Usteak erdi ustel: ez dirudi likenek landareei bidea ireki zietenik

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Lur idorraren kolonizazioan likenak aitzindariak izan zirela ustea zabalduta dago adituen artean, landareei bidea ireki zietelarik. Arrazoi sinplea da: egungo ekosistemetan hala gertatzen da gehienetan. Baina datu berriek erakusten dute seguruenera hori ez zela hala izan.

Zeharo bitxiak dira onddoak. Hasiera batean, itxuragatik, landare direla eman dezake. Baina gizakiok mundua antolatzeko eratu dugun sailkapenean erreinu propioa eman behar izan diegu; landareak ez bezala, onddoak ez direlako gai haien elikagaiak sintetizatzeko. Bada, ez dira ez landareak. Algen kasua ere berezia da: fotosintesia egiteko gai dira, baina, –beste behin ere, landareak ez bezala– , sustrai eta zutoinik gabeko organismoak dira.

Berezitasunen festa honetan, likenak are bereziagoak dira. Natura-zientzien hastapenetan landaretzat hartu ziren, eta gero onddotzat. Simon Schwendener botanikoa izan zen XIX. mendearen erdialdean konturatu zena liken deitzen dugun hori onddo baten eta alga baten arteko harreman sinbiotikoaren ondorioa dela. Ordudanik, sinbiosiaren paradigma bihurtu dira likenak: onddoak babesa ematen du, eta algak fotosintesia bitartez ekoiztutako nutrienteak. Baina duela 150 urte inguru Schwendenerrek esandakoa ez da azken hitza izan. Duela gutxi jakin da zenbait likenetan onddo batek ez baizik bi onddok parte hartzen dutela. Likenologiaren diziplinan aurkikuntza horrek iraultza txikia ekarri zuen, mende eta erdiz ziurtzat ematen zelako likenena soilik bien arteko kontua zela.

1. irudia: Eremu gordin askotan likenak dira bidea irekitzen dutenak. Logika horri jarraiki, litekeena da eboluzioan ere hala gertatu izana. Baina ez dirudi horrela denik. (Argazkia: Bering Land Bridge National Preserve / CC BY 2.0)

Zientzia hutsetik harago, aurkikuntza horren aurrean istorio polit bat ere bazegoen. Erica Gies kazetariak Investigación y Ciencia aldizkarian idatzi zituen ikerketaren atzean zeuden nondik norakoak. Giesen kontakizunaren arabera, Science aldizkariko azala merezi izan zuen ikerketa hori, hein batean, Kanadako Columbia Britainiarreko Wells Gray parke naturalean bizi den Trevor Goward naturalistari zor zaio. Zientzia-formazio arautua izan gabe arlo zehatz batean izugarrizko ezagutzak eskuratzen dituen lagun horietako bat, hain justu. Eta agian ohiko zientzia ibilbide hertsietatik kanpo egon izanagatik ordura arte finkotzat jotzen zena beste modu batean ikusteko aukera izan zuen Grayk.

Halako proposamen ausart asko beharko dira zientziaren bidezidorrean aurrera egiteko eta oraindik erantzuna ez duten galderei erantzun berriak bilatzeko. Adibidez, eta likenenen alorrean jarraituta, oraindik misterioa da zergatik hasi ziren elkarrekin bizitzen bi organismo horiek. Beste harreman sinbiotikoei begira, baliteke hasiera batean onddo batek alga bat eraso egin izana, eta liskar horietatik harreman baketsu bat sortu izana. Funtsean, gure gorputzetan ere antzeko zerbaiten arrastoa legoke, Lynn Margulis biologoak proposatu zuen teoria endosinbiotikoaren arabera.

Berdin eraso baten ondorio izanik edo hasieratik elkarrekintza baketsu baten ondorio izanik, kontua da elkarte horrek oso emaitza indartsua sortzen duela. Jakina da likenek oso muturreko egoeretan bizirik jarraitzeko ahalmena dutela –Nazioarteko Espazio Estazioan egindako esperimentuek erakutsi dute espazioan ere lasai asko mantentzen direla hainbat hilabetez–. Besteak beste, zuhaitzei edota harkaitz gordinei eusteko gai dira. Eta, arlo makroskopikoan bederen, ekosistema askotan likenak dira, nolabait esateko, biziaren aitzindariak. Horiek dira eremu latzak kolonizatzen dituzten lehenak, eta horiek osatzen dute gero etorriko diren beste hainbat organismoren oinarria. Oinarri, zentzu askotan: bai kate trofikoari dagokionez, zein oinarri fisiko bezala ere.

Horregatik, denbora askoan zientzialariek pentsatu dute Lurraren historian likenak egon zirela uretatik lur idorrera igaro ziren lehenengo organismoen artean. Hipotesi horren arabera, likenek rol garrantzitsua jokatu zuten atmosferaren aldaketan, eta, bestetik, ordura arte arroka huts besterik ez zirenak sustraiak dituzten landareentzako aterpe bihurtu zituzten. Egoera berri hori izan zen, hain justu, landareei bidea erraztu ziena.

Hipotesi polita da, dudarik gabe, sen onean oinarrituta. Baina, jakina da askotan errealitatea ez dela guk uste dugun bezain sinplea. Hala, orain argitu dutenez, likenak landareak baino milioika urte geroago garatu ziren. Hortaz, ezinezkoa da likenek landareei bidea ireki izana. Hara beste iraultza txiki bat likenologiaren erreinu txikian!

2. irudia: Onddo baten eta alga baten arteko “elkarlanari” esker osatuta daude likenak. Horregatik, sinbiosiaren paradigmatzat jo dira sarritan. (Argazkia: Matthew P. Nelsen / Field Museum)

Geobiology aldizkarian argitaratutako ikerketa artikulu batean eman dituzte xehetasunak (artikulu hori hemen ere dago eskuragarri, modu irekian). Artikuluaren nondik norakoak azaltzeko atera duten prentsa oharrean azaldu dutenez, Matthew Nelsen artikuluaren egile nagusiaren hasierako helburua ez zen kronologia kolokan jartzea, algen eta onddoen arteko harremanak argitzea baizik. Bi organismoek osatutako entitatea izanda, bai onddoen zein algen eboluzioa aztertu behar izan dute.

Likenen eboluzioa aztertzeko, gainera, ez da oso lagungarria erregistro fosilari jotzea, oso zaila baita bereiztea fosil bat benetan liken batena ote den. Dena dela, dudarik gabe likentzat jotzen diren fosilen kasuan, guztiak dira landaretzat hartzen diren fosilak baino berriagoak.

Beste bide bat jorratu behar, beraz. Nagusiki, erloju molekularraren teknika baliatu dute datak ebazteko. Espezieen arteko dibergentzia kalkulatzeko erabiltzen den teknika hori erabili ondoren, atera duten ondorioa da likenak landareak baino “gazteagoak” direla, zentzu ebolutiboan. Lur idorreko lehen landareak duela 450 milioi urte inguru garatu zirela uste da, eta likenak batez bestean duela 250 milioi urte garatu zirela proposatu dute orain. Egin duten kalkuluaren arabera, gutxi gora behera lehenengo likenak iratzeak eta beste hainbat landare baskular batzuk agertu eta 100 milioi urtera agertu ziren.

Halako teknikak erabiltzen direnean, kontuan hartu behar da datak oso gutxi gorabeherakoak direla. Halere, landareen eta likenen arteko agerpen tarteak dezente handiak direla proposatu dute. Bestetik, datak batez bestekoak direla nabarmendu beharra dago. Are gehiago, eta liken motaren arabera dibergentzia datak aldatzen direla kontuan izanda, beste ondorio garrantzitsu bat atera dute: ez zen egon likenen bat-bateko”genesi” bat. Alegia, onddo desberdinek algei eusteko joerak modu independentean garatu zituztela. Hori zergatik izan zen, ordea, argitzeko dago oraindik.

Erreferentzia bibliografikoa

Nelsen, MP, Lücking, R, Boyce, CK, Lumbsch, HT, Ree, RH. (2019). No support for the emergence of lichens prior to the evolution of vascular plants. Geobiology. 2019; 00: 1– 11. DOI: https://doi.org/10.1111/gbi.12369.


Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude