Botanika
Onddo espezie berri bat aurkitu dute Aranzadi Zientzia Elkarteko mikologoek Pagoetako Parke Naturalean. Pseudosclerococcum golindoi izendatu duten espezie berria: oso onddo txikia da, beltza eta dilista baten tamainakoa. Hildako egurrean bizi da, eroritako enborren azpialdean. Elhuyar aldizkarian aurkituko dituzue xehetasunak.
Mikrobiologia
Hil honetan gehien aipatu dugun hitza ziur asko “koronabirusa” izan dela: lanean, lagunartean, Twitterren… Gaixotasun berriari buruz ditugun zalantza guztiei erantzuna bilatzeko, hemen duzue Miren Basarasek idatzitako artikulua. Bertan azaltzen digu, besteak beste, nondik datorkion izena birusari; haren itxurari egiten dio erreferentzia, alegia, mota horretako birusek koroa itxura dute mikroskopioz behatzen direnean, eta gai dira gizakiak eta animalia ezberdinak (hegaztiak eta ugaztunak batez ere) kutsatzeko. Koronabirusaren berezitasunak eta hori saihesteko hartu beharreko neurriak ere azaltzen dira. Ez galdu!
Listeria monocytogenes deituriko bakterioaren inguruan mintzatu dira Berriako artikulu honetan, izan ere, berriki, bi produktu sorta, foie xerrak eta gazta marka bat, erretiratu behar izan dituzte. Bakterioa animalia jatorriko elikagaietan agertzen da, ekoiztean ez dute pasteurizazio prozesurik izan, eta ondoren ere prestatu gabe kontsumitzen dira. Horiek dira, batez ere, arriskutsu egiten duten ezaugarriak.
Eboluzioa
Neandertalen arrasto genetikoak aurkitu dira afrikarretan. Orain arte kontrakoa uste zen, izan ere, neandertalak ez ziren inoiz lurralde afrikarrean bizi izan. Elhuyar aldizkariak azaltzen digunez, Princetongo Unibertsitateko ikertzaileek argitu dute %0,3ko arrasto neandertalak dituztela. Halaber, uste dute hibridazio afrikar hori gutxienez duela 100.000 urte inguru gertatu zela.
Bioteknologia
Ikertzaile talde batek giza gibelak zazpi egunez gorputzetik kanpo kontserbatzeko gai den makina eraiki du. Artikuluan zehazten denez, transplanteak egiteko baldintzak erraztea da proiektuaren helburua. Makina honek perfusio teknologia erabiltzen du eta horri esker, hasiera batean transplanteetan erabiltzeko modukoak ez diren gibelak nolabait berreskura daitezke.
Kimika
Eguzki-argia eraginkortasunez xurgatu eta energia kimikoan eraldatzeko gai den prozesu konplexua azaltzen da artikulu honetan. Lan honen helburua fotosintesian gertatzen den oinarrizko prozesuetako bat imitatzea da. Zehazki, argiaren xurgapenaz arduratzen diren organismo fotosintetikoetan (antena-sistemak) oinarritu dira, dimentsio nanometrikodun gailu artifizialak garatzeko. Garatutako nanomaterialak aproposak dira argia tarte espektral zabalean eraginkortasunez biltzeko.
Emakumeak zientzian
Londresko Historia Naturalaren Museoa bisitatu baduzue noizbait, Dorothea Bate paleontologoaren izena topatuko zenuten. Hemeretzi urte zituela hasi zen han lanean, hori lortu zuen lehen emakumea izan zen gainera. Aurkikuntza ugari egin zituen: Pleistozenoko ugaztun eta hegaztien hamabost espezie, Mallorcan topatu zuen artiodaktiloen iraungitako espezie baten fosila (Myotragus balearicus)… Horretaz gain, 10.000 eta 800.000 urte artean zituen hagin bat topatu zuen Batek, eta horrek elefante txikien existentzia frogatu zuen.
Ingeniaritza
Kostu baxuko plataforma eramangarrien bidez, seinale elektrokardiografikoak argi eta garbi detektatzeko algoritmo bat garatu dute UPV/EHUko Kontrol Adimentsua ikertaldean. Lanaren helburua patologia fisiologiko, arazo disfuntzionala edo ezgaitasun kognitiboren bat duten pertsonen estres-maila identifikatzeko tresna bat lortzea da. GICI taldeko Eloy Irigoyen ikertzaileak azaltzen du tartean: “Pertsona baten estres-maila eta zenbat denbora irauten dion zehazten saiatzen gara, elektrokardiograma-seinaleen analisian oinarrituta”.
Kimika
Taula periodikoaren lehen bertsio modernoa Dmitri Ivanovic Mendeleiev errusiarrak egin zuen, 1869an. Elementu kimikoak pisu atomikoaren arabera antolatu zituen. Mendeleieven aurretik, beste zientzialariek ere egin zituzten euren proposamenak. Adibidez, Antoine-Laurent de Lavoisierrek. 1789an argitaratu zuen lanean, 33 substantzia sinple igarri zituen (gaur egun, horietatik 23 daude onartuta). Ba al dakizu nola antolatzen den taula periodikoa? Eta zeintzuk izan diren gehitu diren azken elementuak? Irakur ezazue artikulu hau osorik!
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.