Marteko 2018ko ekaineko hauts-ekaitza

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Maiatzaren 30etik planeta osoari bira ematen ari zaion hauts-ekaitz orokor bat beha daiteke Marten. Hauts-ekaitzak ohikoak dira Marten, batez ere hego-hemisferioan, baina, normalean ez dira hain handiak. Egunotan Marten ikus daitekeen ekaitza, Ipar Amerika eta Errusia batera baino handiagoa da. Ekainaren 12an, 35 milioi km² hartzen zituen, planetaren laurdena. Azken hauts-ekaitz globala 2007an izan zen.

Lurrean ere badaude hauts-ekaitzak edo hondar-ekaitzak, basamortuetan, batez ere. Baina Lurreko baldintzak ezberdinak dira, eta Lurreko ekaitzak ez dira Marten bezain beste zabaltzen. Planeta gorria Eguzkitik gertuen dagoenean, hego-hemisferioan udaberria edo uda denean, atmosfera berotu egiten da eta gainazalean sortzen diren tenperatura-kontrasteek eragindako haizeek gainazalean pausatuta dagoen hautsa mugiarazten dute. Gainera, neguan izoztutako CO2 kasko polarra lurruntzen hasten da garai honetan. Horrek atmosfera loditu, eta ondorioz trinkoago egiten du. Horrela, hautsa airean geratzea ahalbidetzen da. Hautsa, 60km-raino igo daiteke atmosferan barrena. Halere, normalean, ekaitza txiki mantentzen da, ez da oraingoa bezain handia bilakatzen (ekaitza tokikoa, ez orokorra, dela diogu kasu honetan) eta astebete inguru irauten du.

Gaur egun zientzialariok oraindik ez dugu ondo ulertzen zergatik hauts-ekaitz batzuk tokikoak diren astebetez, eta beste batzuk orokorrak izan arte handitzen diren, azken hauek hilabeteak luza daitezkeelarik. Zorionez, inoiz izan dugun aukerarik onena dugu orain. Curiosity izeneko bertan baita, ekaitzean guztiz murgilduta (ikus 1. irudia).

1. irudia: Curiosityren Mastcam kamerak ateratako bi argazki hauetan Marteko Gale kraterraren barrualdea ikus dezakegu bi egun ezberdinetan; ezkerraldean ekainaren 7ko argazkia eta eskuinaldean hiru egun beranduagokoa. Bertan, atmosferako hauts kantitatea nabarmenki handitu dela ikus daiteke. (Argazkia: NASA/JPL-Caltech/MSSS)

Bestalde egun, 3 orbitadore baino gehiago daude Marteren inguruan biraka. Beraz, hauts-ekaitza bertatik aztertuz, Marteko eguraldi eta klimari buruzko aurkikuntza berriak egiteko beta paregabea dugu.

2. irudia: Ekaitzaren bilakaera ikus daiteke NASAren Mars Reconnaissance Orbiter izenekoaren MARs Color Imager (MARCI) kamerak hartutako irudiez osatuta. (Argazkiak: NASA/JPL-Caltech/MSSS)

Opportunity roverra ere Marten da, planetaren beste aldean. Honek ordea eguzki panelen bidez lortzen du energia, eta ekaitzak dirauen bitartean gainazalera iristen den eguzki-argia ez da nahikoa Opportunity aktibo mantentzeko. Lotan da beraz. Espero dezagun ekaitzak luze ez irautea, Opportunityren bateria hotzez hil ez dadin, 2010ean Spirit izeneko bere rover bikiari gertatu zitzaion moduan. Zorionez, Curiosityren bateria, energia nuklearraz elikatzen da eta, beraz, ez du eguzki-argirik behar. Gau eta egun egin dezake lan. Baina kaltetu ahal dezake hauts berak roverra edo bertako instrumenturen bat? Ingeniarien ustetan, ez. Misioaren prestaketetatik roverraren gainean pilatutako hautsa nola kendu pentsatua eta planeatua dute. Hala ere, zientziaren zati bat egiteko lan-modua aldatu edo egokitu behar da. Adibidez, argi gutxiago dagoenez, kamerek denbora luzeagoan izan behar dute objektiboa irekita.

Esan bezala, hauts-ekaitz honen aurretik azkena 2007koa izan zen. Urte hartako ekaitza oraingoa baino handiagoa izan zen, baina arinagoa. Ekaitz haren opakotasuna 5,5ekoa izan zen, eta oraingo ekaitzarena 10,8 da, ia bikoitza. 2007ko ekaitza orokorra izan bazen ere, ez zen behatutako handiena izan. Izan ere, sumendi garaienen gailurrak izan ezik, planeta osoa ilundu zuten 1971-1972an Mariner 9 misioak behatutako hauts-ekaitzak edo 2001ean Mars Global Surveyor-ek behatutakoak (ikus 3. irudia).

3. irudia: NASAko Mars Global Surveyor orbitadorearen Mars Orbiter Camerak 2001eko hauts-ekaitz erraldoiari hartutako bi argazki. Planetak jasandako erabateko itxura-aldaketa hilabeteko tartean gertatu zen. (Argazkia: NASA/JPL-Caltech/MSSS)

Ez dirudi oraingo hauts-ekaitz hau planeta osoa estaltzera iritsiko denik, baina nork daki… adi jarraitu beharko!


Egileez: Naiara Barrado Izagirre (@naierromo) UPV/EHUko Fisika Aplikatuko irakaslea da eta Zientzia Planetarioen Taldeko kidea. Itziar Garate Lopez (@galoitz) Fisikan doktorea da eta Parisko Meteorologia Dinamikoaren Laborategiko ikertzailea.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.