Antropozenoa askoz lehenago hasi zela proposatu dute

Juanma Gallego

Azken hamar milurtekoetan munduan izan den lurraren erabilpena aztertu dute ikerketa erraldoi batean. Duela 3.000 urte inguru gizakiak lurrean zein kliman eragin esanguratsua izan zuela ondorioztatu dute.

Hasiera batean geologoen artean zegoen terminoa baino ez zen, baina, pixkanaka, gero eta gehiago zabaltzen hasi da publiko zabalaren artean. Antropozoenoaz ari gara, gizaki modernoaren eraginaren ondorioz eratu den garai geologiko berriaz, hain zuzen. Momentuz modu ez ofizialean hitz egiten da gaiari buruz, baina nazioarteko taula estratigrafikoan ere garantia guztiekin sartzeko lanean ari da nazioarteko batzorde bat, tartean Alejandro Cearreta euskal geologoa horretan buru-belarri dagoelarik.

Gauzak ofizialdu bitartean, eztabaida dago Antropozenoa berez noiz hasi zen erabakitzerakoan. Bereziki garai geologiko bat definitzerakoan geologoek argi ikusi behar dutelako garai hori laburbiltzen duen ezaugarria mundu osoan zehar barreiatuta dagoela, hots, inpaktu globala duela. Horregatik, adibidez, askotan ukatu da Antropozenoaren abiapuntua iraultza industrialaren garaian dagoenik, horren eragina globala izan ez zelakoan. Bonba nuklearren garapenaren ondorioz mundu osoko laginetan egiazta daitekeen isotopo erradioaktiboen presentzia, berriz, Antropozenoaren ezaugarritzat jo izan da gehienetan.

1. irudia: Industria iraultza agertu arte gizakiak bereziki nekazaritzaren bitartez aldarazi du ingurunea, baina baita abeltzaintzaren eta artzaintzaren bidez ere. Irudian, Italiako Alpetan egiten den sasoiko artzaintza. (Argazkia: Andrea Kay)

Dena dela, eztabaida ez dago ebatzita, eta arkeologoek ere haien ekarpena egin nahi dute. Ez da hau egiten duten lehen aldia, baina bai agian horretan indar gehien erakutsi dutena, egile kopuruari eta erabilitako euskarriari erreparatzen badiegu bederen. Orotara, 255 ikertzailek parte hartu dute ikerketan, eta, horietatik, 120 egilek zientzia artikulua sinatu dute. Bakoitzak espezializazio arloa duen eremuari edo garaiari buruzko datuak eman ditu. Bestalde, ezin daiteke esan munduko aniztasuna ordezkatuta ez dagoenik: mundua 146 eremutan banandu dute, eta eremu bakoitzean izan den lurren erabileraren bilakaera aztertu dute. Datuak eta ondorioak Science aldizkarian plazaratutako ikerketa batean bildu dituzte.

Bertan azaldu nahi izan dute gizakiak azken hamar milurtekoetan egin duen lurraren erabilera nolakoa izan den, eta bereziki mapen bidez egin dute hori. Bertan jaso dute, besteak beste, nekazaritza estentsiboaren eta intentsiboaren zabalpena, eta baita artzaintzaren bilakaera ere, ehiza-bilketaren desagerpenarekin batera. Azkenik, hiri-gizarteen agerpena jaso dute ere mapa bilduma horretan.

Gogoratu dutenez, duela 10.000 urte inguru ehiza, arrantza eta bilketa ziren ohiko jarduerak, baina Kristo aurreko 1.000. urtearen bueltan planetaren erdian bai nekazaritza zein artzaintza nagusituak zeuden. Horiek izan ziren, hain zuzen, gaur egungo munduari forma eman zioten jardunak, eta ingurumenean eragin esanguratsua izan zuten lehen garai horietatik. Horrenbestez, egileek diote orain arte uste zen baino dezente lehenago gertatu zela gizakiaren inpaktua planetan. Hala izanik ere, onartu dute bereziki industria iraultzaren ondoren hasi zela artean aurrekaririk ez zuen ingurumenaren suntsiketa. Ikertzaileek argudiatu dute klima aldaketari buruzko ikerketetan, eta, bereziki, lurraren erabilerari buruzko eztabaidetan ezagutza hau kontuan hartu behar dela.

2. irudia: Landaredia nahita eta kontrolpean erretzea hainbat milurtekoz erabili izan den nekazaritza teknika da, eta hori ekosistemen kalterako izan da. Irudian, Kabwe izeneko eskualdea ageri da, Zambian. (Argazkia: Andrea Kay)

Ikerketa ArchaeoGLOBE izeneko egitasmoaren barruan garatu dute. Inkesta komunak erabiltzen dituzte ikertzaileek mundu osoko gizarteak ikertzeko antzeko irizpideen arabera. Horrela, mundu osoan lurrarekiko harremana nola aldatu den ikertu nahi izan dute. Mundu mailan ingurumen zientziak eta arkeologia lotzen ditu metodologia berritzaile honek. Funtsean, modu sintetiko batean bildu eta estandarizatu nahi izan dute gaur egun lurzoruen erabileraren inguruan arkeologoek daukaten ezagutza, modu horretan ebatzi ahal izateko zein izan den ingurumenean egon den eragina. Inpaktu hau bereziki paisaien erabilpenean abiatu da, eta bioaniztasunaren, ekosistemen eta klimen aldaketa ekarri ditu. Ehiztari-biltzaileek hasi zituzten aldaketa horiek, baina nekazaritza intentsiboaren zein hirien agerpenarekin eragin hau askoz handiagoa izan zen.

Kontu honi guztiari baikortasun puntu bat atera nahian edo, ikertzaileek babestu dute datu berriak eskutan aukera egongo dela ikasteko hasierako gizarte horiek hainbat arazori eman zizkioten irtenbideen inguruan, hala nola deforestazioari edota ur eskasiari.

“Duela 12.000 urte inguru, gizakia batez ere bilketan ari zen, eta horrek esan nahi du ez zuela ingurumenarekin elkar eragiten nekazariek egin ohi duten modu bizian”, adierazi du, prentsa ohar batean Gary Feinman ikertzaileak. “Eta orain ikusten dugu duela 3.000 urte munduko leku askotan benetan laborantza inbaditzailea egiten zuen jendea bazegoela”, laburbildu du.

Azkenik, eta metodologiari erreparatuz, adierazi dute orain aurrean duten erronka dela hain sakonki ikertu ez den hainbat eremutan sakontzea, planeta osoaren irudi ahalik eta osatuena lortu aldera.

Erreferentzia bibliografikoa:

Stephens, Lucas et al. (2019). Archaeological assessment reveals Earth’s early transformation through land use. Science. 365 (6456), 897-902. DOI: 10.1126/science.aax1192

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>