Euskal landa-arkitekturako eredu tradizionalaren eraikuntza-bilakaeraren eragina portaera higrotermiko pasiboan: Lea ibarreko kasu-azterketa

Argitalpenak · Dibulgazioa

Energia-oreka eta eraginkortasun higrotermikoko estrategia pasiboak ditu ezaugarri arkitektura tradizionalak. Izan ere, tokiko ingurumen-baldintzen eta eraikinaren eraikuntza-ezaugarrien arteko interakzioa gertatzen da bere barnean.

Irudia: (Argazkai: Etxaburu).

Honela, beraz, euskal landa-arkitektura tradizionalaren itxitura-elementuen eraikuntza-bilakaerak beraren barne-giroari nola eragin dion jakitea du helburu artikulu honek, beraren barneko gorabehera higrotermiko pasiboaren irakurketa dela medio.

Eredu arkitektoniko tradizional honek mendeetan iraun du euskal lurralde osoan. Alabaina, lan honek, lurralde osoa eta aldaera guztiak aztertzea baztertu, eta Bizkaiko ekialdean kokatzen den Lea ibarreko eremu geografikoko ereduak hartu ditu aintzat.

Landa-arkitektura, hau da, «baserria eraikin-motatzat jotzen badugu, berariazko identitatea duen arkitektura-eredutzat», jatorria, nonbait, XV. mendean dauka, eta lurraldearekin, eskualdearekin, arkitektura-aldiarekin, nekazal ekoizpen sistemarekin, eraikuntza teknikekin lotutako aldaerak albo batera utzita, eboluzio-ezaugarrien sailkapen gisa «arkitekturaren historiaren garai klasikoak» eta eraikuntza-aroak lotzen dituena hartu da oinarri, hau da, gotiko-berpizkundeko lehenengo aroa (XV. mendearen erdialdetik XVII.aren erdialdera doana, XVI. eta XVII. mende bitarteko berpizkundekoa barne), garai barroko jori eta aberatsa (XVII. mendearen erdialdetik XVIII.aren amaiera arte doana), eta, azkenik, eredu honen gainbehera ekarri zuen azken aro neoklasikoa (XIX. mendea). Sailkapen nagusi hau eta ikerketa eremua mugatuta izanda, bertatik bertara egindako azterketen ondorioz tokira egokitutako lau azpiereduren araberakoa da ikerketa-lan hau.

Lau azpiereduak zehaztuta izanda, landutako metodologiaren lehenengo urratsa ingurumen baldintzak (kokapena eta ezaugarri klimatikoak) aztertzea izan da. Hurrenik, arkitektura tradizional honen ereduaren adierazgarri diren lau azpiereduen azterketa sakona burutu da berariazko eraikuntza-bilakaera eta ondoriozko ezaugarri teknikoak zehazteko.

Hala, erreferentzia-eredu adierazgarrienak aukeratu, eta haien portaera higrotermiko pasiboaren irakurketa egin da Design Builder v.5.0.1.024 simulazio energetikorako softwarea baliatuz. Horretarako, aurretiaz zenbait oinarrizko modelizazio-irizpide finkatu dira emaitzak euren artean konparagarriak izateko. Hauen artean, aldagai klimatikoak, lekuko informazioa (orientazioa, haizearekiko esposizioa), itxitura azal termikoaren zehaztapena Eraikuntzaren Kode Teknikoak ezartzen duen Eraikuntza Elementuen Katalogoaren arabera, geometria, okupazio eta funtzio parametroak, eta airearekiko iragazgaiztasuna ezarri dira.

Ikerketa eredu bakoitzetik solairu bakoitzeko «1. zona termikoa» hartu da portaera higrotermiko pasiboaren azterketa-gunetzat, mehelin hormaren eta aurrealdeko fatxadaren artean eratzen den gunea, alegia. Gune hauetako aldagai higrotermiko bien, hau da, Tenperatura Operatiboaren [°C] eta Hezetasun Erlatiboaren [%] balioak jaso dira, banan-banan, konparatiboki eta kronologikoki, eraikuntza-bilakaeraren eraginaren ondorioz izandako aldaera zenbatesteko neguko, udako eta tarteko urte-sasoietako egunetako balioen arabera.

Beraz, azaldutako metodologiaren eta emaitzen arabera, eraikuntza-bilakaerak landa-arkitektura eredu tradizional honen portaera higrotermikoan ezkutuko edo ezagutu gabeko eragin onuragarria izan duela esan liteke. Izan ere, nahiz eta lortutako datuen arteko desberdintasuna izugarrizkoa ez izan, azpiereduetan kronologikoki aurrera egin ahala, eraikinak epelagoak direla ondorioztatu da, betiere tokiko klima hezeak barneko Hezetasun Erlatiboan duen eragin nabarmena kontutan izanik.

Lortutako balio higrotermikoek, beraz, kanpo-barru erlazioan garatutako oreka bat egon dela iradokitzen dute, erlazioaren eraginkortasuna arkitektura-, material- eta eraikuntza-ezaugarrien bilakaerarekin lotuz. Hortaz, eraikin eredu tradizional honen barne-giroaren garrantzia eta portaera-eredua arkitektura ondare ikuspegitik kontutan hartu beharreko oinarrizko balioak dira.

Artikuluaren fitxa

  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 34
  • Artikuluaren izena: Euskal landa-arkitekturako eredu tradizionalaren eraikuntza-bilakaeraren eragina portaera higrotermiko pasiboan: Lea ibarreko kasu-azterketa.
  • Laburpena: Energia-oreka eta -eraginkortasun handiko estrategia pasiboak ditu ezaugarri arkitektura tradizionalak. Izan ere, tokiko ingurumen-baldintzen eta eraikinaren eraikuntza-ezaugarrien arteko interakzioa gertatzen da beraren barnean, eta bi aldagai horien erlazioaren menpe dago barneko giroa. Euskal etxe-eredu tradizionalaren barneko portaera higrotermiko pasiboari aldian-aldian eginiko eraikuntza-egokitzapenek eragindako eboluzioa eta bilakaera aztertzen ditu artikulu honek. Horiek jorratzeko, Lea ibarreko arkitektura tradizionala hautatu da ikerketa-eremutzat. Bizkaiko ekialdeko ibar bat da, klima epel eta hezekoa. Hango baserrien eraikuntza-ezaugarriak, xv. mendean arkitektura-eredu gisa sortuz geroztik, behin eta berriz izan dira eraldatuak, gizarte-bilakaerak eta bestelako eskakizunak tarteko; eraldaketa horiek, bestalde, eraikinon portaera higrotermiko pasiboaren eboluzioa ere ekarri izan dute. Landa-azterketaren ondorioz, lehenik eta behin, lekuko arkitektura tradizionalaren eraikuntza-sistemaren eboluzioaren azterketa egin da eredu adierazgarrienak zehazte aldera; ondoren, eredu horietako Tenperatura Operatiboaren [oC] eta Hezetasun Erlatiboaren [%] datuak biltzeko, simulazio energetikoa egin da Design Builder v.5.0.1.024 softwarea baliatuz. Azkenik, eskuraturiko datuok kronologikoki alderatu dira, neguko, udako eta tarteko urte-sasoietako eguneko balioen arabera, eta hortik eskuratu eraikuntzaren eboluzioak zer-nolako eragina izan ote duen barneko portaera higrotermikoan.
  • Egileak: Matxalen Etxebarria Mallea, Lauren Etxepare Igiñiz, Margarita de Luxán García de Diego.
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 317-334
  • DOI: 10.1387/ekaia.19671

Egileez

Matxalen Etxebarria Mallea eta Lauren Etxepare Igiñiz, UPV/EHUko Arkitektura Sailean dabiltza eta Margarita de Luxán García de Diego Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko Irakasle Emeritua da.


Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.