Asteon zientzia begi-bistan #272

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Astrofisika

Orain arte ezagutzen ez ziren beste hogei ilargi aurkitu dituzte Saturnoren inguruan. Emaitzak hauek jakinda, Saturnok Jupiterreri irabazi egin dio: ilargi gehien dituen eguzki-sistemako planeta bilakatu da. Astronomoek azaldu dute ez zirela planetarekin batera sortu; grabitazio-eremuak gerora harrapatutako gorputzak dira, eta eguzki-sistemaren sorrerari buruzko informazio interesgarria ematen dute. Elhuyar aldizkariak eman dizkigu xehetasunak.

Mikrobiologia

Eskuak lehortzeko metodo batzuk eta bakterioak murrizteko duten eraginkortasuna zehaztu omen dute Lorna K. P. Suen ikertzaileak eta bere lankideek. Josu Lopez-Gazpiok artikulu honen bitartez eman digu horren berri. Kontuz! Ondo lehortu behar dira eskuak! Izan ere, ondo lehortzen ez diren eskuekin probableagoa da mikroorganismoak transmititzea. Sei metodo deskribatu dituzte guztira, horien artean aipatzen dira, eskuak arroparekin lehortzea eta txorro motako esku-lehorgailuak erabiltzea. Badakizu zein de metodorik eraginkorrena eta zein okerrena? Erantzuna jakiteko, irakurri testua osorik!

Fisika

Berrian irakur daiteke historikoa izan daitekeen gertaera bat: Googlek zabaldu duenez, bere ordenagailu kuantiko bat lehen aldiz nagusitu zaio munduko konputagailu klasikorik indartsuenari. Zer dute, baina, “superordenagailu” hauek? Prozesagailu klasikoekin alderatuta (hauek bitarrak dira), kuantikoek beste modu batera funtzionatzen dute, artikuluan azaltzen digutenez: “Qubit edo bit kuantikoetan kodetzen dute informazioa, eta qubit bat egoera batean baino gehiagotan egon daiteke aldi berean”.

Klima larrialdia

Zientzialari talde batek, AEBtako Stanfordeko Unibertsitatearen gidaritzapean, planeta osoaren mapa interaktibo bat osatu eta horretan islatu dute naturak munduko eremu bakoitzean gizakiek zenbateko onura jasotzen duten naturak ekosistemen egonkortasunari egiten dion ekarpenari esker. Halaber, klima larrialdia dela eta, identifikatu dituzte zeintzuk diren naturaren ekarpena galtzeko arrisku handiena duten eremuak. Emaitzak ez dira itxaropentsuak: 5.500 milioi herritar egon daitezke arriskuan 2050 urterako.

Osasuna

Eltxoak dira artikulu honen muina. Timothy Winegard historialariaren The Mosquito: A Human History of Our Deadliest Predator liburuan agertzen diren zenbait istorio azaltzen ditu, denak gizakiaren eta eltxoen harreman estua islatuz. Adibidez, oso interesgarria da nazien inguruan irakur daitekeen testua. Badirudi naziek ikertu nahi zutela eltxoen erabilera belikoa, Hirugarren Reicheko etsaien aurka gerra kimiko eta bakteriologiko baten elementu gisa. Ez galdu artikulu interesgarri hau, halako istorio gehiago topatuko dituzu eta!

Biologia

Zientzialari talde batek proposatu du baldintzapen klasikoaren bidetik amebak portaera berriak ikasteko gai direla, estimuluen asoziazioan oinarrituta. Ikertzaileek proposatu dute gainera zelulak gai direla migrazio zelularrari lotutako portaera hauek ikasteko eta denbora luzean gogoan mantentzeko (45 minutuz mantentzeko gai dira).

Ingeniaritza

Hiri-hondakin solidoen (HHSn) kudeaketa kezka izaten ari da azken urteotan. Hori dela eta, artikulu honetan horren inguruko ikerketa-lan baten berri ematen da. Bertan, Arabako Gorbeialdeko Hondakinen Partzuergoak kudeatzen dituen hiri-hondakin solidoen (HHSen) errefusa frakzioa karakterizatzeko proposaturiko metodologia eta lorturiko emaitza nagusiak jaso dira. 2035rako HHSen %65a birziklatu, ontzien %75a birziklatu, eta hondakin guztien hondakindegiko ezabatzea %10eko gehienekora murriztu beharko dira.

Nobel sariak

Urtero lez, iritsi da zientzako Nobel saridunak ezagutzeko eguna. Lehenik eta behin, azpimarratzekoa da saridunen artean ez dagoela emakumerik (Ana Galarragak hitz egin digu honen inguruan, Berrian). Medikuntza arloari dagokionez, zelulak oxigeno-erabilgarritasunari nola egokitzen diren argitu dutenentzat izan da Nobela. William G. Kaelin, Sir Peter J. Ratcliffe eta Gregg L. Semenzak jasoko dute saria medikuntza molekularraren arloan egindako lanagatik. Xehetasun gehiago: Berrian eta Elhuyar aldizkarian.

Bestalde, Fisikakoa dugu. James Peebles, Michel Mayor eta Didier Queloz astrofisikariak izan dira saridunak, unibertsoaren eboluzioa ulertzeko ekarpenak egin dituzten ikertzaileak, alegia. Sariaren erdia Peeblesentzat izango da, fisika kosmologikoaren arloan unibertsoaren eboluzioa ulertzeko egindako aurkikuntzengatik; eta beste erdia, Michel Mayor eta Didier Quelozentzat, Eguzkiaren antzeko izar baten inguruan orbitatzen duen lehen planeta aurkitzeagatik. Xehetasun gehiago: Berrian eta Elhuyar aldizkarian.

Azkenik, 2019ko Kimikako Nobel saria Stanley Whittingham, John Goodenough eta Akira Yoshino ikertzaileek jasoko dute, litio-ioizko bateriak garatzeagatik. Nobel Fundazioak adierazi duenez, hiru ikertzaileok ekarpen handia egin diote gizarteari: “Mundu birkargagarri” bat sortu dute. Xehetasun gehiago: Berrian eta Elhuyar aldizkarian.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.