Antzinateko okre gorria eta bere propietateen zergatia

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Irudia: Zenbait miltos lagin. XVI. mendeko pieza otomandar bat da ‘e’ lagina, eta, ‘b’ lagina, berriz, oxido horiaren kontrol lagin bat. (Argazkia: Photos-Jones, E. et al. -2018-)

Greziarrek miltos deitzen zioten okre gorriaren barietateari propietate bikainak egozten zizkioten antzinate klasikoan, eta, ondorioz, oso preziatua zen. Itsasontziak egoera onean mantentzeko pigmentu gisa, nekazaritzan, kosmetikan eta baita medikuntzan ere erabiltzen zen. Miltos-a goethita (burdina oxido-hidroxidoaren forma minerala), hematite (burdina oxidoaren forma minerala) eta kaltzita (kaltzio karbonatoaren forma minerala) nahasketa bat da, eta partikula oso finez osatuta dago. Antzinate klasikoan erabiltzen zenak oso leku zehatzetan zuen jatorria, adibidez, Kea uhartean (Zikladeak), Lemnos uhartean (Egeo itsasoa) eta Sinope hirian (Kapadozia). Hori bai, oso litekeena da toki bakoitzean miltos-aren konposizioa bat izatea.

Mineralen propietateak, konposizio kimikotik eta egituratik harago, beren gainazalera atxikitako mikroorganismoen araberakoak izan daitezke. Objektu bat zenbat eta txikiagoa izan, orduan eta handiagoa da bere azalera bolumenarekiko proportzioan. Bada, miltos-a osatzen duten partikulen tamaina hain da txikia –30 eta 700 nm arteko diametroa–, non, masa unitateko, azalera handia duen eta, ondorioz, mikrobio geruza aberatsa era daitekeen bere gainaldean. Bestalde, mikrobio komunitatearen konposizioa mineralaren propietate kimikoen araberakoa da, bereziki zenbait metal oso toxikoren kantitatearen araberakoa. Horregatik, beste izaki bizidunengan izan ditzakeen ondorioak ere ezaugarrion arabera aldatzen dira.

Hala, gogoeta horiek oinarri hartuta, arkeologoz, ingeniariz eta geologoz osatutako talde batek zenbait lekutako miltos laginak aztertu ditu, mineralari antzinate klasikoan egozten zitzaizkion propietateak zer ezaugarrik ematen zizkion identifikatzeko asmoz.

Laginetako batzuek zituzten berun kantitate handiak azaltzen du, adibidez, Kea uharteko okre gorria zergatik erabiltzen zen itsasontzietan. Erabilera horren arrazoia soilik apaintzeko zela uste bazen ere, litekeena da benetako arrazoia beste bat izatea: ontzien kroskoan okre gorria emateak eragotzi egingo zuen mikroorganismoak, algak eta zenbait animalia ornogabe kroskora atxikitzea eta nabigazioa oztopatzea. Beruna, miltos-ean aurki daitezkeen beste metal batzuk bezala, toxikoa da izaki bizidun askorentzat, eta, ondorioz, ikertzaileek egiaztatu ahal izan dutenez, berun kantitate handia zuten laginetan bakterio dibertsitatea txikia zen.

Bestalde, landatutako landareetan gaixotasunak galarazteko ere erabiltzen zuten miltos-a, bere gainazalera atxikitako zenbait metal eta substantzia organikoren akzio biozida baliatzeko. Ongarri gisa ere erabiltzen zen, ziurrenik okre gorrian nitrogenoa finkatzeko bakterioak daudelako. Biologikoki baliogabea den gas bat landareek, xurgatu, eta hazkunderako erabil dezaketen substantzia nitrogenatu bihurtzean datza nitrogenoaren finkapena. Ildo horretan, kontuan izan behar da bakterioen bidez egiten den finkatze horrekin lotutako entzima eta konposatu organikoen osagai garrantzitsua dela mineralaren burdina. Azkenik, toki batzuetako miltos-aren eragin antibiotikoari dagokionez, mineralaren konposizioan agertzen diren metal minoritario batzuekin lotuta dagoela ondoriozta daiteke, baita metalaren gainazalean gertatzen den mikroorganismo jakin batzuen partikulen ugalketarekin ere.

Miltos-ari egindako erreferentziak aurki daitezke orain dela 4.000 urte inguru Lineal B idazkeran idatzitako buztinezko taula mizenikoetan, eta autore klasikoek ere aipatu zuten: Teofrastok, Dioskoridesek eta Pliniok, besteak beste. Bada, orain, jakin dugu miltos-ari egozten zitzaizkion propietateak ez zirela miraritsuak. Hori bai, milaka urte igaro behar izan dira horretarako.

Erreferentzia bibliografikoa

Photos-Jones, E., Knapp, C.W., Vernieri, D., Christidis, G.E., Elgy, C., Valsami-Jones, E., Gounaki, I., eta Andriopoulo, N.C., (2018). Greco-Roman mineral (litho)therapeutics and their relationship to their microbiome: The case of the red pigment miltos. Journal of Archaelogical Science, 22, 179-192. DOI: https://doi.org/10.1016/j.jasrep.2018.07.017.


Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.