409
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.