Leize-hartza Askondon (Mañaria, Bizkaia)

Asier Gómez eta Mónica Villalba

Leize-hartza (Ursus spelaeus s.l.) Kuaternarioko megafaunaren espezie paradigmatikoetako bat dugu. Erdi Pleistozenoaren amaieran eta Goi Pleistozenoan bizi izan zen eta orain dela 24 eta 26 mila urte desagertu zen betiko, hotz handi-handiko aldi batean. Espezie horren iraungipenaren arrazoia oraindik ere eztabaidagai da, baina gaur egun gehien onartzen diren hipotesiek bi kausa nagusi darakuskite: alde batetik, landaretzaren ekoizkortasunaren beherakada handia, klimaren hoztearen eraginez; eta bestetik, gizakiek egindako hartz-ehiza.

1. irudia: Leize-hartz (Ursus spelaeus s.l.) baten berrosaera. (Ilustrazioa: Amaia Torres Piñeiro)

Ikertzaile batzuen arabera, espezieak hainbat mila urte gehiagotan biziraun zuen Europako hegoaldeko eta ekialdeko aterpe klimatikoetan, baina hori egiaztatzeko, Karbono-14 bidezko datazio gehiago egin beharko lirateke. Azterketa paleogenetikoek diotenez, gutxienez, leize-hartzen hiru leinu genetiko bizi izan ziren batera Goi Pleistozenoan. Ildo horretan, zientzialari batzuek espezie desberdintzat hartu dituzte: Ursus ingressus Europako erdialdean eta ekialdean, Ursus kudarensis Kaukasoan, eta Ursus rossicus Siberiako hegoaldean.

2. irudia: Leize-hartzen taldearen mapa filogenetikoa (goian; lau espezie, espezie batek bi azpiespezie dituela), hartz arrearen aldean (behean). (Iturria: Baca et al., 2016, egileek moldatutako irudia)

Johann Christian Rosenmüller zirujau eta anatomistak espezie berriaren deskribapena egin zuen 1794. urtean. Animalia horrela izendatzeko arrazoia dugu leize-hartzen lehen hezur fosilak leize edo haitzuloetan aurkitu zirela. Europako haitzulo batzuetan, milaka hezurrez osaturiko pilaketak idoro dira, espezie horrek leizeak erabiltzen zituelako negua bertan lo emateko eta, batzuetan, gosez eta ahulduraz hiltzen ziren haitzuloen barruan.

Alde nabariak aurkituko ditugu baldin eta erkatzen baditugu leize-hartza eta gaur egun bizi den horren ahaiderik hurbilekoena, hartz arrea. Alde horiek eskeletoaren alde guztietan igar daitezke, baina oso agerikoak dira garezurrean, masailezurrean eta esku-oinetan: I hatza (erpurua) laburragoa da leize-hartzetan, eta gainera, metapodoak eta hatz-hezurrak indartsuagoak dira, hau da, zabalagoak dira, luzeraren aldean.

3. irudia: Alde handiak daude leize-hartzen eta hartz arreen artean (azkenek eredu morfologiko primitiboagoa dute). Leize-hartzek maila nabarmena dute kopetan (1); masailezurraren aurreko matrailagin txikiak galdu dituzte (2); masailezur-adar aurreratua dute (3); masailezurraren egitura garaiagoa da (4) eta profila makurragoa (5). Alde horien guztien eta hortz handiagoak izatearen arrazoia dugu leize-hartzen dieta hartz arreena baino begetarianoagoa zela. (Irudia: Asier Gómez eta Mónica Villalba – Creative Commons 4.0. lizentziapean)

Leize-hartzen tamaina eta gaur egun bizi diren hartz handienen (Kodiak hartza, hartz zuria) tamaina antzekoak lirateke. Arrek 400-500 kg-ko pisua zuketen eta emeek 225-250 kg-koa. Bi sexuen arteko tamainaren desberdintasunari dimorfismo sexual deritzogu. Dimorfismoa agerikoa da banako hezurren tamainan ere, eta oso desberdintasun nabariak antzeman daitezke bi sexuen artean. Oro har, erregistro fosilean hortz-haginak hobeto gordetzen direnez, betortzen zeharkako dimentsioak erabili ohi dira arrak eta emeak bereizteko. Eskeleto osoetan, hartz arrak bereiz daitezke baculum deritzona (zakil-hezurra) dutelako. Zakil-hezurra ugaztun-talde askoren arretan ageri da; emeetan, aldiz, baubellum (edo klitori-hezurra) agertzen da. Leize-hartzen populazioen artean ere desberdintasun nabarmenak izan ziren tamainari dagokionez. Esate baterako, Ekialdeko Alpeetan aurkitutako aztarna batzuek (Ursus spelaeus lanidicus eta Ursus spelaeus eremus) desberdintasun handiak erakusten dituzte gainerako hartzen populazioen aldean, alpetarrak txikiagoak direlako. Beste alde batetik, leize-hartzen leinuetako bat, Ursus ingressus, Europako erdialdean eta ekialdean bizi izan zen eta Europako mendebaldeko leize-hartzak (Ursus spelaeus s.s.) baino handiagoa eta indartsuagoa izan zen.

Leize-hartzaren hedadura

Leize-hartzaren hedadura zabal-zabala izan zen, Europa osoan barrena eta Asiako zati batean (Kaukason eta Siberian). Iberiar penintsulan, aldiz, iparraldeko erdian baino ez da dokumentatu, eta aztarnategiak zein aztarnen kopurua ugari-ugariak dira Kantauri aldean eta Kataluniako ipar-ekialdean.

4. irudia: Europako mapa honetan, proposaturiko leize-hartzen espezieak eta haien banaketa geografikoa ageri dira. (Irudia: Asier Gómez eta Mónica Villalba – Creative Commons 4.0. lizentziapean)

Euskal Herrian, espezie horren aztarna ugari aurkitu dira honako lekuetan: Muniziaga (Galdames), Askondo (Mañaria), Astigarragako kobea eta Ekain (Deba), Lezetxiki (Arrasate), Troskaeta (Ataun), Arrikrutz (Oñati), Amutxate (Aralar), eta Izturitze, besteak beste.

5. irudia: Askondoren kokapena eta leize-hartzen hedapena iberiar penintsulan. (Irudia: Asier Gómez eta Mónica Villalba – Creative Commons 4.0. lizentziapean)

Jatorria

Leize-hartzen eta hartz arreen leinuen jatorria erkidea da: orain dela 1,2 milioi urte sortu bide ziren biak, azterketa molekularrek ondorioztatu dutenez. Leize-hartzaren arbaso berriena Deninger hartza (Ursus deningeri) da; Deninger hartzaren eitea antzekoa da, baina ondorengo leize-hartza baino txikiagoa eta ez horren indartsua (6. irudia). Bi espezie horien arteko banaketa artifiziala da, haien artean bitarteko ugari ageri direlako eta, hortaz, ikertzaile askok leize-hartzen taldean sartzen dituzte bi-biak. Bizkaian, U. deningeri hartzaren aztarna osoak aurkitu dira Raneroko Santa Isabel haitzuloan (Karrantzan), 300 mila urte dituztela (7. irudia).


6. irudia: Leize-hartza eta gaur egungo hartzen arteko erlazioa adierazten duen eboluzio eskema sinplifikatua. (Irudia: Mónica Villalba eta Asier Gómez – Creative Commons 4.0. lizentziapean)

7. irudia: Raneroko Santa Isabel haitzuloko (Karrantza) Ursus deningeri hartzaren garezurraren marrazkia. (Ilustrazioa: Paula Martin Rodríguez)

Goi Pleistozenoan, Europan, leize-hartzak beste hartz-espezie batzuekin batera bizi izan ziren, hala nola hartz arrearekin (Ursus arctos) eta, unean-unean eta leku jakin batzuetan, Tibeteko hartz beltzarekin (Ursus thibetanus). Leinu desberdinekoak izan arren, azterketa genetikoek frogatu dute leize-hartzak eta hartz arreak hibridatu egin zirela; izan ere, gaur egun bizi den hartz arrearen genomaren % 0,9-2,4 iraungitako espeziearen genomatik dator.

Dieta

Oraintsuko ikerketen arabera, badakigu leize-hartzak, gehienbat, belarjaleak zirela (fruituak, belarrak, sustraiak, baiak eta abar jaten zituzten), azterketa isotopikoei, garezurraren morfologiari, masailezurrari eta hortzeriari esker. Leize-hartzek aurreko matrailaginak (gainerako haginak baino txikiagoak) galdu zituzten eta, ondorioz, hortz handiagoak, kuspide anitzekoak garatu zituzten, elikagai urragarriak jateko egokiagoak. Gainera, leize-hartzek beste hartz-espezie batzuek baino masailezur indartsuagoa dute eta muskulu-lotune sakonak dituzte murtxikatzeko muskulu garatu eta sendoei eusteko. Beste alde batetik, aztarna fosil batzuetan ageri diren markak direla eta, badakigu beste leize-hartz batzuek hildakoen haragi ustela jan zutela; azkenik, hortzeriaren higaduran funtsaturik, ondorioztatu dezakegu askotariko dieta zutela eta, inoiz, haragia jaten zutela. Beraz, leize-hartzak ez ziren egungo hartz arreak bezain orojaleak izango, ez eta belarjale hertsiak ere. Dietaren inguruko azterketek diotenez, oso habitat heterogeneoetan bizi izan ziren. Elkarrengandik hurbil bizi ziren populazioek dieta berezitu zuten. Gainera, ekosistema desberdinak dituzten altitude eta latitudeetara egokitu ziren eta Goi Pleistozenoan gertatu ziren klima-aldaketa laburretara ere bai.

Leize-hartzak Askondon (Mañaria, Bizkaia)

Askondoko haitzuloa edo leizea Mañarian dago, San Lorentzo baselizatik hurbil, Urkuleta auzoan. Gaur egun, Kanterazarra harrobiak zati batean itxita dauka haitzulorako sarbide nagusia; barruan, 302 metroko luzera eta 9 metroko desnibela du guztira. Leizea I-H norabideko haustura-sistema bati jarraiki sortu zen, disoluzioz (hasierako aldian) eta higaduraz nahiz grabitatearen eraispenez (geroko aldian). Askondoko haitzuloa Aramotz unitate hidrogeologikoaren sistema karstikoaren barruan dago eta leizea errudistaz eta koralez beteriko Kretazeoko uharri-kareharriz osaturik dago.

8. irudia: Askondoko (Mañaria) haitzuloan aurkitutako leize-hartzen aztarnez osatutako erakusketa dago ikusgai 2020ko irailera arte Mañariko Hontza museoan. (Argazkia: Hontza museoa)

Augusto Gálvez Cañerok egin zituen lehen indusketak XX. mendearen hasieran; geroago Joxe Miel Barandiaran izan zen haitzuloan 1929an. 1963. urtean, Joan Serrések leize-hartzaren bi burezur aurkitu zituen barruan eta, hamarkada horretan bertan, Ernesto Noltek leizearen barrualdea aztertu zuen eta haragijaleen (gehienbat, hartzen) nahiz gizakien aztarnak aurkitu zituen; halaber, adierazi zuen haitzuloaren sarrera erdi itxita zegoela harrobiko lanen eraginez. Joan den mendearen 80ko hamarkadaren hasieran, Bizkaiko karta arkeologikoak zioen bazitekeela haitzuloaren barruko balizko aztarnategi arkeologikoa hondaturik egotea, sarrera eta lehen esparrua hondaturik zeudenez gero.

2011ko urtarrilean, leizea berriro arakatu zen eta labar-margoak aurkitu ziren bertan. Horri esker, Bizkaiko Aldundiak finantzatu eta Diego Garatek eta Joseba Rios-Garaizarrek zuzendutako ikerketa proiektua abiatu zen, haitzuloaren sarreran hiru zundaketa gauzatzeko asmoz. Ikerketa horrek, hain zuzen ere, leizearen lehen ingurumari arkeologikoa eta paleontologikoa ondu zuen eta, horretan funtsaturik, badakigu gizakiek eta haragijaleek haitzuloa erabili zutela Historiaurreko hainbat alditan. Hala, Neandertal gizakiak (Homo neanderthalensis) bizi izan ziren Askondon orain dela 45 mila urte baino gehiago; geroago, gizaki modernoen (Homo sapiens) taldeek baliatu zuten haitzuloa Goi Paleolitoan: Aurignac aldian (gutxi gorabehera, orain dela 36 mila urte); Gravette aldian, (gutxi gorabehera, orain dela 28.500 urte) eta Goi Solutre aldian (gutxi gorabehera, orain dela 20-21 mila urte). Azkenik, Brontze Aroan (orain dela 3.500 urte inguru), 10 urteko ume baten aztarnak utzi ziren haitzuloaren barruan.

Leize-hartzei gagozkiela, haitzuloaren azalaren gainean idoro diren aztarnez gain (testuinguru estratigrafikorik gabekoak), beste aztarna batzuk berreskuratu dira hainbat mailatako indusketa-lanetan eta zuzeneko datazioa egin da erradiokarbonoa erabiliz. Horri guztiari esker, badakigu leize-hartzak haitzuloaren barruan bizi izan zirela 10 mila urtetik gorako aldi batean. Leize-hartzen hainbat belaunaldik Askondo erabili zuten negua lo emateko eta, batzuetan, gazteegiak zirelako, zaharregiak zirelako edo erreserba nahikorik ez zutelako, neguan hil ziren leizean bertan.

Hontza museoan gordeta dagoen Askondoko leize-hartzen aztarnen bilduma dohaintzan eman zuten Durangaldeko Paleontologia-elkarte batek (zoritxarrez orain dela 30 urte baino gehiago desegin zen) eta Unai Periañezen senideak.

Iturriak:

———————————————————————————-

Egileez: Asier Gómez Olivencia (@AsierGOlivencia) Ramón eta Cajal eta Ikerbasque ikertzailea da UPV/EHUko Estratigrafia eta Paleontologia Sailean eta Mónica Villalba de Alvarado doktorego aurreko ikertzailea da Eboluzioa eta Giza Portaeren UCM-ISCIII Ikerketa Zentroan.

———————————————————————————-

—————————————————–

Itzultzailea: Manu Gañan Valero

——————————————–——–

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>