Hannah Marie Wormington arkeologoaren ikuspegi argigarria

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

Hannah Marie Wormingtonek bere inizialekin sinatzen zituen lan guztiak. Bere nortasuna ezkutatu ohi zuen, XX. mendeko beste hainbat emakumek egin zuten antzera. Bada, ez zuen hori egiten bi letren atzean ezkutatzeak nolabaiteko xarma zuelako, honek, azken batean, irakurleari inizialen atzean ezkutatzen den pertsona zein den ezagutzeko jakingura pizten baitio, baizik eta bere izena gizonen munduan nabarmentzen zelako, eta hori, garai hartan, onartezina zen.

Esan bezala, emakumea izateagatik, bizi zuen garaiak eskatzen zion ikusezina izatea, baina Wormingtonek ez zion uko egin nahi gustuko zuenari, arkeologian gailentzeagatik irainak entzun bazituen ere. Bere ausardiari eta taldean lan egiteko ahalmenari esker ez zuten kikiltzea lortu. Hori bai, bakarrik egin zuen bidea, haren lankideek ez zutelako batere lagundu.

1. irudia: Hannah Marie Wormington 1937. urtean. (Argazkia: TrowelBlazers.com)

Wormingtonek arkeologiari eta museologiari egindako ekarpena oso garrantzitsua da baina, era berean, oso ezezaguna. Ipar Amerikako arkeologian murgildu zen, zehazki, Ipar Amerika mendebaldeko Paleoamerikar garaia (K.a. 40.000 eta 8.000 artean) izan zuen ikergai. Hogeita hamahiru urte eman zituen lanean Denverko Natura eta Zientzia Museoan (Coloradon). Bere eginkizunen artean zeuden ikerketa zientifikoak garatzea, museoko bildumen kontserbazioa bermatzea eta horien erakusketak antolatzea, eta museoak egiten zuen lana sustatzea munduan zehar.

Ibilbide bikain baten kronika

Hannah Marie Wormington Denverren jaio zen, 1914an. Bere jaioterriko unibertsitatean antropologia ikastea erabaki zuen. Ikasten zegoen bitartean, bere bigarren urtean, Etienne B. Renaud arkeologoarekin (1880-1973) lan egiteko aukera izan zuen; hain zuzen, hark transmititu zion antropologiarekiko miresmena. Gainera, lana bilatzen ere lagundu zion. Izan ere, Renaudek lagun asko zituen eta bere kontaktuei esker, Denverko Natura eta Zientzia Museoak Wormington kontratatu zuen boluntario gisa; jakina, bere ikasketekin uztartu zuen lana. 1937an, Radcliffe Collegen graduondoko bat egiten hasi zen. Zailtasunak izan zituen gradua aurrera ateratzeko, horregatik erabaki zuen museoan hamar hilabeteko eszedentzia hartzea, ikasketetan guztiz zentratzeko. 1950ean, graduondokoa lortu zuen eta lau urteren buruan, doktoregoa. Harvarden Antropologian doktorego titulua lortzen zuen lehen emakumea izan zen.

Ez dakigu zergatik kostatu zitzaion hainbeste goi mailako ikasketak bukatzea. Izan ere, soilik 24 urterekin arkeologiako bere lehen liburua publikatu zuen, Ancient Man in North America; bigarrena, Prehistoric Indian of the Southwest, 33 urte zituela kaleratu zuen. Esan daiteke, beraz, gaia menperatzen zuela. Ildo honi jarraiki, teoria batek dio ez zuela inolako premiarik munduari frogatzeko ikasle bikaina zela eta horregatik patxadaz hartu zuela ikasle garaia.

Eremu-ikerketa, nazioarteko bilerak eta erakusketak

Museoan boluntario gisa lan egin ondoren, Paleoamerikar garaiko Folsom Kultura eta Yuma bildumetako puntak (jaurtigai gisa erabiliak) sailkatzea egokitu zitzaion. Wormingtonek ideia berritzaile ugari proposatu zituen han zegoelarik. Besteak beste, bururatu zitzaion museoan zituzten garai hartako materialen bildumak munduari erakustea argazkien bitartez. Bera arduratu zen bidaiez eta materialen sustapenaz; Europako museoetatik barna ibili zen Denverko museoan zituzten balio handiko piezak erakusten. Ideia honen atzean helburu zehatz bat zegoen: museoen arteko truke bat egitea europar paleolitikoko tresnekin. Wormingtonen lan bikainagatik, 1936an Denverko museoak Arkeologia Departamentua sortu zuen eta, urtebete geroago, kontserbatzaile izendatu zuten.

Hannah Marie Wormington Coloradoko Montroseko arkeologi-indusketa gunean. (Argazkia: TrowelBlazers.com)

Bere lanari dagokionez, egindako eremu-ikerketa da nabarmentzekoa; kasu askotan indusketak zuzendu zituen eta beste batzuetan, laguntzaile edo aholkulari gisa lan egin zuen. Esaterako, Mexiko Berrian kokatzen den Folsom Site gune arkeologikoan lan egin zuen 1936an; urtebete geroago Montrosen izan zen, Coloradoko hiri batean, eta 1950ean, Albertan, Kanadan.

Hortik aurrera, indusketak alboratu zituen eta beste bide bat hartu zuen: nazioarteko biltzarretara joaten hasi zen beste arkeologo ospetsuekin batera. Esanguratsuenen artean, Filadelfian antolatu zuten Historiaurreko Gizakiari buruzko Nazioarteko Biltzarrean (1937) eta Frantziako Teknologia Litikoari buruzko konferentzian (1964) parte hartu zuen arkeologo estatubatuarrak. Horretaz gain, leku ezagunetan abiatu ziren indusketetara joateko ohitura zuen eta bere liburuen edizio lanaz ere arduratzen zen.

Halaber, 1935 eta 1965 artean, proiektu arkeologiko batzuk zuzendu zituen eta horien xehetasunak eman ziren argitara museoko aldizkarian. Bertan egindako lanari dagokionez, ezin dugu ahaztu bere ardura nagusia bildumetako tresnak sailkatzea eta erakusketetarako prestatzea zela. Antolatu zuen erakusketarik arrakastatsuena Hall of Man izan zen, ezbairik gabe.

Garai baten amaiera

Oraindik ez dago arrazoirik azaltzeko zergatik utzi zuen Wormingtonek museoko lana 1986an. Berak azaldu zuenez, bizitzan hartu zuen “erabakirik zailena” izan zen, han igaro zuelako bizitza osoa, bertan boluntario gisa hasi zenetik, alegia. Erabaki hori hartu eta bi urtera, museoko arduradunek zientzialari emeritu izendatu zuten eta oraindik bere izena daraman konferentzia multzo bat sortu zuten. Horren ondotik, hainbat unibertsitatetan izan zen irakasle.

Amerikako Arkeologia Elkarteko zuzendaritzara iritsi zen Wormington, eta hori lortzen lehen emakumea izan zen. Kargu horretara iritsi aurretik, zuzendariordea izan zen. Horretaz gain, aipaturiko elkarteko domina irabazi zuen. Sariei dagokienez, C.T. Hurst saria jaso zuen (1985) Coloradoko Arkeologia Elkartearen eskutik. Era berean, Guggenheim Fundazioko beka bat lortu zuen lehen emakumea izan zen.

Iturriak


Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.