Mintzamenaren abiapuntua txinpantzeetan bilatu dute

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Txinpantzeen bokalizazioei erreparatuta, ikertzaileek ikusi dute giza hizkuntzetan erabiltzen den frekuentzia berdinean mugitzen dutela ahoa. Proposatu dutenez, ezaugarri hau mintzamenaren eboluzioaren abiapuntuan egon daiteke.

Iraganari begira jartzen garenean, argitzeko dagoen misterio handienetakoa da mintzamenaren agerpena. Espezialitatearen arabera bideratu dira gehienetan horren jatorria ebazteko ahaleginak. Paleoantropologoek hioide hezurrera eta lengoaiari lotutako garezurraren zirkunboluzioetara jo ohi dute, argi bila. Neurologoek gaur egungo garunean aplikatzen dituzte euren prospekzio teknikak, horren abiapuntuan egon daitezkeen eboluzioaren zantzuak aurkitzeko. Eta, beste modu batean bada ere, antropologoek eta hizkuntzalariek kultura eta hizkuntza desberdinen historiari erreparatzean ateratzen dituzten ondorioak ere lagungarriak izan daitezke zeregin horretan.

1. irudia: Bereziki garbiketa sozialean murgilduta daudenean egiten dituzte bokalizazioak txinpantzeek. Ikertzaileek uste dute gizakiok mintzatzeko egiten ditugun mugimenduen abiapuntuan egon daitezkeela. (Argazkia: Catherine Hobaiter)

Beste bide klasiko bat gure gertueneko ahaideetara jotzea da; gizaki ez diren primateetara, alegia. Hasiera batean bederen zaila dirudi horietan mintzamenari lotutako zantzuak aurkitzeak. Haien adimena eta komunikazio gaitasunak ikertzeko, normalean ikertzaileek tximuek berezkoak ez dituzten tresnetara jo ohi dute, eta zeinuen bidezko lengoaiak eta kodeak “asmatzen” saiatzen dira.

Baina ikertzaile batzuk aspalditik saiatzen ari dira tximuetan mintzamenari lotuta egon daitezkeen zantzuak aurkitzen, gizakietan ezaugarri horren agerpena nola izan zen asmatzen saiatzeko. Izan ere, ezagutzen da hainbat tximuk ahoa ireki eta ixten dutela oso ziklo azkarretan, eta ziklo horiek, gainera, gutxi gorabehera giza mintzamenaren erritmo berdina jarraitzen dutela. Horregatik uste da agian bide horretatik giza mintzairaren beraren bilakaerari buruzko zantzuak aurki daitezkeela.

Norabide horretan, Warwickeko Unibertsitateko (Erresuma Batua) ikertzaileek hipotesiaren aldeko argudio berriak jarri dituzte mahai gainean. Biology Letters aldizkarian jaso dute euren argudioa.

Babestu dutenez, txinpantzeek ezpainekin egiten dituzten kolpe txiki eta arinak bat datoz gizakiek hitz egitean egiten duten mugimenduarekin. Batez bestean, segundoko 4,15 ziklotan aritzen dira tximinoen ezpainak, hots, 4,15 Hz-etan; kopuru hori kokatzen da, hain justu, giza hizkuntza guztietan erabiltzen den frekuentzia tartean: 2-7 Hz.

Aurretik beste primate espezie batzuetan ikusita zegoen frekuentzia hau: adibidez, giboietan eta orangutanetan, baina arlo horretako ikerketatan ari zirenek Afrikako primatetan egiaztatu nahi zuten ezaugarri hau: txinpantzeetan, bonoboetan edota goriletan, esaterako. Ez da kapritxo kontua: kontinente horretako primateek gordetzen dute hurbiltasun handiena gizakiarekiko.

Oraingo ikerketa burutzeko, lau txinpantze populazioren gaineko behaketetan oinarritu dira. Horietatik, bi basatiak izan dira (Ugandan), eta, beste biak, itxian hazitakoak (Edinburgoko eta Leipzigeko zooetan). Guztietan bideo grabazioak egin dituzte, animalien portaerak ondo aztertu ahal izateko.

2. irudia: Txinpantzeek egiten dituzten ahoaren mugimenduak frekuentzia zehatz batzuetan izaten dira. Espezie honen kasuan, gizaki ez diren beste primateetan baino aldakortasun gehiago dago frekuentziotan. (Irudia: Irudia: Pereira / Biology Letters / moldatuta)

Bereziki tximinoak garbiketa sozialean ari direnean jarri dute arreta adituek, jardun horretan daudenean behatu direlako halako bokalizazioak. Beste hainbat animaliatan dagoen portaera izan arren, elkar garbitzea bereziki garrantzitsua da primateetan, hartu-eman sozialetarako aukera ematen duelako. Are gehiago, ikertzaile batzuek sumatzen dute elkarrekikotasunaren eta elkarren arteko konfiantzaren abiapuntuan dagoela garbiketaren “errituala”. Nik zure ilea txukunduko dut, baina, horren bueltan espero dut zuk ere hori egingo didazula gero, eta ondo egingo duzula, gainera. Batzuetan, faborea bueltatzen ez dutenak taldetik alboratuak izaten dira. Hortaz, alboko tximinoari zomorrotxoak kendu izanak Nazioarteko Espazio Estaziora eraman gaitu, suzirian sartzean, ipurdiaren azpian erregai mordoa duen astronauta batek konfiantza duelako tximino ingeniariek kalkuluak egiteko izan duten zintzotasunean.

Adriano Lameira psikologoak prentsa ohar batean adierazi duenez, eskuratutako emaitzek frogatzen dute “ahozko mintzaira gure arbasoen leinuan sartu zela beste primate eta hominidoetan eskura eta erabileran zeuden ‘osagaiak’ erabilita”. Haren ustetan, hain garrantzitsuak izan arren, oraindik ezjakintasun handia dugu horrelako portaeren inguruan.

Bestalde, harritu dira populazio horietan erritmo desberdinak ikusi izanagatik. Taldeen eta norbanakoen arabera, hertz bat eta bi hertzen arteko aldeak egiaztatu dituzte. “Horrek iradokitzen du ez direla gure lehengusu tximuei egotzi ohi dizkiegun seinale automatiko eta estereotipatuak”, ohartarazi du Lameirak. “Aldiz, gizakietan bezala, txinpantzeen arteko ‘solasaldi’ batean eragina izan ahal duten beste hainbat gauza kontuan hartzen hasi beharko genituzke, hala nola norbanakoen arteko aldeak, arau sozialak eta ingurumen faktoreak”.

Txinpantzeetan aurkitutako aldakortasun hau, gainera, beste espezieetan aurkitutakoa baino zabalagoa da. Zientzia artikuluan diotenez, beste tximuen artean gehienez hertz bateko aldea besterik ez dute aurkitu.

Erreferentzia bibliografikoa

Pereira, A.S., Kavanagh, E., Hobaiter, C., Slocombe, K.E., Lameira, A.R., (2020). Chimpanzee lip-smacks confirm primate continuity for speech-rhythm evolution. Biology Letters, 16: 20200232. DOI: https://doi.org/10.1098/rsbl.2020.0232


Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.


1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.