Krisi klimatikoari erantzuna ematerakoan mikroorganismoek duten garrantzia kontuan hartzeko deia egin du zientzialari talde batek. Aditu taldeak ohartarazi duenez, gaiari buruzko eztabaidan mikrobioak alde batera uzteak ondorio garrantzitsuak izan ditzake.
Mikrobiologoek aspalditik dakite, eta mikrobiologo ez direnak ere pixkanaka ari dira konturatzen mikrokosmosaren garrantziaz: ia gai gehienetan, mikroorganismoak transbertsalak dira, eta argi dago bereziki ingurumenari zein osasunari lotutako arloetan oraindik asko dagoela heiei buruz ikasteko.
Baina, antza, horiek ez dira behar bezala kontuan hartzen ari klima aldaketari buruzko zientzia ikerketetan, eta hori krisi klimatikoari aurre egiteko oztopo izan daiteke. Hala uste du bederen ikertzaile talde batek; agiri batean jaso dute haien kezka. Hegoaldeko Gales Berriko Unibertsitateko (Australia) ikertzaile Ricardo Cavicchiolik hartu du ekimenaren gidaritza. Berarekin batera, bederatzi herrialdetako beste 32 mikrobiologok sinatu dute agiria. Deia luzatu diete mundu osoko mikrobiologoei agiriarekin bat egin dezaten.
Bioaniztasunaren “gehiengo ikusezintzat” jo dituzte, eta bizidun ñimiño horiek kontutan hartzeko eskatu dute. Zientzialarien ohartarazpena gizateriari: mikroorganismoak eta klima aldaketa izena eman diote adierazpen honi, eta Nature Reviews Microbiology aldizkarian zabaldu dute. Zientzian egin behar den moduan, ez dira mugatu manifestu bat sinatzera, eta argudioak jarri dituzte mahai gainean, bibliografia sendo batez babestuta.
“Modu sinple batean esanda, mikrobioen mundua biosferaren bizitzarako euskarri sistema da”, laburbildu dute artikuluan. Adituek argudiatu dutenez, goiko mailako bizidun guztiek mikroorganismoen beharra dute. Gainera, mikrobioak leku guztietan daude: bai organismo handiak dauden lekuetan zein horiek ez dauden inguruenetan, lurraren azpian edo muturreko inguruetan. Duela 3.800 milioi urtetik Lurrean daude, eta etorkizunean beste iraungipen masibo bat dagoenean ere, seguruenera bizirik aterako direla aipatu dute.
Dena dela, eta klima aldaketan garrantzi handia duten arren, gaiari buruzko ikerketetan “gutxitan” kontuan hartuak direla diote adituek, eta ez dira ere kontuan hartzen klima aldaketa arintzeko politiketan. Nabarmendu dutenez, bi norabidetako harremana da. Batetik, mikroorganismoek klima aldaketan eragina dute, eta, bestetik, klima aldaketak mikroorganismoetan ere eragiten du. Bereziki bigarren norabide hori aztertu gabe dagoela diote.
Adibide zehatz ugari jarri dituzte. Itsas inguruneei dagokienez, ozeanoetako biomasaren %90 osatzen dute mikrobioek. Bertan garrantzia berezia du fitoplanktonak: fotosintesia egiten du, eta atmosferako karbono dioxidoa xurgatzen du. Modu berean, itsasoko kate trofikoaren oinarria da. Fotosintesiaren bitartez munduan egiten den CO2 finkapenaren erdia fitoplanktonak egiten du, eta oxigenoaren erdia ere sortzen du. Hori guztia, munduko landare biomasaren %1 baino ez izanda. Hala izanik ere, fitoplanktonak azkar erantzuten die klimaren bariazioei.
Oso garrantzitsua izan arren, zientzia-artikuluan ohartarazi dute gaur egun zientziak ez dakiela ziur fitoplanktonaren kopurua handitzen ala txikitzen ari ote den. “Horrek handitzen du ikertzeko beharra: epe luzerako datuak eskuratu behar dira, bai fitoplanktonaren ekoizpenari zein mikrobio komunitateei buruzkoak”. Era berean, itsas hondoetan metanoa kontsumitzen eta isurtzen duten mikrobioen ekarpenari buruzko datu gutxi dagoela ohartarazi dute.
Itsasoan, uraren tenperaturaren arabera banatzen dira itsas komunitateak, estratifikazio baten bidez. Mikroorganismoak ozeanoetako sare trofikoen oinarria dira, eta, beraz, karbonoen eta nutrienteen ziklo globalen oinarria ere badira. Aurrean aipatu bezala, hau egiten dute bereziki karbonoaren eta nitrogenoaren finkapena egiten dutelako, baina baita ere materia organikoa deskonposatzen eta oinarrizko elementu kimikoetara bueltatzen dituztelako.
Lurrean ere, gasen igorle
Lur eremuetan, berriz, negutegi efektuko gasak isurtzen dituztela gogoratu dute: karbono dioxidoa, metanoa eta oxido nitrosoa. Eta, giza jardunaren ondorioz abereak asko ugaritu direlako, bereziki hausnarkarien hesteetan bizi diren mikroorganismoak kontuan hartu behar dira. Ezin izan dute ahaztu, noski, patogenoen arazoa, eta berotze globalak horien hedapenean duen eragina, azken faktore hau zientzia ikerketetan dezente jorratuta dagoen arren.
Egin duten deialdiaren bitartez, harreman horiei buruzko kontzientziazioa handitzea espero dute. Mikroorganismoak “kontserbazioari bideratutako webguneetan ikusten ez diren bizidunak” direla adierazi du Cavicchiolik, kexu. Mikrokosmosa ez bada modu egokian kontuan hartzen, egiten ari diren eredu klimatikoak ez direla zuzenak izango argudiatu du, eta horrek “zehaztasun gabeko aurreikuspenak” ekar litzake. Izan ere, uncertain hitza sarri errepikatzen da artikuluan, arloz arlo gaiari buruzko gaur egungo ezagutzaren errepasoa egin dutenean.
Besteak beste, eskatu dute teknologia berritzaileak erabiltzen dituzten ikerketak sustatzeko, eta gaiari buruzko hezkuntza hobetzeko. Modu horretan, Cavicchioliren hitzetan, “pertsonek gaitasun handiagoa izango dute mikrobiologiari buruzko gaiekin konpromisoa erakusteko, eta baita mikrobioen garrantzia eta gaiak dituen adarrak ulertzeko ere”.
Erreferentzia bibliografikoa
Cavicchioli Ricardo et al., (2019). Scientists’ warning to humanity: microorganisms and climate change. Nature Reviews Microbiology. DOI: https://doi.org/10.1038/s41579-019-0222-5
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.