Izotzean grabatutako historia

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Ehunka eta milaka urtean pilatutako izotzak informazio baliagarria gordetzen du bai naturaren historiari buruz, bai sortu zen uneko ingurumen baldintzei buruz. Hain zuzen, planetako izotz masa handietako edozein da historiaren gordailu paregabea. Arazoa, noski, informazio hori guztia dagokion aro historikoarekin nola lotu izaten da.

Baina badira analisi hori zehaztasun handiz egiteko modua ematen duten teknikak. Suitzako Colle Gnifetti glaziarrean egindako azterketa batean, adibidez, urtez urte metatuz joandako izotz geruzen kronologia zehaztu dute ikertzaileek, bereizmen handiko zenbaketa egin eta gero laserraren laguntzarekin. Egindako kalkulua oso zehatza da, data jakineko erreferentziekin alderatzeko aukera izan baitute, adibidez, zenbait sumendiren erupzioek izotzean utzitako aztarna kimikoarekin.

Irudia: Oraingo aroko 660. urte inguruan Melle herrian egindako penny baten aurkia eta ifrentzua. (Iturria: Loveluck et al. -2018-)

Ikertzaileek oraingo aroko VII. mendeko izotz geruzetako berun kontzentrazioa ere neurtu zuten, espektrometriako teknika aurreratua erabiliz. Ikertzaileek interes handia zuten zilarraren erauzketa eta galdaketa jardueretan, eta, horrenbestez, beruna erabili zuten adierazle gisa, zehazki, atmosferatik etorritako eta izotzean harrapatuta geratutako beruna. Garai batean zilarra galenatik lortzen zen (berun sulfuroa), non kontzentrazioa % 1 ingurukoa izatera hel daitekeen; bada, galena erauzteko meatzaritza lanek zein ondorengo galdaketa lanek atmosferara berun kantitate handiak askatzen zituzten, eta, azkenerako, berun horren zati bat ondoz ondoko izotz geruzetan jalkitzen zen.

Horrez gain, ikertzaileek matematikoki modelatu zuten zirkulazio atmosferikoa, aurkitutako berun aztarnak gutxi gorabehera zer meategitatik iritsitakoak ziren jakiteko. Ondorioztatu zutenez, ziurrenik Frantziako Melle herriko meategietatik ateratako beruna zen, hau da, glaziarraren mendebaldean, Charante ibaiaren zertxobait iparraldean, kokatutako gunetik. Lortutako datuak izotzaren laginketatik jasotako ingurumen erregistroekin alderatu zituzten, eta informazio numismatikoa, arkeologikoa eta idatzizko iturrietatik lortutakoa ere erabili zuten.

VII. mendean, Europako erdialdean eta ipar-mendebaldean erabat eraldatu zen sistema monetarioa. Mendearen bigarren erdialdean txanponak urrezkoak izatetik zilarrezkoak izatera igaro ziren, eta, Suitzako glaziarretik ateratako datuei esker, trantsizio hori nola izan zen askoz ere argiago jakin daiteke orain. Aldaketa bi fasetan izan zen. Lehena, lehendik ere ezaguna, 640. urte inguruan izan zen; garai horretan, txanponen urre kantitatea % 92-94tik % 30-60 bitartera jaitsi zen merovingiar erreinuetan. Eta aldaketa horretarako beharrezkoa zen zilar ekoizpenak arrastoa utzi zuen berun modura Colle Gnifetti glaziarrean.

Izotzetik ateratako datuen arabera, aldaketaren bigarren fasea 660. urte inguruan izan zen, txanponak soilik zilarrezkoak izatera igaro zirenean. Lehen, ustea zen aldaketa hori 675. eta 680. urteen artean izan zela, zilarrezko txanponen idatzizko lehen erreferentzia 682. urtekoa baita. Aldiz, glaziarreko erregistro izoztuko berunak adierazten du aldaketa hogei bat urte lehenago gertatu zela.

Erromatar Inperioa erori ondorengo bi mendeko gainbeheraren ondoren, Mantxako kanalaren bi aldeetan 680. urterako jada egonkortuta zeuden itsas portu garrantzitsuak. Bada, sistema monetarioaren aldaketaren kronologia berriak iradokitzen duenez, litekeena da Mantxako kanalean eta Ipar Itsasoan izandako itsas trafikoaren igoera eta Lundenwic (Londres) eta Quentovic portuen indarra hogei urte lehenago hasitako txanpon kopuruaren gorakadak eragindakoa izatea. Beste behin ere, ezagutzaren diziplinen arteko mugak lausotu egin dira, eta, horri esker, Mendebaldeko historiaren aro ilunenetako bat pixka bat argitzea lortu da.

Erreferentzia bibliografikoa

Loveluck, Christopher P., et al. (2018). Alpine ice-core evidence for the transformation of the European monetary system, AD 640–670. Antiquity 92 (366), 1571-1585. DOI: https://doi.org/10.15184/aqy.2018.110.


Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

1 iruzkina

  • […] Izotzak sekretu asko gordetzen ditu naturaren historiaren eta sortu zen uneko ingurumen baldintzen inguruan. Esaterako, Suitzako Colle Gnifetti glaziarrean egindako azterketa aipatzen da testuan. Bertan, ikertzaileek urtez urte metatuz joandako izotz geruzen kronologia zehaztu dute. VII. mendean, Europako erdialdean […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.