Asteon zientzia begi-bistan #282

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Astrofisika

NASAko ikertzaileek Marteko goiko atmosferan izaten diren haizeen mapa osatu dute, MAVEN zundak eskuratutako datuei esker. Hain zuzen, haizeen norabidea eta indarra zehaztu dute. Honen harira, Marteko zirkulazio-patroiak Lurrarenak baino sinpleagoak dira eta egonkorragoak direla ikusi dute. Ikertzaileek sorpresa hartu dute ikusi dutenean denbora gutxian oso aldagarriak direla haize horiek: epe luzera egonkorrak dira baina, epe motzean, dinamika handiagoa dago. Informazio guztia arikuluan.

Eboluzioa

Desagertutako espezieen bizi-itxaropena kalkulatzeko metodo bat garatu dute CSIRO Australiako ikerketa-zentroko ikertzaileek. Horien arabera, espezieen bizi-itxaropena ezagutzea beharrezkoa da biodibertsitate-politika egokiak ezartzeko. Jakin nahi duzue, adibidez, neandertalek eta denisovarrek zuten bizi-luzera? Eta mamut iletsuaren bizi-itxaropena? Elhuyar aldizkariko artikulu honetan aurkituko duzue erantzuna!

Homo erectus espeziea duela 117.000 urtera arte bizi izan zela jakin dute Iowako Unibertsitateko Antropologiako ikertzaileek. Hala, ezagutzen diren H. erectus-en fosil gazteenak direla baieztatu dute. Orain arte, Ngandongeko aztarnategian (Java, Indonesia) duela ia 90 urte aurkitutako fosil batzuen adina misterio bat zen eta orain argitu dute afera, Elhuyar aldizkariak jakinarazi duenez.

Kimika

Aurreko astean, bidaia oso interesgarri bat proposatu zigun Josu Lopez-Gazpio kimikariak: atomoen bizitzari buruz ikasi genuen, tartean, ardoaren elaborazioa ezagutuz. Oraingoan, bidaia harekin jarraituko dugu. Ardoaren hiru etapak azaldu dizkigu: lehendabizi mahatsak zanpatu egiten dira, ondoren, zukuaren hartzidura alkoholikoa eta malolaktikoa gertatzen da eta, azkenik, ardoaren heltzea dator. Eta etapa horietan guztietan atomoari egiten dion jarraipena ezagutzeko aukera izango duzu; mahatsetik gibelera. Ez galdu!

Psikologia

Teresa Esteban psikologoa eta BCBLko (Basque Center on Cognition, Brain and Language) ikertzailea da. Egun, parkinsona ikertzen dabil. Unibertsitatea.neteko elkarrizketa honetan, kontatzen du urteak joan ahala, guztiok aukera gehiago ditugula zailtasun kognitiboak jasateko baina parkinsona izateagatik, litekeena da zailtasun horiek handitzea. Horretaz gain, dementzia eta parkinsona gehienetan eskutik doazela dio: “Parkinsonaren diagnostikoa jaso eta 20 urte beranduago, gaixoen %80 inguruk dementzia izango duela pentsatzen da”.

Ingeniaritza

Alex Martínez de Agirre Topografian Ingeniari Teknikoa eta Geodesian eta Kartografian Ingeniaria da. Egun, ikertzailea da UPNA/NUPeko Ingeniaritza Sailean, Ministerioko proiektu bateko lantaldean. Bere tesian, nekazaritza lurren gainazalaren zimurtasuna ikertu zuen eta horri buruz hitz egin du Unibertsitatea.neteko elkarrizketa interesgarri honetan. Berak azaltzen duen moduan, “lurraren zimurtasunak prozesu hidrologiko garrantzitsuak eragiten ditu eta uraren kudeaketa hobetzeko ezagutu beharreko gaia da”. Horretaz gain, Martinez de Agirrek dio eragin zuzena duela satelite bidezko radar sentsoreek egiten dituzten neurketetan. Ikerketaren xehetasunak irakurtzeko, jo ezazue artikulura!

Emakumeak zientzian

Asteon, Mary Allen Wilkes programatzailea izan dugu protagonista. Zuzenbidea ikasi nahi zuen baina bere gurasoek ez zioten utzi. Hortaz, informatika alorrean lan egin zuen eta aitzindari bilakatu zen horretan. Massachusettseko Teknologia Institutuan (MIT) hasi zen lanean eta Laboratory INstrument Computer (LINC)-ko LAP6 sistema eragilea diseinatu zuen. Gainera, etxetik ordenagailu batekin lan egin zuen lehen pertsona izan zen. Dena dela, ez zuen inoiz ahaztu bere ametsa eta azkenean, Harvarden zuzenbidea ikasi zuen eta erretiroa hartu arte, abokatu gisa lan egin zuen.

Nanoteknologia

DNA material bikaina da nano-egiturak eraikitzeko. Artikulu honetan azaltzen zaigun moduan, horren manipulazioak aukera handiak eskaintzen ditu medikuntzaren arloan. Lan honek DNA nano-teknologiaren teknika desberdinak aurkeztu eta materia aktiboarekin lotzen ditu. Ikerketa hau nano-eskalako garraio kontrolatua lortzeko aurrerapausoa da.

Neurozientzia

Gizakiok tamaina handiko buruarekin jaiotzen gara, hala ere, entzefaloa guztiz hazi eta garatu arte denbora behar da. Bi urterekin, gehieneko bolumenaren % 85era iristen da. Eta ez dira eremu guztiak batera hazi eta garatzen. Garun azala heltzeko denbora behar da. Eta substantzia grisaren eta substantzia zuriaren proportzioak aldatu egiten dira garuna garatzen doan heinean. Ez galdu artikulu interesgarri hau!


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.