UPV/EHUko bi ikertzaile NASAren Mars2020 misioan

Unibertsoa ezagutzeko asmoz hamaika misio eta espedizio ezagutu ditugu XX. mendetik hona. Azken urteotan ezagunak egin zaizkigu Marte aztertzeko bertara bidalitako esploratzaile berezi batzuk: robotak. Gaur egun, besteak beste, 2012. urteko abuztuan ailegatu zen Curiosity robota dago Marten lanean. 2021. urtean lankide berri bat gehituko zaio, Mars2o2o Rover-a. NASAk iragarri berri du 2020ko udan Martera bidaliko duen ibilgailua, UPV/EHUko Zientzia Planetarioen Taldeko bi ikertzailek garatzen lagunduko duten, MEDA (Mars Environmental Dynamics Analyzer) tresnaz osatuta egongo dela.

1. irudia: Marteren gainazala ikertuko duen ibilgailu berria. Curiosity robotaren ondorengoa: MARS2020. Irudia: CSIC

1. irudia: Marteren gainazala ikertuko duen MARS2020 ibilgailu berriaren osagaiak. Besteak beste, EHUko ikertzaileek garatzen lagunduko duten MEDA tresna (Mars Environmental Dynamics Analyzer). Irudia: CSIC

Lurraren ondoren, Marte da eguzki sistema osoan gehien esploratu eta hobeto ezagutzen den planeta. Teleskopioek, planetaren inguruko orbita desberdinetan kokatutako hainbat espazio-ontzik eta haren gainazalean zehar dabiltzan zenbait ibilgailuk aztertzen dute aspaldi Marte. Ibilgailu edo robot horien artean, Curiosity da planeta gorrian lanean diharduena azken urteotan. Lan hauek erakutsi dute, besteak beste, planetak ur likido ugari izan zuela gainazaleko eremu zabaletan duela milioika urte. Ura ezinbesteko baldintza da, astrobiologoen esanetan, bizitza garatu ahal izateko. Eta hori horrela izanik, existitu ote zen bizitza Marten? Galdera horri erantzuteko NASAk 2020. urteko udan Mars2020 ibilgailu berria bidaliko du Martera misio berri bat abian jarriz. Mars2020 rover edota lur orotako ibilgailuak Marten egon zitekeen iraganeko bizitza horren zantzuak bilatzeko miaketa lanak egingo ditu, Curiosity ibilgailuak egindako lanari jarraipena emanez.

Lana aurrera eramateko sistema teknologiko garatuekin osatua egongo da ibilgailua. Esaterako, MEDA edo Mars Environmental Dynamics Analyzer tresna izango du. MEDA estazio meteorologiko baten antzekoa da eta honen lana izango da Marten dauden erradiazio-dosiak, meteorologia eta ingurumen-baldintzak monitorizatzea. MEDA tresna 57 proposamenen artean hautatu berri du NASAk Mars2020 ibilgailuaren parte izateko. Astrobiologia ZentrokoJosé Antonio Rodríguez Manfredi ingeniaria ikerketa buru izango delarik, nazioarteko kontsortzio batek garatuko du tresna. Ikerketa-taldean UPV/EHUko bi kide izango dira: Agustin Sanchez Lavega Zientzia Planetarioen Taldeko zuzendaria, ikertzaile bezala eta Zientzia Planetarioen taldekoSantiago Perez-Hoyos, atmosferako partikulen ikerketan trebatutako aditua, kolaboratzaile bezala.

2. irudia: MEDAren egitura eta osagaiak. Irudia: NASA

2. irudia: MEDAren egitura. Irudia: NASA

Etorkizunean gerta daitezkeen balizko giza-esplorazioei laguntzeko asmoz, Marteko ingurumen-baldintzak jasotzeaz gain, MEDAk beste zeregin bat ere izango du: Planetako hautsaren propietateak ikertzea. Marte desertu erraldoi baten antzekoa da non, haizearen eraginez, planeta osoa inguratu dezaketen hauts ekaitz gogorrak sortu daitezke. Hori dela eta, hautsa harrotu, suspentsioan utzi eta planetaren gainazalaren gainean pausatzeko zikloari arreta berezia jarriko diote. UPV/EHUko Zientzia Planetarioen Taldeko zuzendaria den Agustin Sanchez Lavegak azaldu duenez “Marteko hautsa oso-oso fina da (mikra edo milimetro baten milioirenaren tamainakoa), eta gainazaleko haize bortitzek, atmosferaren dentsitate txikiarekin batera, hautsez betetako giroa sorrarazten dute planeta osoan. Hautsak instrumentu guztiak estali eta zeharkatzen ditu, eta horrek gogoan hartzeko moduko arriskua dakar espazio-ontzientzat eta astronautentzat”.

Misioan zuzenean parte hartzeaz gain, Zientzia Planetarioen Taldeakgaratu duen PlanetCam izeneko tresnateleskopio desberdinetan egokitu ondoren,Marteko atmosferaren egoera bereizten jardungo du datozen urteotan.

Iturriak:

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>