Itsaspeko dortsal baten azpian dagoena “ikusi” dute

Juanma Gallego

Elektromagnetismoan oinarritutako teknologia erabilita, geologoek ikusi ahal izan dute nolakoa den itsaspeko dortsal baten egitura: 120 kilometro arteko sakontasunera iritsi dira.

Atlantis haustura, Hotsput mendia, Meteoro Handia guiota, Vøring goi-ordokia edota Viking sakonunea… fantasiako mundu batetik ateratako izenak dirudite, baina horiek ez dira Game of Thrones edo Lord of the Rings bezalako sagetan agertzen diren eremuak. Ikusten ez baditugu ere, benetakoa lurraldeak dira horiek. Egia esanda, lurraldeak baino, itsasaldeak lirateke, kostaldea euskaraz erabiltzen dugun hitzari esanahi berria ematea zilegi balitz bederen. Gainetik bada ere, atlas batean itsaspean dauden eremu horiek aurkitzea aurreneko aldiz mapamundi baten aurrean jartzen den ume baten begietan sartzearen parekoa da.

1. irudia: Tximinia hidrotermalak sortu ohi dira dortsaletatik gertu, lurrazalaren azpitik datorren beroaren eta ozeanoaren uraren arteko elkarrekintzan abiatuta. Kasu honetan, Lokiren Gaztelua izeneko egitura ikertu dute. (Argazkia: Norwegian University of Science and Technology – NTNU)

Mundu horiek arakatzeko pribilegioa dute ozeanografoek eta geologoek, eta, noizean behin, haien aurkikuntzak partekatzen dituzte. Horixe gertatzen da gaurkoan dakargun ikerketarekin. Ozeano dortsal baten azpian dagoen eremua “ikusteko” gai izan dira ikertzaileak. Besteak beste, bertan aztertu ahal izan dituzte mantuaren fusioa zein lurrazalaren sorrera. Bide hau jorratuta, plaka-tektonikaren abiapuntuan dauden prozesu geologikoak hobeto ulertzea espero dute.

Duela mende bat baino gehiago proposatu zen, lehen aldiz, kontinenteen jitoaren teoriaren abiapuntua izango zen ideia iraultzaile hori. 1910ean idatzi zuen gaiari buruz Alfred Wegener meteorologo eta geofisikariak. Ez zuen aipatu zientzia argitalpen batean, handik gutxira haren emazte izango zen Elsa Köppen-i idatzitako gutun batean baizik. Bertan proposatzen zuen, aurrenekoz, orain agerikoa zaigun kontu bat: mapa batean marraztuta, Hego Ameriketako eta Afrikako kostaldeak ia-ia bat datozela.

Ñabardura batzuk gorabehera, esan beharrik ez dago gaur luze eta zabal onartuta dagoela Wegenerren ideian oinarritutako teoria: plastikoagoa den astenosfera izeneko geruza baten gainean dauden geruzez osatuta dago planetaren lurrazala, eta modu horretan azaltzen dira, hein handi batean, sumendiak edo lurrikara gehienak. Duela gutxi azaldu du gurean teoria hori Arturo Apraiz geologoak, eta bertan nabarmendu du, besteak beste, bizia garatzeko moduko baldintzak sortzerakoan plaka tektonikak izan duen garrantzia.

Hein handi batean, Bigarren Mundu Gerrari eta ondorengo Gerra Hotzari zor zaie teoria hori finkatuko zuen giroaren zabalkuntza. Batetik, gizonezkoak gerrara joan zirenez, hutsune asko geratu ziren fabriketan eta unibertsitateetan ere, eta horrek ahalbidetu zuen emakumezkoen sarrera. Besteak beste, horri esker sartu ahal izan zen Marie Tharp Michigango Unibertsitatean (AEB), laguntzaile modura. Bestetik, bereziki Ameriketako Estatu Batuek zein Erresuma Batuak haien itsaspekoetarako ezkutalekuak bilatzeari ekin zioten, eta urpeko kartografia asko garatu zen. Horri guztiari gerran garatutako teknologiak gehitu behar izan zaizkio. Bada, 1957. urtean argitaratu zen mapa berriak ozeano dortsal erraldoia irudikatu zuen Ozeano Atlantikoaren erdialdean, eta hori, hein handi batean, Tharpen lan isilari esker egin ahal izan zen.

Dortsal erraldoi hori da, hain zuzen, da plakak banatzen diren lekuetako bat. Funtsean, lurrazal berriaren fabrika da hori. Baina sakontasun handian daudenez, arras zaila da dortsalak eta haien inguruan eratzen diren gandorrak modu egokian ikertzea. Batzuk, gainera, bereziki ilunak dira gaur egungo ezagutzen arabera. Horien ezaugarri nabarmenena da bertan plakak oso abiadura txikian banatzen ari direla, urteko 20 milimetro inguru. Oso geldoa, besteekin alderatzen baditugu: Ozeano Bareko plaken sorreraren abiadura urteko 150 milimetrokoa da, batez bestean. Gandor geldo horiek ez dira ohikoenak, baina urriak ere ez dira: ozeano dortsalen %30 inguru mota horretakoak dira.

2. irudia: Geziek erakusten dute zein den itsasoko urak lurrazalean zehar egiten duen bidea. Pasabide horiei esker, ura mineralez hornitzen da, eta gero ur hori tximinien bitartez askatuko da itsasora. (Argazkia: Johansen et al. / Nature)

Norvegiako zientzialari talde batek elektromagnetismoa baliatu du dortsal horietako bat ikertzeko. Zehazki, Mohns dortsalean egin dute azterketa. Svalbard uhartediaren hegoaldean kokatuta dago egitura geologiko hau, Groenlandiako eta Norvegiako itsasoen artean. Nature aldizkarian eman dute ikerketan eskuratutako emaitzen berri.

Bertan lurrazal ozeanikoa oso mehea da, eta tximinia hidrotermalen zelai handi bat dago Lokiren Gaztelua izeneko eremu batean. Eremu hori 2008an aurkitu zuten Bergengo Unibertsitateko (Norvegia) ikertzaileek, eta, momentuz, ezagutzen diren tximinia hidrotermalen artean iparraldeen kokatuta dauden halako estrukturak dira. Tximinia hauen bitartez mineral asko daramatzan ur beroa askatzen da. Mineralak eta ur beroa biltzen dituen ingurunea izanda, teoria batek bertan kokatzen du, hain zuzen, biziaren agerpena Lurrean, eta azken urteetan Europa bezalako ilargi batean antzeko egiturak izateko aukerak exobiologoen arreta erakarri du.

Bereziki, gandorretan arrokak nola sortzen diren ikertu nahi izan dute. Horretarako, CSEM izeneko teknologia erabili dute ikertzaileek, –Iturri Kontrolatuko Altxaera Elektromagnetikoa, ingelesez–. Ozeanografian gauzak zail samarrak izan ohi badira ere, kasu honetan bereziki nahasia da erabili behar den prozedura: koadrikula baten arabera, antenak kokatzen dituzte itsas hondoan, eta, ondoren, itsasontziak kable luze baten bitartez energia elektromagnetikoko iturri bat pasatzen dute, arrastaka. Modu horretan, lurzorutik bueltatzen den energiaren informazioa jasotzen dute.

Bide hori jorratuta, orain arte izan ez den ikuspuntua izan dute geologoek. Ståle Emil Johansen egile nagusiaren hitzetan, “metodo elektromagnetiko berriak erabili baino lehen, inork ez zukeen irudikatuko hau bezalako dortsalik”. Alabaina, kasu honetan lortu dute begirada sakona abiatzea.

Eskuratutako informazio elektromagnetikoaren arabera, ondorioztatu dute nolakoa den dortsalaren azpian dagoen egitura geologikoa, zer arroka mota desberdinak dauden, nola urtzen diren eta zeintzuk diren fluido horien ibilbideak. Horrela, Itsasoko urak Loki Gazteluan egiten duten bidea argitu dute, eta beste irudi sorta batean plaken bereizketa ikusi dute. Medikuak erradiografiak interpretatzen trebatuta daden modu berdinean, geologoak horrelako informazio urritik ondorioak ateratzeko gai dira. Horietako bat izan da dortsalaren ekialdean dagoen litosfera-plaka mendebaldekoa baino lodiagoa eta hotzagoa dela. Orain arte, dortsaletako horrelako egitura asimetrikoak azaltzeko beheko magmaren indarrari egotzi diote; baina, kasu honetan, azalpen logikoagoa aurkitu dute: ekialdeko aldea Eurasiako plakaren ertza da, hegoalderantz bultzatzen duena, Ipar Ameriketako plakak mendebaldera jotzen duen bitartean.

Erreferentzia bibliografikoa:

Johansen, Ståle Emilet al., (2019). Deep electrical imaging of the ultraslow-spreading Mohns Ridge, Nature 567, 379–383. DOI: https://doi.org/10.1038/s41586-019-1010-0

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>