Mary Allen Wilkes: abokatu izan nahi zuen (eta lortu zuen) informatikari aitzindaria

Uxue Razkin

1959an, emakume bat Massachusettseko Teknologia Institutuko (MIT) bulegoetara hurbildu zen galtzeko ezer ez duen pertsona baten ausardiaz. Mary Allen Wilkesek ez zuen zientzia konputazionala ezagutzen, izan ere, filosofian graduatu zen. Baina, hara joateko erabakia hartu zuen, irakasle batek animatuta: bere logika nabarmendu zuen, arlo horretan baliagarria izango zitzaion ezaugarria, alegia.
Garai hartan, emakumeek errazago aurki zezaketen lana programazioaren esparruan beste edozeinetan baino. Ironikoa dirudi, baina errealitate hori bi aurrekari nabarmenek baieztatzen zuten: alde batetik, Bigarren Mundu Gerran, 6.600 emakume inguruk Bletchley Park-en lan egin zuten. Bestalde, hainbat programatzailek ENIAC izeneko konputagailua diseinatu zuten.

1. irudia: Mary Allen Wilkes lanean 1960. urtean (Iturria: Mujeres con Ciencia bloga)

Beharbada Wilkesen istorioa ez da ohikoena. Historian zehar, zientzialari gehienek txikitatik aurkitu dute euren bokazioa, eta horri eutsi diote, gustuko zutena ofizio bilakatu duten arte. Ez zen hori Wilkesen kasua izan, ordea. Berak ez zuen programatzailea izan nahi, abokatua baizik, baina gurasoek ez zioten utzi. “Oso zaila da abokatu gisa lan egitea emakumea bazara”, esan zioten. Hori entzun zuenean, zur eta lur gelditu zen, baina berehala eman zion buelta egoerari. Informatika arloan murgildu zen eta alor horretan bide-urratzaile bihurtu zen Laboratory INstrument Computer (LINC)-ko LAP6 sistema eragilearen diseinuari esker, lehenengo ordenagailu pertsonalaren aitzindari. Gainera, etxetik ordenagailu batekin lan egin zuen lehen pertsona izan zen.

Lengoaia bat deskodetzea helburu

Mary Allen Wilkes Chicagon jaio zen, 1937an. 1959an Filosofian graduatu zen, Wellesleyko Unibertsitatean. Abokatu izateko ametsa zapuztu egin zitzaion, eta informatikaren munduan sartzea erabaki zuen. MITeko Lincoln Laborategian hasi zen lanean, eta 1963ra arte eutsi zion karguari. Lehenik, ahotsa ezagutzeko sistema bat garatu zuen eta ondoren, zulatutako txarteletan buru-belarri aritu zen denbora batez; haren esanetan, lan “neketsua baina dibertigarria” izan zen. Izan ere, txartelek izan zitzaketen akatsak aurkitzeaz arduratzen zen.

Garai horretan, hainbat sistema eragile diseinatu zituen, besteak beste, LINCarena, hasieran LAP (LINC Assembly Program) izenaz bataiatu zuena, eta ondoren LAP6 bihurtu zena. 1964an, LINCa garatu zuen taldea Washingtongo Unibertsitatera joan zen, San Luisera (Missouri). Alabaina, Wilkes ezin izan zen hara joan, bere ama gaixo zegoenez eta Baltimorren bizi zenez, ez baitzuen bakarrik utzi nahi izan. Gauzak horrela, taldeak erabaki zuen LINCa –hozkailu baten tamainakoa– bere etxera bidaltzea, ordenagailuaren eta telefono baten laguntzaz etxetik lan egin zezan. 1965ean, bere etxeko egongelan zegoela, LAP6 sistema eragilea garatu zuen, eta, beraz, etxean ordenagailu bat erabili zuen lehen pertsona izan zen.

2. irudia: Mary Allen Wilkes 2017. urtean, 1963ean garatu zuen ordenagailu pertsonalarekin. (Argazkia: Imago/EDP/Werner Krueper)

Programazioari buruz noziorik ez zuten pertsonak ordenagailua erabiltzeko gai izatea zuen helburu Wilkesek. Horren gainean, honako hau esan zuen: “Ikasteko denbora behar da, oso sofistikatua delako programa, baina irakats daiteke”. Eskuliburu bat idatzi zuen horretarako: LAP6 Handbook. Eta beste liburu baten egilekide ere izan zen: Linc-a programatzen.

AEBtako Buru Osasuneko Institutu Nazionala lehena izan zen LINCa erabiltzen, hain justu, katu baten erantzun neuronalak aztertzeko erabili zuten. Wilkesek laborategietako ikertzaileei erakutsi zien nola instalatu behar zuten, eta nola erabili ondoren.

Programatzailea izatetik, abokatua izatera

Oso jende gutxi ausartzen da norabidea aldatzen dena ondo doakionean. Gauzak ondo doazenean, ezer gutxi aldatzen dugu eta ez zaigu gustatzen bat-bateko erabakiak hartzea, badaezpada ere. Are gutxiago informatikan aitzindari bihurtzen bazara. Karmelo C. Iribarrenek Diario de K liburuan dio “aldaketa baten beharrean nago” esaldiarekin tragedia asko hasten direla. Wilkesentzat ez zen hala izan. Inoiz ez zion bere ametsari uko egin, zientzia konputazionalaren alorrean izandako arrakastak ez zuen abokatu bihurtzeko bere gogoa itzali. Haren arabera, informatikan aritzea “zoragarria” izan zen eta zoriontsu izan zen lortu zuen guztia ikusita. Baina berak aspaldiko amets bat zuen buruan bueltaka.

Agian gurasoek Zuzenbidea ikastea debekatu zioten egun hura gogoratu zuen, lanbide horretan emakumeek ez zutela beren lekua aurkituko argudiatu zutenean. Duela urte batzuk MITen aurkeztu zen ausardi berarekin agertu zen Harvarden; Zuzenbideko ikasketak hasi zituen, eta erretiroa hartu zuen arte abokatu gisa lan egin zuen. Wilkesentzat tragedia ez saiatzea izango litzateke.

Iturriak:

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

———————————————————————–

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>