Nola lehortu behar dira eskuak?

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Eskuak ondo garbitzea geure higienearen ezinbesteko atala da eta, eskuak garbitzeko azken etapa ere behar den bezala egitea behar-beharrezkoa da: eskuak lehortzea, hain zuzen ere. Zientziak deskribatu ote ditu eskuak lehortzeko metodoak? Bada, bai, eta ondo deskribatu, gainera. Duela gutxi, Lorna K. P. Suen ikertzaileak eta haren lankideek Scientific Reports aldizkarian eskuak lehortzeko sei metodo desberdin deskribatu dituzte eta bakterioak murrizteko duten eraginkortasuna zehaztu dute. Ikus dezagun.

1. irudia: Eskuak lehortzeko gailuak ikertu dira eskuak lehortzeko tekniken artean. (Argazkia: Hans Braxmeier – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Suen eta bere lankideek Hong Kongen egindako lan esperimentalean, esan bezala, eskuak garbitu ondoren lehortzeko sei metodo deskribatu dituzte: norberaren arroparekin lehortzea, paperezko toalla bat erabiliz lehortzea, bi toalla erabiliz lehortzea, eskuak mugitu gabe aire epelezko lehorgailua erabiltzea, eskuak igurtziz aire epelezko lehorgailua erabiltzea eta jet edo txorro motako esku-lehorgailua erabiltzea -eskuak barrurantz sartzen diren potentzia handiko lehorgailu horietakoa, alegia-.

Ikerketaren muina honakoa da: ondo lehortzen ez diren eskuekin probableagoa da mikroorganismoak transmititzea guztiz lehorrak dauden eskuekin baino. Hortik abiatuta, eskuak modu eraginkorrean lehortzeko metodoak bilatzea ezinbestekoa da -ospitaletan segurtasun neurriak hartzeko, adibidez-. Oro har, Suen eta bere lankideek aurkezten duten berrikuspen bibliografikoan ez dira desberdintasun nabarmenak aipatzen eskuak lehortzeko metodo desberdinen artean. Alabaina, eskuak lehortzeko teknika bakoitzak eraginkortasun aldakorra du bere helburua betetzerakoan. Esaterako, aire beroko lehorgailuek 45 segundo behar izaten dituzte eskuetako hezetasuna %3ra murrizteko -hain zuzen, eskuak ondo lehortzeko metodorik motelenak dira–.

Zalantzak argitzeko, ikertzaileek Serratia marcescens erabili zuten markatzaile moduan, alegia, mikroorganismo patogenoek izan ditzaketen joerak aztertzeko aipatutako bakterio ez-patogenoak erabili zituzten. Bakterio horiek hazi ostean, 30 boluntarioz baliatu ziren lehortze metodo desberdinak probatzeko. Jakina, sei metodoak estandarizatu egin zituzten, hots, zehatz-mehatz deskribatu zuten eskuak nola eta zenbat denboraz garbitu behar ziren, gero konparaketa egokiak egin ahal izateko.

Ikerketaren ostean ikusi zenez, jet edo txorro motako esku-lehorgailuak eskuetako bakterioak kentzeko metodorik eraginkorrena zen eta okerrena, aldiz, eskuak arroparekin lehortzea. Hain zuzen ere, bakterioek erraz biziraun dezakete arropan lau orduz -baina, baita 24 ordu ere zenbait kasutan-. Oro har, aipatutako esku-lehorgailuekin 27,4 segundo behar dira eskuak guztiz lehortzeko eta aire-lehorgailu arruntekin boluntarioek 20 segundo inguru egoten ziren eskuak lehortzen. Azken horien kasuan, 20 segundo ez dira nahikoak hezetasuna ondo kentzeko -45 bat segundo behar direla jotzen da- eta, hortaz, eskuen lehortzea ez da egokia. Ondorioz, mikroorganismoak kutsatzeko aukerak handitu egiten dira.

Suen eta bere lankideen hitzetan, egindako ikerketak frogatzen du aire epeleko lehorgailuen kasuan beharrezkoa da eskuak guztiz lehortu direla ziurtatzea. Alabaina -eta azken puntu hau garrantzitsua da-, txorro motako lehorgailuak norberaren mikroorganismoak kentzeko oso eraginkorrak badira ere, duela bost urte egindako ikerketa batek lehorgailu horien eraginkortasuna zalantzan jar dezake. Hain zuzen ere, lehorgailu bortitz horiek ur tantak oso urrutira metro batera iritsi daitezke zabaltzen dituzte eta kutsadura gurutzatua gertatzeko aukerak handitzen dituzte.

Horrekin lotuta, Best eta bere lankideek 2014an ikerketa bat argitaratu zuten eskuak lehortzeko metodo desberdinek ingurunean zuten eragina aztertzeko -eta ez norberaren eskuaren mikroorganismo murrizketa-. Kasu horretan, emaitzak aurrez pentsa zitekeena baieztatu zuten: txorro motako lehorgailuek tantak asko sakabanatzen dituzte, aire epel edo beroko lehorgailuek gutxiago eta paperezko toallek oso gutxi -hain justu, norberarentzat eraginkorrena dena ingurukoentzat okerrena da-. Ikertzaileen kalkuluen arabera, txorro motako lehorgailuak hogeita sei aldiz bakterio gehiago zabaltzen ditu aerosolizazio bidez airezko lehorgailu arrunt batek baino.

Horrexegatik, airea erabiltzen duten lehorgailuak ez dira gomendatzen osasunarekin lotutako eraikinetan; izan ere, mikroorganismo gehiago zabal daitezke airearen bidez. Edozein kasutan, oso zaila den oreka bilatzea da gakoa: norbera garbitu, ingurua kutsatu gabe. Momentuz ez dago erantzun magikorik, baina, lasai, zientziak aurrera jarraitzen du eta.

Erreferentzia bibliografikoa

Suen, L. K. P., Lung, V. Y. T., Boost, M. V., Au-Yeung, C. H. eta Siu, G. K. H. (2019). Microbiological evaluation of different hand drying methods for removing bacteria from washed hands. Scientific Reports, 9. DOI: 10.1038/s41598-019-50239-4


Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.

3 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.