Asteon zientzia begi-bistan #314

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Osasuna

Jakina denez, koronabirusak eragindako krisi honi aurre egiteko garrantzitsua da testak egitea, birusa nork duen jakiteko bide bakarra delako. Erreportaje honetan, laborategietako lana ikusteko aukera dugu: nolakoa den jarduna, zenbat test egiten dituzten egunero, zenbateko lan zama duten osasun-langileek, etab. Ez galdu!

COVID-19a detektatzeko teknika azkar bat garatu du Yaleko Unibertsitateak: pazientearen listu-lagin batetik analisia egin ahal izateko prozedura. Egun, SARS-CoV-2 birusa atzemateko kotoi-zotzen bidez jaso ohi dira laginak baina prozesu hau nahiko desatsegina da. Xehetasun gehiago, Elhuyar aldizkarian topatuko dituzue.

COVID-19aren inguruan errepaso bat eman nahi? Zer dakigu orain arte gaixotasun honi buruz? Lasai, Koldo Garcia itzuli da eta artikulu honen bidez, 5 puntutan laburbildu du birusari buruz orain arte dakiguna.

PCR teknikaren nondik norakoak ere azaldu dizkigu Koldok honetan.

Horretaz gain, Hego Euskal Herriko datuak bildu ditu eta bizi dugun egoeraren erradiografia egin du. Argi dagoena zera da: COVID-19a ez dela gripe bat.

Emakumeak zientzian

Nagore Martinez Merino Jarduera Fisiko eta Kirolaren Zientzietako ikertzailea da eta bere tesiari buruz mintzatu da honetan: ikerketa espetxe barruan egin nahi zuen, emakumeekin. “Bai kirola, bai kartzela, biak dira oso androzentrikoak, eta horri nolabait aurre egiteko gogoa nuen”, dio. Ikerketan, frogatu zuen kirola praktikatzen zutenek onurak nabaritzen zituztela: psikologikoak, sozialak eta fisikoak.

Psikologia

Badago loturarik musika ikastearen eta gaitasun kognitiboaren artean? Ikerketa batzuek harremana aurkitu dute baina beste batzuek ez. Lotura aurkitu dutenek ikusi dute oro har musika ikasteak adimena indartzen duela. Zehazki, batzuek diote epe laburreko oroimena hobetzen laguntzen duela. Orain, hori zalantzan jartzen duen ikerketa bat argitaratu dute. Atera duten ondorio nagusia da musika ikasteak ez dakarrela gaitasun kognitiboen hobetzea.

Astrofisika

Inoizko grabitate uhinik handiena atzeman dute, bi zulo beltzen fusioaren lorratza dela adierazi dute zientzialariek. Ikertzaileek azaldu duten moduan, 2015ean atzeman zituzten estreinakoz uhin horiek. Aurkikuntzak galdera berri asko ekarri dituela onartu dute. Xehetasun gehiago Berrian dituzue irakurgai.

Geofisika

Noiz hasi ziren Lurraren magnetismoari buruz ikertzen eta nola hedatu ziren ikerketa eta teoria horiek? Historian zehar, mendez mende, egin diren ikerketa eta horiek bultzatu dituzten ikertzaileak eta aurkikuntzak irakurtzeko aukera duzue testu honetan: magnetismo fosilizatua, kontinenteen jitoaren teoria,… ez galdu!

Ingurumena

Munduko kutsadura globalaren % 10 moda-sektoreari dagokio. Industria horren ingurumen inpaktua lau osagaien bidez gertatzen da: kontsumitzen den ura, erabiltzen diren materialak, produktu kimikoen erabilera eta deuseztapena, eta energia gastua. Modaren industriak duen eragin handiaz eta moda lasterra fenomenoari buruz irakurtzeko aukera duzue hemen.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.