Ez dugu zalantzan jartzen 50 urte hauetan zehar Zientzia eta Teknologia Fakultatea osatzen (eta bizitzen) duten langileek jarduera ugari egin dituztela Fakultatean garatzen diren ekitaldiak eta gertatzen diren berriak zabaltzeko eta jakinarazteko. Horrela, ahalegin hauen guztien hauen zati bat behintzat etorkizuneko ikasleek Fakultatearekiko duten harrera onean islatzen da.
Fakultatea gizarteari hurbiltzeko egiten diren jardueren artean Olinpiada Zientifikoak ditugu. Olinpiadak, Fakultatean ikasi dezaketen Batxilergoko ikasleen artean, hainbat diziplina zientifikori buruzko jakin-nahia pizteko asmoz antolatzen dira.
Gure lankide (eta oraindik lagun) diren matematikariek aurten beraien tradizio handiko LV Olinpiada egiten duten bitartean, Euskal Autonomi Erkidegoko Biologiako Olinpiadak XII. edizioa betetzen du aurten. Fakultatearen L. urteurrenaz baliatuz, guk uste dugu une egokia izan dezakegula hausnarketa txiki bat egiteko gure jatorriari buruz, egin den ibilbideari buruz eta gutxienez etorkizun hurbil batean izango ditugun erronkei buruz.
2007-2008. ikasturtean eta garaiko dekanoa zen Ester Dominguezen proposamenari esker, Alberto Vicario, Isabel Smith eta Manu Soto irakasleek lehendabiziko Euskal Autonomi Erkidegoko Biologiako Olinpiada antolatu zuten Euskal Herriko Unibertsitatean. Esan beharra dago aurreko ikasturtean Nafarroako Unibertsitateak antolatu zuela Euskal Autonomia Erkidegoko zein Nafarroako Erkidegoko Biologiako Olinpiada bateratua. Hala ere, 2007-2008 ikasturteaz geroztik Euskal Autonomi Erkidegoko eta Nafarroako Biologiako Olinpiadak beregain funtzionatu dute eta Erkidegoari dagokionez Zientzia eta Teknologia Fakultatean antolatu izan da betidanik. Ez gaitu beraz ustekabean harrapatu behar Olinpiada garai horretan abian jarri behar horrek. Izan ere, Goi Mailako Europar Hezkuntza baterako konbergentziak bultzatuta, zientzia esperimentalen inguruko gogoeta sakon bat egitera behartuta geunden, beren indarrak eta ziurgabetasunak agerian uzteko.
Biologiako Olinpiadak hiru helburu nagusi dituztela esan dezakegu:
- batetik, Biozientziek erakarritako ikasleen maila ebaluatzea;
- bestetik, Batxilergoko irakaslegoa erakartzea iritzien elkartruke bultzatuz eta hobetzerako ekintzak garatuz;
- azkenik, parte hartzen duten ikasleen beraien estimulazioa bultzatzea Biozientzien garapenean, beraien aurrerapen eta zabalkundea sustatuz.
Gainera, gehienentzat, Fakultatearekin izango duten lehenengo harremana izango da Olinpiadetan parte hartzea eta bide batez Fakultatera gerturatzeko baliagarria gertatuko zaie, “bolizko dorrea” delako hori alde batera utzita.
Egitura
Olinpiadaren probaren egitura gutxi aldatu da edizio guztietan zehar. Abiapuntu gisa Nazio Mailako Faseak erakusten duen egitura geureganatuz, bi ariketetan banatzen dugu proba hau. Alde batetik, teoria mailako ariketa bat dago, eta bertan aukera anitzeko galdera sorta bat dago biologiaren atal desberdinei buruz galdetzen delarik. Horrela, parte-hartzaileek teoria mailan eskuratutako ezagutzak ebaluatuko dira. Ondoren, teoria mailako proba teorikoan emaitza onenak eskuratu dituzten parte-hartzaileek praktika mailako bigarren ariketa bat egin beharko dute. Ariketa hau askoz bideratuago dago lortutako ezagueren aplikazioetara.
Biologiako Olinpiada, Zientzia eta Teknologia Fakultatetik haratago eramateko esfortzu eta konpromisoa hartuta, UPV/EHUk, Zientzia eta Teknologia Fakultateak eta Zubia-Santillana argitaletxeak “Olinpiada de Biologia: preguntas y respuestas” liburua plazaratu zuten 2010. urtean.
Zenbait datu
Biologiako Olinpiadak izan dituen 12 edizio hauetan, hiru eskualdeetako 40 ikastetxe baino gehiagotik etorritako 450 ikasle baino gehiagok hartu dute parte.
Bizkaia da Euskal Herrian biztanle gehien duen eskualdea, eta gainera, gure Fakultatea Bizkaian dago, Leioan alegia. Hori guztia dela eta, ulergarria da eskualde honetakoa izatea parte-hartzaileen %69a.
Gipuzkoako ikastetxeak parte-hartzaileen % 18a dira eta Arabako ikastetxeak % 13. Zientzia eta teknologiaren arloa nagusiki gizonezkoen parte hartzearekin lotuta egon da historian zehar, baina egoera hau ez da Biologia Olinpiadan gertatzen, bertan emakumeak ia parte-hartzaileen %60a baitira. Azkenik, ezin dugu ahaztu euskararen garrantzia Biologiako Olinpiadetan.
Izan ere, lehenengo urteetan, %30ekoa izan zen proba euskaraz egiten zuten parte-hartzaileen portzentajea. Azkeneko bi urteotan (2018 eta 2019) aldiz, %48koa izan da proba euskaraz egin duten parte-hartzaileen portzentajea.
Eta hemendik aurrera zer?
12 urteko esperientzia jarduera baten egonkortasun eta finkatzearen seinale izan daitekeen arren, etorkizun hurbilean gainditu behar ditugun erronka eta ziurgabetasun ugari daude. 2020. urtean, besteak beste Biologia Olinpiadetako Fase Nazionalaren antolakuntza UPV/EHUren ardura pean egongo da. Espero da 60 ikasle eta horrenbeste irakasle eta ordezkari bertaratzea. Ideia-trukerako aukera paregabea baina baita erantzukizun handiko erronka bat ere. Bestalde, Olinpiaden parte-hartzaile kopurua nahiko egonkor mantendu da azken urteotan eta, horrek proiektuaren harrera ona adierazten duen arren, bestetik, nolabaiteko geldialdiaren seinale ere izan liteke, azkenean jarduera honen inguruko interes-galera eta/edo motibazio-gabezia egon litekeelako tartean. Bizkaitik kanpoko ikastetxeen portzentaje txikia ere hausnarketara bultzatu behar gaituen beste gai bat da.
Egileez: Ana Puente eta Beñat Zaldibar UPV/EHUko Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia saileko kideak dira eta Sergio Seoane Landare Biologia eta Ekologia Saileko kidea.