Artikoko eremu urrunetara iritsi dira ere mikroplastikoak

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Europako zein Artikoko elurrean zenbat mikroplastiko pilatuta dagoen aztertu dute zientzialariek, eta gizakiak ia jorratu ez dituen eremu hotzetan ere halako partikula ñimiño ugari badaudela ikusi dute.

Konkistatzaile berri bat dabil leku batetik bestera, baina isilpean egiten du bere lana. Plastikoari buruz ari gara. Gaur egun, barra-barra zabalduta dago material artifizial hori mundu osoan zehar. Aitortu beharra dago plastikoaren erabilerak abantaila handiak ekarri dizkiola gizateriari, baina oraingoan ere txanponaren beste aldera ere begiratu beharra dago.

Naturan zabalduta dagoenean, denboran zehar izaten den narriaduraren poderioz, apurtu egiten da, eta gero eta txikiagoa egiten da plastikoa. Hasiera batean horrek abantaila eman badezake ere, egiatan bestelakoa da egoera. Hamabost urte inguru besterik ez dira igaro plastikoaren eragina itsasoan ikertzen zebilen Richard Thompson itsas biologoak Alan Weisman dibulgatzaileari ohartarazpen hau egin zionetik: gero eta txikiago bihurtzean, orduan eta arazo handiagoak ekarriko ditu naturan zabalduta dagoen plastikoak. “Hauts bihurtzen denean, zooplanktonak ere irentsiko ditu”, esan zion.

1. irudia: Artikoan hartu dituzten laginetan mikroplastikoak aurkitu dituzte. ‘Polarstern’ itsasontzi ozeanografikoaren helikopteroa baliatu dute eremu urrunetara iristeko. (Argazkia: Mine Tekman /Alfred-Wegener-Institutua)

Zooplanktonak ez ezik, guk ere irensten dugula badakigu orain. Are gehiago, dagoeneko ohitu garela dirudi, eta onartutzat ematen dugu duela gutxira arte irudi ezinak ziren lekuetan plastikoa aurkitzea. Itsasora eta lur eremuko ekosistemetara ez ezik, gure gorputzera ere iritsi da plastikoa, oraindik horren eragina zein izan daitekeen oso argi ez dugun arren.

Pixkanaka materialaren zabalpenaren ebidentziak pilatu egiten dira, eta ikerketa berriek erakusten dute norainokoa den zabalpen hori. Azkena Alfred Wegener institutuko ikertzaileek aurkeztu dute, Science Advances aldizkarian argitaratutako artikulu batean. Bertan erakutsi dute mikroplastikoz osatutako partikulak ere Artikora iritsi direla.

Aspalditik demostratu da itsasoko ur-lasterrek plastikoa garraiatzeko ahalmena dutela, baina azken urteetan ere gero eta argiago dago airearen bitartez ere mugitzen dela kutsadura hori, eta haize lasterrek munduan zehar barreiatzen dutela (plastikoa ez da garraiatzen den bakarra: Euskal Herrian demostratu dute Pirinioetara iristen direla trafikoak sorraraziko partikula metalikoak).

Kasu honetan, Groenlandiako ekialdean kokatuta dagoen Fram itsasartean eta Svalbard uhartedian hartutako izotzak aztertu dituzte, urteen poderioz pilatutako elurra aztertzeko, baina Alpeetan eta Europako hainbat hiritan hartutako laginak ere aztertu dituzte, azken hauek erreferentzia modura edukitzeko. Azterketa hauen bitartez, eremu hauetako airean zenbat plastiko dagoen kuantifikatu nahi izan dute.

Hasiera batean airea iragazi nahi zuten, baina hori egin ahal izateko denbora asko behar da. Horregatik elurrean jarri dute arreta, elurrak ere mikroplastikoak jasotzen eta lurrera eramaten dituelakoan. Leku hauetan guztietan laginak hartzean, azaleko geruzetara mugatu dira, prezipitazio berriek ekarritako plastikoa aztertu nahi zutelako. Laginak analizatzeko, berriz, espektroskopia infragorriaren teknika baliatu dute. Teknika horrek aukera ematen du laginen osaketa zein den jakiteko.

Urtutako elur litro bakoitzeko 154.000 partikula arteko kopuruak neurtu dituzte Europan. Artikoan ere aurkitu dituzte, kopuru askoz txikiagotan, noski; baina, halere, emaitzak oso esanguratsuak izan dira: 14.400 partikula arteko kopurua neurtu dute. Alabaina, horiek goiko baloreak direla kontuan izan behar da, lagin zehatz batean aurkitutakoak. Batez bestean, Artikoan, litroko 1.800 partikula inguru daudela kalkulatu dute.

Institutuaren prentsa ohar ofizialean bertan 14.400 zenbakia eman duten arren, zientzia artikuluan egileek aitortzen dute kopuru hori lagin zehatz batean aurkitu dutela. Are gehiago, eta bertan eskaini dituzten emaitzen tauletan egiazta daitekeenez, lagin gehienetako kopuruak askoz txikiagoak dira: jitoan doazen izotzetan hartutako bederatzi puntuetan dauden emaitzak, esaterako, argigarriak dira: 124, 0, 20, 602, 218, 230, 88, 186 eta 14.400 partikula litro bakoitzeko (batez bestean, beraz 1.763 partikula). Hortaz, eta arazoari garrantzia kendu gabe, aitortu beharra dago emaitzak zabaltzerakoan askotan muturreko datuetara jotzeko joera dagoela, seguruenera hedabideetan eta erakundeetan ikusgarritasuna lortu aldera. Arazoa larriagoa da zientzia institutuek beraiek egiten dutenean: hori, noski, ez da batere lagungarria zientziaren sinesgarritasuna indartzeko.

2. irudia: Europarekin alderatuz, Artikoan aurkitutako mikropartikulen kopurua askoz txikiagoa da; baina, halere, esanguratsua da. Batez bestean, Artikoan urtutako elur litro bakoitzeko 1.800 partikula atzeman dituzte. Irudietan daude horietako batzuk. (Argazkia: Science Advances)

Aurkitu dutenari dagokionez, kautxua, polietilenoa, berniza edota poliamida izan dira konposatuetako batzuk. Partikula horietatik, %80 inguruk 25 mikra edo gutxiagoko neurria zuten, eta ikusi dute ere gero eta txikiago izanda, partikula horien kopurua orduan eta handiagoa izan dela. Horregatik, atzeman ezin diren partikulak badaudelako susmoa dute. Izan ere, zientzialariek erabili duten teknologiaren bitartez 11 mikra baino beheragoko partikularik ezin izan dituzte atzeman.

Horregatik, karbonoaren edo metanoaren zikloaz hitz egiten den modu berean, “plastikoaren ziklo” bati buruz hitz egiten hasi beharko ginatekeela proposatu dute adituek. Mikroplastikoen arazoari buruzko “ikuspegi holistiko” bat garatzeko beharra nabarmendu du Gunnar Gerdts zientzialariak. “Arazo globala da, eta iturriak eta hobiak ulertu nahi baditugu, beste hainbat diziplinarekin eta zientzialariarekin elkartu beharra dugu, irudi osoa eskuratu aldera, eta benetan arriskutsua den edo ez ebatzi aldera”.

Kanadan ere aurkitu dituzte

Alfred Wegner Institutuak gidatutako ikerketa honetan beren-beregi mikroplastikoen bila joan badira ere, partikula txikiak beste hainbat laginetan agertzen ere hasiak dira. Hau izan da uda honetan egin duten espedizio baten kasua.

Kasu honetan, Kanadako Artikoan eskuratu dituzte laginak, zehazki Ipar-mendebaldeko Pasaian. Bertan klima aldaketak izan duen eragina aztertu nahi izan dute zientzialariek. 18 puntutan zulatu dute izotza, Resolute izeneko herritik gertu, eta hasierako emaitzak ikustean ezustekoa izan dute, printzipioz planktona aztertzea zutelako helburu, baina bertan ere plastikoa aurkitu dutelako.

Lagin horietatik bost mikroskopio bitartez aztertzean plastikozko mikropartikulak aurkitu dituzte. Kasu honetan, izotzak iragazi baten modura funtzionatu du, ozeanoetako ura izotzaren poroetatik igarotzen baita, eta izotz kristaletan planktona biltzen da; orain ikusi dutenez, plastikoa ere bertan jasota geratzen da. Momentuz ez dute argitu zer motako plastikok diren, oraindik zientzia artikulurik ez baitute idatzi, baina horien jatorria zein den eta ingurumenean izan dezaketen eragina ikertuko dutela aurreratu dute.

Erreferentzia bibliografikoa

Bergmann, Melanie et al., (2019). White and wonderful? Microplastics prevail in snow from the Alps to the Arctic. Science Advances, 5 (8), eaax1157. DOI: 10.1126/sciadv.aax1157


Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.