Saharako hautsa: ederra, bizi emailea eta hiltzailea

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Basamortuko hautsak Afrikako haurretan duen eragina kuantifikatu dute zientzialariek, eta ondorio kezkagarria atera dute: kutsadura iturri naturala izan arren, hautsak haurren heriotza tasa izugarri handitzen du.

Paisaia izugarri politak eskaintzen dizkigu hautsak. HDR edota iragazki berezirik behar izan gabe, ilunabar gorrixka dotoreak azaltzen dira argazkietan hautsa dagoenean. Euskal Herrian ez da oso ohikoa, baina, hegoalderantz joanez gero, aukera gehiago dago ikusteko. Saharatik gertu egonda, Kanariar Uharteetan ederki nabaritzen da hauts horren eragina. Aireportura iritsi bezain laster, eguraldi goibeletik ihesean doazen euskal bidaiari giriek berehala eskertzen dute hegazkinetik ateratzean aurpegira doakien aire beroko kolpea. Eta, berarekin batera, kalima famatua. Hasieran, Out of Africa filmean bezala sentituta, eskertzen da kalimak ematen duen exotikotasuna. Baina, denborarekin, hasierako xarma hori eztarrian eta birikietan nozitutako ondoeza bilakatzen da.

Fenomeno beraren bi aldeak dira, ona eta txarra. Turistaren ikuspegi hutsala alde batera utzita, eta mundu mailako eraginetara joanda, nabaritzen dira ere alde horiek. Alde positiboarekin hastearren, basamortuetan abiatzen diren hautsak funtsezkoak dira mundu osoko ekosistemak ongarritzeko. Eduardo Angulo biologoak artikulu honetan azaldu ditu hauts hodeiek betetzen duten funtzioetako batzuk.

1. irudia: Txaden kokatutako Bodele Sakonunean sortzen da munduko hauts gehiena, eta horrek eragin handia dauka osasunean, batez ere haurren artean. (Argazkia: George Steinmetz)

Hodei horiek basamortu askotatik abiatzen diren arren, Saharako basamortua da munduko hauts abiapunturik handiena. Hautsek batez ere Ozeano Atlantikoan zehar bidaiatzen dute, Ameriketara iritsita, satelite bidez ederki ikusten diren hodeietan. Batez ere udaberriaren amaieran eta udaren hasieran sortzen dira baldintzarik aproposenak horrelako hodeitzarrak sortzeko. Garai horren bueltan, hotzagoak diren ozeanoko aire masek atmosferan gora eramaten dute Saharako hautsa.

Besteak beste, horrelako hodeiek burdina eta fosforoa eramaten dituzte, eta elementu horiek funtsezkoak dira bai lurreko landareentzat zein ozeanoetako fitoplanktonarentzat. Lurreko landareen kasuan, bereziki Amazonian da lagungarria airez datorren ongarritze hau, bertako lurretan berez fosforo gutxiegi dagoelako horrenbeste bioaniztasun handiari eutsi ahal izateko.

Guztira, ehunka milioika tona hautsek zeharkatzen dute ozeanoa urtero, baina aurtengoa bereziki nabarmena izan da. 1979. urtetik —satelite bidezko behaketak egiten direnetik—, orain arteko trinkoena izan da, National Geographic-en jasotako informazioaren arabera. Bestetik, hain aire lehorra izanda, zientzialari batzuek susmatzen dute urakanen sorreraren aurkako eragina dutela, horrelako ekaitz handiek aire hezea behar dutelako euren makinaria meteorologiko itzelak elikatzeko, eta hauts hodeiek ez dute horretan laguntzen.

Sahara oso zabala izanda ere, hauts gehiena ez dator dunetatik, horiek osatzen duten hondar partikulak handiegiak direlako urrunegi joateko. Aldiz, basamortuko beste hainbat tokitan sortzen da hautsa, batez ere partikula txikiagoak biltzeko gai diren eremu baxuetan. Horien artean, Txadeko Bodele Sakonunea da handiena: are gehiago, munduan dagoen hauts sorrera gunerik garrantzitsuena da. Batez bestean, urtean 100 egunetan hauts ekaitzak daude bertan.

Bada, zientzialari talde batek sakonune horretan jarri du arreta, Afrikan izaten den aire kutsadura gehiago ulertu aldera. Duela bi urte egindako ikerketa batean ikertzaile hauek berretsi zuten airean dauden partikula ñimiñoek (PM2,5 partikulek, batez ere) heriotza ugari eragiten dituztela, bereziki txikienen artean: 2015eko datuak aintzat hartuta, urte horretan partikula hauekiko esposizioak 400.000 haurren heriotza eragin zuen.

Oraingoan, hautsaren eta heriotza horien arteko harremana aztertu dute. Nature Sustainability aldizkarian argitaratutako emaitzak arreta emateko moduak dira. Saharaz hegoaldeko Afrikako 30 herrialdetan jasotako datuak erabilita, ikusi dute airean partikulen handitze txiki batek haurren heriotza tasak nabarmen igotzen dituela.

2. irudia: Hauts hodeiak ozeanoa zeharkatzeko gai dira. Argazkian, ekainean Ipar Atlantikoaren gainean Suomi NPP sateliteak hartutako hodeia. (Argazkia: NASA/NOAA)

Azken 15 urteetan bildutako datuei erreparatuta, Saharaz hegoaldeko Afrikan gertatzen diren hauts kontzentrazioak aztertu dituzte, eta informazio hori jaiotzen inguruko datuekin alderatu dute: milioi bat jaiotza kontuan hartu dituzte, eta baita satelite bitartez neurtutako partikula mailetan izandako aldaketak ere. Korrelazio argia ikusi dutela argudiatu dute. Emaitzen arabera, urteko partikulen kontzentrazioa %25 handitzeak haurren hilkortasuna %18 handitzea ekarri du.

Bereziki bost urte baino gutxiago dituzten haurrak dira zaurgarriak airean dauden partikulen aurrean. Prentsa ohar batean nabarmendu dutenez, azken hamarkadetan Afrikan aurrerapauso handiak eman dira haur osasunaren alorrean, baina, halere, hainbat eskualdetan bereziki haurren heriotza tasek espero baino handiagoak izaten jarraitzen dute. Alde hori hautsari egotzi diote.

Nola ez, arlo honetan klima-aldaketaren eragina nolakoa izango den kuantifikatzen saiatu dira ikertzaileak. Zentzu honetan, gogoratu beharra dago hautsaren eta klimaren arteko harremana konplexua dela. Hala, hautsak hesi baten funtzioa bete dezake. Egoeraren arabera, hesi hori eguzkiaren erradiazioa islatzeko gai da, hoztea eraginez, baina berotzea ere ekar dezake, lurreko beroa harrapatzen duenean. Mundu mailako klimari dagokionez, hautsak zeharka izan dezakeen eragina are handiagoa da, batez ere hauts honi esker izandako ongarritzeek fitoplankton eztandak bultzatzeko bidea ematen dutelako, eta horrek atmosferako karbono mailaren gutxitzea dakar.

Bada, Afrikako eraginari dagokionez, aditu hauek uste dute Bodele Sakonunean egongo diren baldintzen araberakoa izan daitekeela arazoaren garapena, Txadeko eremu horretan sortzen baita Afrikan —eta munduan— dagoen hauts gehiena. Sakonune horretako prezipitazioetan izango diren aldaketen arabera, ikertzaileek kalkulatu dute haurren heriotza tasa %12 handitu edo %13 gutxitu litekeela.

Harago joanda, proposamen ausarta egin dute, batez ere ingurumenari lotutako sektore askotan begi onez ikusten ez den horietakoa: eguzki energia erabilita, eskualdean dagoen lurpeko urarekin hondarra bustitzea, hauts gutxiago sor dadin. Eskala txikiagoan, Kaliforniako Owens bailaran antzeko proiektu bat egin dela argudiatu dute. Halako ureztatze batek urteko 37.000 haurren heriotza ekidingo zituela kalkulatu dute, hauts gutxiago sortuko litzatekeelako. Bizitza bakoitzaren “kostua” 24 dolarretan finkatu dute, eta, Afrikako gaur egungo egoera sozioekonomikoa kontuan izanda, aukeran egon daitezkeen beste irtenbideen aldean efizienteagoa eta errealistagoa izango litzatekeela babestu dute.

Erreferentzia bibliografikoa

Heft-Neal, S., Burney, J., Bendavid, E. et al. (2020). Dust pollution from the Sahara and African infant mortality. Nature Sustainability. DOI: 10.1038/s41893-020-0562-1


Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude