Asteon zientzia begi-bistan #276

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Emakumeak zientzian

Margarita Salas Falgueras biokimikaria hil da, 80 urterekin. Elhuyar aldizkarian azaltzen digutenez, fagoak, bakterioak infektatzen dituzten birusak ikertu zituen eta besteak beste, morfogenesia, eta material genetikoaren erreplikazio-mekanismoak eta gene-espresioa ikertu nahi zituen. Erreplikazioaren proteina abiarazlea topatu zuen, baita DNA polimerasa ere.

Kimika

Azukrea izan du abiapuntu Josu Lopez-Gazpiok asteon. Hasteko, argitzen digu gluzidoen artean topa daitezkeela hainbat monosakarido (glukosa, fruktosa eta erribosa), disakarido (laktosa, sakarosa eta maltosa, adibidez) eta polisakarido (maltotriosa eta rafinosa, besteak beste). Sakarosaren kasuan –glukosa molekula batez eta fruktosa molekula batez osatutakoa–, horren kontsumo handia hainbat gaixotasunekin lotuta dago. Beraz, kontsumoa murriztu beharko genuke. Izan ere, azken 20 urteotan azukrearen kontsumoa urteko %2 handitu da.

Arkeologia

Teknika analitiko berrien garapenari esker, indusketetan aurkitutako tresnen jatorria eta ohiturak eta jarduerak ikertzeko aukera dute arkeologoek. Duena 10.500-10.000 urte, Eurasiako mendebaldean, ahuntzak eta behiak etxekotu zituzten eta ondorioz, gizakiak animalietatik eskuratutako baliabideak areagotzea lortu zuen. Haitzuloak abeletxe moduan erabiltzen zituzten eta bertan hondakinak areagotu ziren. Urtetan erretako simaurrak hainbat sedimentu geruzak eratutako metaketak sortu zituen. Geruza horiek ongi kontserbatzen direnez, konposatu organikoen ezaugarriak atera daitezke, ukuiluratutako animalia espezieak eta artzain ohiturak antzemate aldera.

Astrofisika

Voyager 2 espazio-ontzia 1977an jaurti zen, eta jada 18.000 milioi km-ko bidaia egin du. Elhuyar aldizkariak bildu dituen datuen arabera jakin dugu duela urtebete atera zela heliosferatik eta izarrarteko espazio misteriotsuan barneratu zela. Ikertzaileek Heliosferaren muga zeharkatu zueneko datuak aztertu dituzte, zehazki heliopausa, heliosferaren azken mugari buruzko informazioa eman dute.

Eneko Agirre Hitz Ikerketa Zentroko kidea, eta UPV/EHUko informatika fakultateko irakaslea eta ikertzailea da, eta ordenagailuekin elkarrizketak izateko teknologia lantzen ari da. Posiblea da orain ordenagailuarekin hitz egitea baina “oso oinarrizkoak” dira oraindik. Hizkuntzen prozesamenduak euskarak badu bere tokia. Agirrek dio: “Adimen artifizialean iraultza bat gertatzen ari da, baina batez ere mundu anglosaxoian eta Txinan. Euskarak ere ezin du atzean geratu. Izan ere, hizkuntzaren prozesamenduan atzean geratzeak esan nahiko luke gure hizkuntzaren prozesuak beste batzuen esku utziko genituzkeela”. Ikerketaren xehetasunak ezagutzeko aukera Berrian egindako elkarrizketan: Ordenagailuekin elkarrizketan euskaraz aritzeko ahala badago.

Paleontologia

Planeta honetan bost iraungipen masibo izan dira baina deigarriena hauxe da: dinosauro gehienak desagertu zirenekoa. Ikertzaileek ikusi dute dinosauroak suntsitu zituen meteoritoak ozeano guztien azalaren azidotze azkarra ekarri zuela. Ikerketaren abiapuntua foraminiferoak izan dira. Horri esker jakin dute itsasoaren pHaren jaitsiera 0,3koa izan zela eta Pharen aldaketa hori da hain zuzen ere itsasoetan izandako iraungipenaren abiapuntua. Ildo horri jarraiki, eta beste artikulu batean azaltzen dutenez, hondamendi horren ondotik, bizitza agertu zen: fosil asko aurkitu dituzte Coloradon (AEB), horien artean, 1.000 ornodunen baino gehiagoren fosilak eta 6.000 landarerenak ere. Dinosauroak agertu eta lehen milioi urteko tartean garatu ziren fosilak dira.

Matematika

Konputazio ebolutiboan, algoritmoek optimizazio-problemen gainean duten errendimendua ebaluatzeko, ohikoa izaten da problema horien hainbat instantzia erabiltzea. Baina horiek lortzea ez da erraza eta arazo horri aurre egiteko ikertzaileek instantzia artifizialak sortu behar dituzte. Artikulu honetan azaltzen den lanak instantzia artifizialak uniformeki zoriz sortzearen inguruko aspektu batzuk aztertzen ditu.

Psikologia

Munduko Osasun Erakundearen (MOE) arabera, urtean 800.000 pertsona inguruk egiten dute beren buruaz beste, eta, azken sei hamarraldietan, %50 ugaritu dira kasuak. Suizidiora bultzatzen duten egoerak asko dira baina, oro har, kasu gehienen atzean beti sufrimendu handia dago. Suizidioaren aurrean, neurri prebentiboak garatu behar dira: psikopatologiak atzeman eta tratatu, pertsona bat antzalda dezaketen egoera astungarriak saihestu, jendea suizidioaren gainean hezi…

Horren harira, Ernesto Gutierrez Crespo psikologoa elkarrizketatu dute Berrian. Bertan, adingabeen suizidioak saiheste aldera, emozioen kudeaketa landu behar dela dio: “Nerabeek, normalean, emozioek gainezka egiten dietelako egiten dute beren buruaz beste”. Ildo horri jarraiki, Gutierrezek dio eskoletan bereziki “babesa” landu behar dela: “Gazteei irakatsi behar zaie emozioak kudeatzen, eta adierazi behar zaie zailtasunen bat dutenean norengana jo dezaketen”.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.