Itsas-ingurumen iraunkorraren bidean: ia emisiorik gabeko ikerketa ontzi hibridoak

Argitalpenak · Dibulgazioa

Ozeanoek lurrazalaren %70 estaltzen dute baina bakarrik haien %5 aztertu da sakon. Itsasoa ezagutzeko asmoz XVIII. mendean itsas-esplorazioak hasi ziren; halere, aurrerapen teknologikoei esker, XX. mendean hasi zen itsas mundu honen inguruko benetako jakintza garatzen. Gaur egun, itsas ingurunearen ezagutzak garrantzi handia hartu du, izan ere, bere iraunkortasuna bermatzeko ezinbestekoa bilakatu baita.

Ikerketa-itsasontziak itsasoa eta beraren baliabideak aztertzeko eta kontserbazioa bermatzeko funtsezko azpiegituratzat jo daitezke. Plataforma teknologiko konplexuak eta berritzaileak dira, eta ekipamendu eta teknologia sofistikatuz hornituta daude. Nahitaezkoak bilakatu dira itsas ekosistemak beraien osotasunean aztertzeko. Itsasontzi ozeanografikoen lana ezinbestekoa suertatzen da, itsasoaren aldagai abiotikoak (pH, gazitasuna, sakonera, dentsitatea, tenperatura, etab.) eta haien arteko eta aldagai biologikoekiko loturak ikertzeko.

ontzi
Irudia: 2020ko erdialdetik aurrera, Ortzek gure kostaldeko ingurumen eta ozeanografia ikerketa operazioak hasi ditu. (Iturria: Ekaia aldizkaria)

Testuinguru honetan, gaur egungo itsasontzi batek ere, eraginkortasun energetikoa bermatu behar du, ez soilik energiaren kostuagatik baita ingurumenaren aldeko konpromisoengatik ere. Beraz, gaur egungo ontzien erronka nagusienetarikoa energia ekoizteko beharrezkoak diren makina eta motor termikoen erregai kontsumo eta negutegi efektuko gasen emisioak diesel motorren kasuan adibidez, murriztea da.

Euskal Herriko kostaldean jarduteko ikerketa-itsasontzi baten beharrean gaude, goi mailako ikerkuntza eta irakaskuntza burutzea ahalbidetuko duena. Ontzi berri baten fabrikazioak inbertsio handia suposatzen du, beraz, egungo ontzi baten birmoldaketa planteatu da propultsio sistema berritzaile bat instalatzeko. Aukeratutako itsasontzia, Pasaiako Blas de Lezo Itsas Arrantza BHIk (Bigarren Hezkuntza Institutua) duen Ortze ontzia da, Eusko Jaurlaritzako ontzi flotako parte delarik.

Azterketa sakon baten ostean, Ortzeren propultsio sistema konbentzionaletik berritzailera igarotzea aukera egokia ondorioztatu da. Horretarako, Ingeteam Power Technology enpresak burutzen duen partzuergo mistoa eratu zen, erakunde pribatu zein publikoekin batera. Ortze ontzia eraldatuko da, hain zuzen, propultsio sistema diesel mekaniko konbentzionaletik propultsio sistema diesel-elektrikora (hibridoa) pasatuz. Hain zuzen ere, zero emisio egoera lortu nahi da portuetan (itsasoratze eta lehorreratze ibilbideetan) eta babestutako inguruetan edo jendartetik gertuko guneetan.

Orokorrean, aurreikusita dago isurketak %25-a baino gehiago murriztu egingo direla egungo sistemarekin konparatuz. Honekin batera, erregaien kontsumoa ere murriztu egingo da neurri berdinean. Ortze itsasontzi berriztatuak ondoko operazio moduak lortuko ditu:

  1. portuan dagoenean, lurrera konektatutako modua;
  2. nabigazio modu guztiz elektrikoa (portuetako sarrera eta irteeretan, eta babestutako inguruneetan erabiliko da, eta modu honetan isurpen maila zero da);
  3. nabigazio modu diesel elektrikoa, eta
  4. nabigazio modu hibridoa (kostaldetik urrunago dauden lekuetan erabiltzen da).

Eraldaketa osteko Ortze ontzia eskola itsasontzi ez ezik, itsas eta ingurumen ikerketa lanak burutzeko ere erabiliko da, ikerketa-itsasontzi gisa alegia. Hainbat erabilpen aurreikusten dira. Industria, ikerketa eta hezkuntza izan dira proiektu honen funtsezko zutabeak.

Parte hartutako enpresek puntako teknologia propioa eta ezagutza erantsi diote garapen teknologiko honi. Itsaso eta gure kostaldeko ekosistemen ikerketarako ozeanografia ikertzea, gure kostaldearen ekosistemak eta ingurumena ezagutzea eta ingurumenarekiko konpromisoa eta sentsibilizazio urdina garatuko ditu. Itsaso eta arrantza alorretan etorkizuneko profesionalei, bai eta itsas ingeniariei ere, praktikak eta prestakuntza egitea eskainiko die. Itsas ingurumenarekin edo ingurumenaren osasuna eta biodibertsitatearekin zerikusia daukaten EHUko hainbat masterren ariketa praktikoak bertan jorratu daitezke. Ez graduondoko ikasleek soilik, baita gradu desberdinetako ikasleek ere (fisikariak, ingeniariak, biologoak, kimikariak, nautikako ikasleak, etab.) bertan emenda dezakete itsasoaren eta propultsio makina berritzaile honen inguruko ezaguera. 2020-ko erdialdetik aurrera, Ortzek gure kostaldeko ingurumen eta ozeanografia ikerketa operazioak hasiko ditu, bai eta trebakuntza, dibulgazio eta kontzientziazio jarduerak ere.

Artikuluaren fitxa:

  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 2020ko ale berezia
  • Artikuluaren izena: Itsas-ingurumen iraunkorraren bidean: ia emisiorik gabeko ikerketa ontzi hibridoak.
  • Laburpena: Itsas ingurunearen ezagutzak garrantzi handia hartu du azken urteotan, izan ere, bere iraunkortasuna bermatzea jakintza honen konpromiso nagusiena bilakatu da. Euskal Autonomi Erkidegoan itsas ingurunearen oinarrizko ikerketa eta ikerketa aplikatua egiten duten zenbait erakunde daude. Ikerketa taldeek itsasoan dituzte euren ikerkuntza iturri nagusiak. Mota desberdinetako lagin biotiko eta abiotikoak lortzeko, arrantza ontzietan edota ikerketa ontzi ozeanografikoetan itsasoratzea ezinbestekoa izaten dute askotan. Ikerketa egiten duten ontziek garrantzi handiko eginkizuna izaten dute beti, eta egin behar den azterketaren neurrikoa izan behar du behintzat, lanen beharrizanak asetzeko. Ideia honi helduz, Euskal Herriko kostaldean jarduteko balio anitzeko ontzi baten transformazioa izango da artikulu honen lerro nagusia; goi mailako ikerkuntza eta irakaskuntza jasoko dituena. Horretarako, Ingeteam Power Technology enpresa buru duen partzuergo mistoa eratu zen, erakunde pribatu zein publikoekin batera. Helburua, efizientzia energetiko altu eta emisio murritzak bermatuko dituen ikerketa eta irakaskuntza ontzi baten transformazioa da. Pasaiako Blas de Lezo Itsas Arrantza eskolako Ortze ontzia eraldatuko da, hain zuzen, propultsio sistema diesel mekaniko konbentzionaletik propultsio sistema diesel-elektrikora (hibridoa) pasatuz. Proiektua zero-emisio, ekonomia urdin eta garapen iraunkorra jasotzen duen esparruan gauzatzen da. Garapen teknologiko berritzaile honen aurrean, hainbat erabilpen aurreikusten dira: kostaldetik gertu eta ingurune babestuetan zero emisio eta baldintza akustiko baxuetan ikerketa lanak, arrantza alorreko lanbide hezkuntza, propultsio sistema berritzaileaz baliatuz goi mailako graduondoko zein doktorego ikasketak, edota nazioarteko ikerketa taldeen saretzea, besteak beste.
  • Egileak: Manu Soto, Iratxe Olabarri, Gorka Gabiña
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 57-78
  • DOI: 10.1387/ekaia.21209

Egileez:

Manu Soto Plentziako Itsas Estazioko(PiE) ikertzailea da, Iratxe Olabarri Ingeteam Power Technology enpresakoa eta Gorka Gabiña AZTIko Arrantza Teknologia Iraunkorra departamentukoa.


Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko..