Asteon zientzia begi-bistan #280

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Klima-aldaketa

Oraingo joera berean jarraitzen badugu, baliteke mende honen erdirako Pirinioetako glaziarrak desagertzea. Berrian irakur daitezkeen datuen arabera, horien azaleraren %70 galdu egin da 1980ko hamarkadatik hona. Baina egoera hau ez da bakarrik Euskal Herrian jazo, munduko mendi glaziarrak ere jasaten ari dira berotze globalaren ondorioak. IPCCko datuen arabera, urtero 3,6 milimetro igotzen da itsasoaren maila munduan, eta igoera orokorraren %28 eragin dute mendi glaziarrek.

Osasuna

Gaitzen Prebentzio eta Kontrolerako Europako Zentroak (ECDC) nabarmendu du Europako emakume askori berandu diagnostikatzen zaiela GIBa, hau da, dagoeneko immunitate-sistema kale egiten hasten denean. 2018ko datuetan oinarritzen da baieztapen hori. Horretaz gain, azaldu dute diagnostiko berantiarra jasotzeko arriskua hiruzpalau aldiz handiagoa dela 40 urte inguruko emakumeen artean, gazteagoen artean baino. Informazio gehiago irakurtzeko aukera duzue Elhuyar aldizkarian.

Botanika

Likenak oso bereziak dira; hasieran landaretzat hartu ziren, eta gero onddoen erreinuan sailkatu genituen. Oso muturreko egoeretan bizirik jarraitzeko ahalmena dute eta zuhaitzei edota harkaitz gordinei eusteko gai dira. Orain badirudi likenek ez zietela bidea ireki landareei, ikerketa artikulu batean adierazi dutenez. Artikuluan irakur daitekeen moduan, ezinezkoa da orain arte indarrean egon den hipotesi hori egia izatea, likenak landareak baino milioika urte geroago garatu zirelako!

Neurologia

Badakizue zer gertatzen den gizakien kortexean? Adibidez, bertan pertzepzioa gertatzen da, judizio moralak egiten dira, erabakiak hartzen dira, pentsamendua sortzen da; hizkuntza egituratzen da, eta abar luze bat. Hamasei bat mila milioi neurona ditu. Tamainaz txikiagoa den zerebeloak, ordea, hirurogeita bederatzi mila milioi neurona ditu. Entzefaloari dagokionez, zazpiehun bat mila neurona daude. Eta kortex prefontalari buruz, zer dakigu? Testuan azaltzen digutenez, ez dago guztiz garatuta 25 urte betetzen diren arte. Aldiz, haurtzaroaren amaieran eta pubertaroan eremu azpikortikalak, emozioen sorkuntzarekin zerikusia dutenak, oso aktibo egon ohi dira.

Ingurumena

Cydalima perspectalis sitsaren izurriteak animalia espezie autoktonoei kaltea eragin die, Euskal Herriko ezpeldiak desagertzeko bidean utzi ditu eta adituek uste dute eragina izanen duela mendialdeko ekosisteman ere. Espezie inbaditzailea da eta ezpela du elikagai. Zuhaixka hori mendiaren parte da. Beraz, hori desagertuz gero, ingurune osoa alda daiteke. “Ezpel autoktonoaren ondare genetikoa desagertzen ari da, eta hori, berez, galera handia da, biodibertsitateari dagokionez; baina, horrez gain, lurzoruan ere badu eraginik”, azaldu du Zerynthia elkarteko buruak, Yeray Monasteriok Berrian.

Arkeologia

Leize-hartzari buruz hitz egin digute artikulu honetan. Erdi Pleistozenoaren amaieran eta Goi Pleistozenoan bizi izan zen eta orain dela 24 eta 26 mila urte desagertu zen betiko. Testuan azaltzen diguten moduan, espezie horren iraungipenaren arrazoia oraindik ere eztabaidagai da, baina gaur egun bi arrazoi daude indarrean: alde batetik, landaretzaren ekoizkortasunaren beherakada handia, klimaren hoztearen eraginez; eta bestetik, gizakiek egindako hartz-ehiza. Zeintzuk dira desberdintasunak egun ezagutzen ditugun hartzekin alderatzen baditugu? Nolakoa izan zen leize-hartzaren hedadura? Eta ba al dakizue leize-hartzak Askondon (Bizkaia) bizi izan zirela? Ez galdu artikulu interesgarri hau!

Astronomia

James O’Donoghue Ingalaterrako astronomoak Eguzki Sistemako planeten errotazio abiada parekatzeko bideo bat sortu du NASAren irudiak erabiliz. Bertan, adibidez, Jupiter Lurra baino 2,4 aldiz azkarrago mugitzen agertzen da, eskala kontuan hartuta. Izan ere, eta testuan azaltzen digutenez, Jupiter Lurra baino ia 11 aldiz handiagoa da. Gainera, Lurrak 23,9344 ordu behar ditu bira bat egiteko; Jupiterrek, berriz, 9,9. Artizarrari (Venus) dagokionez, ia geldirik agertzen da. Ez galdu Berrian aurki daitekeen bideoa!

Arkitektura

Euskal landa-arkitektura tradizionalak mendeetan iraun du euskal lurralde osoan. Energia-oreka eta -eraginkortasun handiko estrategia pasiboak ditu ezaugarri arkitektura mota honek. Izan ere, tokiko ingurumen-baldintzen eta eraikinaren eraikuntza-ezaugarrien arteko interakzioa gertatzen da beraren barnean. Artikulu honek arkitektura mota horren itxitura-elementuen eraikuntza-bilakaerak beraren barne-giroari nola eragin dion jakitea du helburu.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude