Asmaren eta kutsaduraren arteko lotura, zenbakitan jarrita

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Aurrenekoz, kutsaduraren ondorioz eragindako asma-krisiak jota, ospitaleetako larrialdi zerbitzuetara mundu osoan egindako bisitaldien estimazioa egin dute. Bereziki, partikula finak eta ozono troposferikoa dira gaixotasunaren abiapuntuan dauden poluitzaileak.

Ozono hitza aditzean, jende gutxiri etorriko zaio burura konnotazio negatibo bat. Ozonoa Eguzkitik datozen izpi ultramore kaltegarrietatik babesteko aliatua da; arras ezaguna da duela urte batzuk atmosferan ozono zulo bat atzeman zenean, alarma guztiak piztu zirela. Zorionez, gauzak bere onera bueltatu ziren, eta askoren iritziz, ozono geruza ahultzen zuten CFC izeneko konposatuen debekua nazioarte mailako mugarri garrantzitsua izan zen; fundamentuzko gauzetan gizateria aterabideak lortzeko gai den seinale, hain zuzen.

1 . irudia: Asmaren eta kutsaduraren arteko lotura ezaguna zen, baina orain zenbakitan jarri dute harreman hori, ospitaleetako datuetan abiatuta. (Argazkia: Tam Wai / Unsplash)

Baina, hain zabalduta ez badago ere, goiko atmosferan aliatu paregabea dena etsai amorratua bihurtzen da beheko atmosferan. Hala, 20 kilometroko altueran dagoen ozono estratosferikoa ez bezala, troposferan dagoen ozonoa arazo iturri da gizakiontzat. Gehiegi dagoenean, kutsatzaile nabarmena da. Gas honen jatorria prozesu naturaletan dago, baina %37 gizakiak sortutakoa da. Batez ere industriak eta trafikoak sortutako nitrogeno oxidoek eta konposatu organiko lurrunkorrek eguzki erradiazioarekin erreakzionatzean sortzen da ozono troposferikoa. Ozonoa oso gas oxidatzailea denez, osasun arazoak sortzen ditu, bereziki arrisku handiko populazioetan: haurrek, adinekoek eta arnas arazoak dituzten lagunek nozitzen dute gehien. Landareetan ere eragiten du, txarrerako; tartean, laborantzetan.

Dena dela, kutsadura jorratzerakoan, are larriagoak dira partikula finak (PM). Gehien ikertu direnak PM2.5 partikulak dira, hots, 2,5 mikra baino txikiagoak diren partikulak, horiek atzematea nahiko erraza baita egun. PM1 partikulak ere kezka iturri dira. Hauek are txikiagoak dira (mikra bat baino txikiagoak) eta, beraz, are errazago sartzen dira organismoan, baina orain arte gutxi ikertu izan dira. PM2.5 partikulek jatorri naturala izan dezakete ere (hautsa edo itsasoko gatza, adibidez) baina batez ere jatorri antropogenikoa dute partikulen %73. Kutsadura ikertzen duten zientzialarien jomugan dauden beste partikula mota batzuk lehen aipatutako nitrogeno oxidoak (NOx) dira, bereziki ibilgailuen errekuntza motorretan sortutakoak.

Duela gutxi zabaldu dira Europako Batasunari dagozkion datuak, EEA Europako Ingurumen Agentziaren eskutik. Kalkuluen arabera, 2015ean Europako Batasuneko 28 estatuetan 391.000 heriotza goiztiar eragin zituzten partikula finek. Estatistika hotza da, baina hausnarketa eragiteko modukoa: urtebetean Bilbo bezalako hiri bateko biztanle guzti-guztiak hartu eta behar baino lehenago hilobira eramateren parekoa da, hain zuzen. Datuen aurkezpenean, aire kutsadura “hiltzaile ikusezintzat” jo du Hans Bruyninckx EEAko zuzendari exekutiboak.

Heriotza goiztiarrak ez ezik, bestelako arazo larriak eragiten dituzte poluitzaile horiek. Zalantza barik, asmari loturikoa da horien artean garrantzitsuena. Environmental Health Perspectives aldizkarian agertutako ikerketa batek aire poluitzaileen eta asmaren arteko lotuta agerian jarri du; egia esanda, agerian jartzea baino, arazoaren arlo epidemiologikoa zenbakitan jarri dute. Izan ere, bi faktore horien arteko lotura ezaguna zen zientzialarien artean, baina orain harreman hori aztertzeko ospitaleetan bildutako datuetara jo dute ikertzaileek. Modu horretan, aurrenekoz mundu mailan asma eta kutsaduraren arteko harremana kuantifikatu ahal izan dute.

2 . irudia: Asma dela eta ospitaleetara egindako bisitaldietatik ozonoari lepora ahal zaizkion bisitaldien portzentaia. Bereziki Asiako hegoaldean dago loturarik handiena, baina AEBetan ere agerikoa da. (Irudia: Susan C. Anenberg/GW Milken Institute School of Public Health)

Ondorioztatu dutenez, kutsatutako airea arnasteagatik urtero milioika lagunek jo behar dute ospitaleetara larrialdi zerbitzuetan artatuak izateko, asma-krisiak jota. Kalkulatu dute urtean 9-33 milioi lagunek jotzen dutela ospitalera arrazoi horregatik. Batez ere Indian eta Txinan dago arazoa puri-purian: gutxi gorabehera, Asiako hegoaldeko eta ekialdeko eremuetan izaten dira bisitaldi horien guztien erdia.

Oraingoan ere ozonoa eta partikula finak dira asma horren erantzule. Egin duten kalkuluan abiatuta, asma dela eta larrialdi zerbitzuetara izaten diren bisitaldien %8-20 ozonoari lepora dakizkioke. Guztira, 9-23 milioi bisitaldi inguru. Horrez gain, beste 5-10 milioi bisita partikula meheekin lotu dituzte. Nitrogeno dioxidoaren eragina ere neurtu dute, baina kopuru txikiagoa eman du (0,4-0,5 milioi inguru). Ikusten denez, oso tarte zabala da ematen dutena, baina kontuan hartu behar da mundu mailako estatistikekin ari direla, eta hiru meta-analisi desberdinetan oinarritu direla. Dena dela, bai behera zein gora jota, zenbaki handiak dira, dudarik gabe; hobeto ulertzen dira jakinda asma dela munduan prebalentzia gehien duen arnas gaixotasuna: 358 milioi lagun inguruk nozitzen dute.

54 herrialdetan eta Hong Kong hirian larrialdi zerbitzuetara izandako bisitak zenbatu dituzte, eta datuok estatistika ofizialekin zein satelite artifizialek kutsadurari buruz eskuratutako informazioarekin alderatu dituzte. Sateliteen erabilera funtsezkoa izan da ikerketan, zaila baita aurkitzea leku guztietan lur mailako kutsadura fidagarritasunez neurtzeko gai diren estazioak. Bada, sateliteek egindako urruneko neurketen bitartez, zientzialariek hutsune horiek betetzeko aukera izan dute.

Artikuluaren egile nagusi Susan C. Anenberg ikertzaileak esaldi bakar batean laburbildu du ikerketaren atzean dagoen ondorio latza: “mundu osoan milioika lagunek joan behar dute urtero larrialdi zerbitzuetara asma-krisiak direla eta, aire zikina arnasten ari direlako”.

Erreferentzia bibliografikoa

Anenberg, Susan C. et al., (2018). Estimates of the Global Burden of Ambient PM2.5, Ozone, and NO2 on Asthma Incidence and Emergency Room Visits. Environmental Health Perspectives, 126(10), 107004(1-14). DOI: https://doi.org/10.1289/EHP3766


Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.