MAVEN zundak eskuratutako datuetan abiatuta, NASAko ikertzaileek Marteko goiko atmosferan izaten diren haizeen norabidea eta indarra zehazteko modua izan dute. Lurrarenak baino sinpleagoak direla ikusi dute, eta egonkorragoak.
Espazioaren esplorazioari buruz ari garenean, askotan suposatutzat ematen dugu goi mailako teknologiez eta protokolo zuhurrez betetako mundua dela, eta hala da gehienetan. Baina hasiera-hasieratik ezustekoek eta azken orduko aldaketek ere berebiziko garrantzia izan dute, eta horrela eskuratu dira lorpen garrantzitsu batzuk. Adibidez, 1990an Carl Saganek NASAko arduradunak konbentzitu zituen Vogager I zunda Lurrari begira jartzeko, eta modu horretan Pale blue dot izenez ezagutzen den Lurraren argazkia lortu zen. Zientziaren interes hutsetik begiratuta, zundaren mugimendu horrek ez zuen apenas baliorik izan, baina irudi horrek Gizaterian eragindako eragin positiboa seguruenera zundak eskuratutako datu askorenak baino handiagoa izan da.
2014. urtetik Marte orbitatzen duen MAVEN zundaren kasua da ere. Mars Atmosphere and Volatile Evolution edo Marteko Atmosferaren eta Lurrunkorren Bilakaera esaldiaren akronimoa da MAVEN, eta ez da planeta gorriaren atmosfera ikertu duen zunda bakarra. Mars Global Surveyor, Mars Odyssey eta Mars Recoinnaissance Orbiter zunden bitartez ere datu garrantzitsuak eskuratu dira eremu horri buruz; baina, beti ere, datu horiek mugatuak izan dira.
MAVEN zundaren barruan hainbat tresna daude, eta horietako bat NGIMS izeneko espektrometroa da. Bada, 2016ko apirilean Mehdi Benna NASAko zientzialariari bururatu zitzaion tresna hori egokitzeko aukera. Bennaren ustez, haizearen jarioak aztertzeko aukera ematen zuen espektrometroaren birprogramatzeak, tresnak 8 graduko angelu batean mugitzeko aukera duelako. Esan beharrik ez dago hasiera batean zundaren arduradunak zuhur azaldu zirela horrelako aukera baten aurrean, baina azkenean hori egiten ausartu ziren. Eskerrak.
Zunda behin eta berriz murgildu da goiko atmosferan, 140-240 kilometro arteko altueran. Espektrometroan moldaketa hori eginda, 30 segundoko tartean atmosferaren bi puntu hurbiletan neurketak egiteko moduan egon dira. 2016tik 2018ra, hilabetean bitan egin dituzte neurketak. Zeharka bada ere, ikertzaileek aukera izan dute haizearen abiadura eta norabidea ondorioztatzeko, berez espektrometroa horretarako bideratuta ez zegoen arren. Hala, anemometro bihurtutako tresna horren bitartez, zientzialariek eskuratu ahal izan dituzte Marteko atmosferan dauden haizeen inguruko xehetasunak. Science aldizkarian aurkeztu dituzte emaitzak.
Lurrean bezala, termosfera eta ionosfera dira goiko atmosferan dauden geruzak, eta bertan ere nagusiki bi faktorek baldintzatzen dute eremua: Eguzkitik datorren energia eta beheko atmosferatik datorrena. Desberdinak izanda ere, Lurraren eta Marteren atmosferek badute antzekotasunik, eta horregatik hasieratik ikertzaileen xedeetako bat izan da Lurreko atmosfera hobeto ulertzea.
Oroitu beharra dago MAVEN misioaren bitartez ere argitu nahi izan dutela zergatik galdu zen Marteko atmosfera gehiena. Hein handi batean, MAVENi esker orain badakigu eguzki-haizea dela galera horren zio nagusiena. Eragin hori are handiagoa izan da Martek erradiazio horretatik babesteko eremu magnetiko indartsurik ez duelako.
Zirkulazio globala
Gaiari buruz aurreikusitako ereduak berretsi dituzte, Bennak berak prentsa ohar batean azaldu duenez. “Interesgarria izan zen ikustea goiko atmosferan behatutako joerek orokorrean bat egiten dutela ereduetatik aurreikus daitekeenarekin. Fisika badabil”, adierazi du. Atera duten ondorio nagusiena da Marteko zirkulazio-patroiak Lurrarenak baino sinpleagoak direla, goiko atmosferan bederen, eta ez direla asko aldatzen sasoi bakoitzaren arabera.
Bestalde, ikusi dute oso altuera handian egon arren, hein handi batean lurrazaleko orografiak ere baldintzatzen dituela goizko atmosferako haizeen norabideak. Horrela, 200 inguru kilometrora dauden haize horiek Marteko mendien, arroila edota haranen araberakoak dira ere. Ondorio hori ateratzeko haizeek sortutako grabitate-uhinak aztertu dituzte [ez nahastu grabitazio-uhinekin]. Ikertzaileek azpimarratu dute Lurrean ere orografiak eragin handia duela haizeetan, baina hemen ez dela iristen hain altuera handietara.
Hartu duten ezusteko nagusiena izan da denbora gutxian oso aldagarriak direla haize horiek. Izan ere, epe luzera nahiko egonkorrak izan arren, epe motzean dinamika handiagoa dago, eta orain arte eredu teorikoek espero zutena baino aldagarritasun gehiago topatu dute. Hori zergatik gertatzen den argitu nahi dute orain. Zientzian gertatu ohi den moduan, ate bat irekitzen den aldiro galdera berriak azaltzen dira zirrikitu guztietatik. Baita haize indartsuak ere.
Erreferentzia bibliografikoa
Benna et al., (2019). Global circulation of Mars’ upper atmosphere. Science, 366 (6471), 1363-1366. DOI: 10.1126/science.aax1553.
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
3 iruzkinak
[…] NASAko ikertzaileek Marteko goiko atmosferan izaten diren haizeen mapa osatu dute, MAVEN zundak eskuratutako datuei esker. Hain zuzen, haizeen norabidea eta indarra zehaztu dute. Honen harira, Marteko zirkulazio-patroiak Lurrarenak baino sinpleagoak dira eta egonkorragoak direla ikusi dute. Ikertzaileek sorpresa […]
[…] robotarekin batera, besteak beste, planetaren paisaia deskubrituko dute umeek: mendi handi-handiak, arroila erraldoiak, zulo beldurgarriak… Edota meteorologia eta bertan ohikoak diren hareazko ekaitzak. Izan ere, Mia […]
[…] gorabehera, oso zaila da duela hiru edo lau mila milioi urte nolakoa zen irudikatzea: planetak atmosfera askoz dentsoagoa zeukan, eta ozeano batek estaltzen zuen bere arro boreal handia; ibaiak zeuzkan […]