Moda lasterraren ingurumen prezioa

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Munduko kutsadura globalaren % 10 modaren industriari egotz dakioke. Eta bi arrazoirengatik du hain eragin handia modaren industriak. Alde batetik, hornidura kate luze eta konplexua du; nekazaritzarekin (landare zuntzak) edo fabrikazio petrokimikoarekin (zuntz sintetikoak) hasten da, manufakturarekin jarraitzen du eta, logistikatik igaro ondoren, txikizkako salmentarekin amaitzen da. Eta, bestalde, azken urteotan sektoreak hazkunde izugarria izan du, fast fashion («moda lasterra») deritzonaren agerpena ondorioz; fast food esamoldearen analogiaz deritzogu hala mota horretako modari.

moda lasterra
Irudia: Kostu txikiek are gehiago handitzen dute gehiago erosteko eta artikuluak gutxiagotan erabiltzeko fenomenoa, moda lasterraren eredua erraztuz. AEBn, batez besteko kontsumitzaileak 5,5 egunean behin erosten du arropa eta Europan, pertsona bakoitzak duela 10 urte baino arropa berri gehiago erosten du: 13 eta 16 kg artean Danimarkan, Suedian, Norvegian eta Finlandian, 14,5 kg Italian, 16,7 kg Alemanian eta 26,7 kg Erresuma Batuan. (Argazkia: Andreas Lischka – erabilera publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Moda-sektorearen ingurumen inpaktua lau osagai hauen bidez gertatzen da: kontsumitzen den ura, erabiltzen (eta botatzen) diren materialak, ondorio kaltegarriak izan ditzaketen produktu kimikoen erabilera eta deuseztapena, eta energia gastua. Ikus ditzagun industria honek dituen efektuen neurria irudikatzeko datu batzuk.

Modaren industriak 1.700 milioi tona CO2 baino gehiago sortzen du urtero, hau da, gas horren emisio guztien % 10 inguru. Ur kontsumoari dagokionez, sektore hau bigarren tokian dago: 1.500 milioi metro kubiko ur inguru kontsumitzen du; uraren kutsadura industrialaren % 20 modaren industriari dagokio, ehunak tratatzeko eta tindatzeko jardueren ondorioz. Ozeanoetan metatzen den mikroplastikoaren herena baino pixka bat gehiago modaren industriari dagokio: urtean 190.000 tona, hain zuzen. Eta urtean 92.000 tonatik gora ehun hondakin sortzen du (saltzea lortzen ez den arropa barne hartuta), eta horietako asko zabortegietara iristen dira azkenean edo erraustu egiten dira.

Azken mende erdiari erreparatzen badiogu, arropa ekoizpenak, gutxi gorabehera 2000. urtera arte, populazioaren gorakadarekin batera egin zuen gora. Baina, 2000. urtetik igarotako hogei urteetan, ehungintza biztanleria baino gehiago hazi da. Izan ere, 1975etik 2018ra bitartean, pertsona bakoitzeko ekoizpena 6 kg-tik 13 kg-ra igo da; bestela esanda, bikoiztu baino gehiago egin da. Uste da mota horretako modaren eskaria urtean % 2 handitzen dela gaur egun.

Izan ere, industriak kontsumitzaileei produktu berriak lehen baino askoz merkeago eta maizago eskaintzeko gaitasuna du, eta horrexegatik gertatzen da, hain zuzen, hazkunde hori. Ekoizle nagusiek saltoki txikien bidezko banaketan oinarritutako konpainia tradizionalen lekua hartu dute, eta onuragarri atera zaie euren produktuak Internet bidez merkaturatzea. Ondorioz, marka arrakastatsuek moda lasterraren fenomenoa hasi aurretik (hots, 2000. urtea baino lehen) merkaturatzen zituzten bildumen bikoitza merkaturatzen dute gaur egun.

Ekoizpenaren eraginkortasunak izugarri egin du gora, eta, kontsumoa igo egin den arren, pertsona bakoitzak arropan egindako gastuak nabarmen egin du behera guztizko gastuaren barnean Europan: erosketa saskiaren % 30 zen aurreko mendeko 50eko hamarkadan; % 12, berriz, 2009an; eta % 5, azkenik, 2020an. Eta murrizketa horrek arropa gehiago erostea errazten du, maizago erosten baita. Estatu Batuetan, gaur egun, 5,5 egunean behin erosten da arropa pieza bat. Eta Europan, bestalde, erabilera denbora % 36 murriztu da azken hamabost urteotan.

Modaren industriak kostuak eta entrega denborak gutxitzera bideratu ditu bere ahaleginak, hori baita, hain zuzen ere, sektorearen erakargarritasunaren eta arrakastaren funtsezko elementuetako bat, baina kaltegarria gizadirentzat.

Erreferentzia bibliografikoa:

Niinimäki, K., Peters, G., Dahlbo, H. et al. (2020). The environmental price of fast fashion. Nature Reviews Earth & Environment, 1, 189–200. DOI: https://doi.org/10.1038/s43017-020-0039-9


Egileaz:

Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.