Asteon zientzia begi-bistan #268

Uxue Razkin

Astrofisika

Ura detektatu dute exoplaneta habitagarri baten atmosferan, K2-18 b planetaren atmosferan, alegia. Elhuyar aldizkariak jakinarazi duenez, exoplanetaren diametroa Lurrarena baino bi aldiz handiagoa da, eta zortzi aldiz masa handiagoa du. Horrez gain, hidrogenoa eta helioa ere badaude, eta uste dute litekeena dela metanoa eta nitrogenoa ere egotea.

Berrian ere irakur daiteke exoplanetaren inguruan. Zientzialarien arabera, izarreraino duen distantzia dela eta, planeta eremu habitagarrian dago. Adituek uste dute James Webb teleskopioarekin exoplaneta gehiagotan ere aurkituko dutela ura.

Mikrobiologia

Zergatik ez erabili aitzakia gisa sukaldeko trapu bat zientzian murgiltzeko? Josu Lopez-Gazpiok azaltzen digunez, sukaldeko trapuek misterioak gordetzen dituzte. Hainbat ikerketek erakutsi dutenez, bakterio heterotrofiko eta enteriko ugari aurki daitezke sukaldeko trapu, zapi, mostratxa eta antzekoetan. Argi gelditu zaigu testuan hauxe irakurtzean: “Bi egun baino gehiagoz esekita egon den toalla batekin aurpegia garbituta aurpegia komun-zuloan sartuta baino E. coli gehiago hartzen dira”.

Paleontologia

Euskal Herriko azken neanderthalen zantzuak bilatzen hasi dira, Zestoako Amalda III kobazuloan. Joseba Rios Garaizar arkeologoa murgilduta dago erabat ikerketan, Berrian irakur daitekeenez. Zaila izango da, hark esaten duen modan, kobazulora iristea baina. Bere taldeko kide batek azaltzen du: “30 metroko pareta bertikal bat pasa behar da, eta hara ezin du edonork igo”.

Astronautika

Indiak ez du lortu Vikram modulua ilargiratzea. Chandrayaan 2 ontzitik askatu, abiadura egokitu, eta Ilargiaren azalean lur hartu behar zuen. Bada, Ilargitik 2 km-ra zegoenean, motor nagusia hondoratu eta Ilargiaren aurka jo zuen. Orain, ISRO Indiako espazio-agentziak Vikram moduluarekin zer gertatu den jakin nahi du. Elhuyar aldizkarian topatuko duzue informazio gehiago.

Arkeologia

Azken hamar milurtekoetan munduan izan den lurraren erabilpena aztertu dute ikerketa batean. Oraindik ofiziala ez bada ere, eztabaida dago Antropozenoa noiz hasi zen erabakitzerakoan. Ikerketa honetan egileek adierazi dute orain arte uste zen baino dezente lehenago gertatu zela gizakiaren inpaktua planetan. Ikerketa ArchaeoGLOBE izeneko egitasmoaren barruan egin dute.

Informatika

Ohiko sare-ereduak erabiliz belaunaldi berriko sareen ezaugarri espezifikoek ez dute kudeaketa egokia ahalbidetzen. Artikulu honetan azaltzen dutenez, ezin dira kontuan hartu eskala doiketa, heterogeneotasuna eta agertoki hauen konplexutasuna. Horri aurre egiteko, beharrezkotzat jotzen dute komunikazio sistema hauen diseinu eta kudeaketarako paradigma berriak definitzea. Testu honetan, sare-mailan integratutako modulu adimentsu baten diseinua aurkezten da.

–——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

——————————————————————

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>