Glazioazioez

César Tomé López

Jean Louis Rodolphe Agassiz naturalistak 1840an argitaratutako Études sur les glaciers liburuak eta garaiko adituen beste lan batzuek aldaerazi egin zieten geologoei lurrazalaren -eta, oro har, Lur planetaren- eboluzioa ulertzeko zuten modua. Horrez gain, gerora biologo eta antropologoek eboluzioa nola ulertuko zuten ere baldintzatu zuen, Homo Sapiens gizakiaren eboluzioa barne. Izan ere, lan hartan lehen aldiz hartu zen aintzat iragan hurbilean Izotz Aro bat egon izan zitekeela.

XIX. mendearen hasieran, geologia arloko ikerlan gehienak Europako ipar-mendebaldekoak ziren. Kokapen horretan buztin eta errekarri geruza lodi bat dago harri-ohea estaltzen, bai eta berez dagozkien estratuetatik kanpo baina ikusmenetik urrundu gabe dauden harritzarrak (bloke erratikoak), arrakala paraleloak dauzkaten harriak eta itsasoaren mailatik askoz goragoko hondartza-aztarnak ere. Froga horiek guztiek Izotz Aroaren hipotesiaren alde egiten zuten, baina inork ere ez zituen zantzu guztiak elkarrekin lotu, edo, hala egin bazuen, ez zen argitaratzera ausartu, ez Venetz, ez Charpentier, ez Saussure, ez Schimper, den-denak glaziarren ikertzaileak. Onartuta zegoen azalpena zen uholde handi batekin zetozela bat datu horiek denak.

Irudia: Allalin glaziarra, Suitza. (Argazkia: Thomas Hitz – Domeinu publikoko argazkia. Iturria: Wikimedia Commons)

Artean, naturalista gehienek uste zuten Lurra oso gaztea zela (ikus “Lurraren adinaz” artikulua), eta antzinako testuak nahiz euren behaketa propioak hartzen zituzten aintzat hipotesiak eraikitzeko orduan. Uholde handiaren aipamena zegoen, esaterako, Metamorphoses lanean, non Publius Ovidius Naso-k historia mitologikoak biltzen zituen, baita Genesi biblikoan ere. Horrez gain, geologoak XIX. mendearen hasieratik sinetsita zeuden Lurra sortze garaitik aurrera hoztu baino ez zela egin; ikuspuntu horretatik, uholdea gertagarriagoa zen izotz aro bat baino.

Louis Agassiz aipatu berri ditugun glaziar-adituen lanetan oinarritu zen datuei interpretazio berria emateko eta Europako lurralde gehiena izotz geruza batek estali zuela argudiatzeko. Mende hartako 60ko hamarkadarako, geologo sinesgogorrenak ere, besteak beste Charles Lyell-ek, ideia hori onartu zuten, gogo txarrez izan bazen ere.

Agassiz-ek gertaera bat agerian jarri besterik ez zuen egin; inoiz ez zuen Izotz Aroaren jatorriari buruzko azalpenik eman. XIX. mendeko esplikaziorik onena James Croll izeneko eskoziar autodidakta batek atera zuen 1875ean, Climate and Time liburuan. Bertan, Croll-ek, gainerako planetekin izandako elkarrekintza grabitazionalak zirela medio Lurraren orbitaren bidea aldatu izan zenez, iradoki zuen eliptikotasunean gertaturiko aldaketek izotz aroak eragin zituztela, eta ez behin, behin eta berriz baizik. Hipotesi horren ondorioetako bat da hemisferio batean glaziazioak dauden bitartean bestean glaziazio arteko aldiak daudela.

Zientzialariak laster hasi ziren glaziazioak beste arazo batzuei konponbidea emateko baliatzen. Hala, esaterako, Baltikoaren itsasertzean ikus daitezkeen itsas mailaren aldaketa ezagunak azaldu zituzten itsasoko ura izotz egoeran harrapatzen zela esanez, edota izotzaren pisupean lurrazalaren depresioa gertatzen dela argudiatuz (ikus “Isostasiaz“). Era berean, gizakiok, Eurasiatik Ipar Amerikara iristeko, izotz-zubi bat zeharkatu genuela iradoki zuten, eta Afrikatik kanpoko giza historiaurrearen zati handi bat azaltzeko ere izotz-geruza eurasiarraren hego-mugako bizi baldintzetara egokitu beharra erabili zuten.

XX. mendeko hogeiko hamarkadarako, zenbait ondoriotara heldu ziren zientzialariak, United States Geological Survey-k bildutako datuek eta Europako ibaien legar-terrazen ikerketek bultzatuta. Lehenik, Izotz Aro Handiak, Agassiz-ek proposatutakoak, glaziazio-maila handiagoko eta txikiagoko lau fase izango zituela. Bigarrenik, lau fase horiek bi hemisferioetan ikus zitezkeela eta, hortaz, Croll-en hipotesia defendaezina zela.

Lurrak jasotzen zuen erradiazioak jarraitzen zuen glaziazioak azaltzeko lan-ildo nagusi. Milutin Milánkovich-ek kalkulatu egin zuen hemisferio bietan azken milioi urte erdiko zenbait unetan jasotako erradiazioa. Lurraren klima hobeto ezagutzeko balio izan zuten kalkulu horiek (intsolazioa, Milánkovich-en zikloak), baina ez zetozen guztiz bat ondorioztatuak ziren Izotz Aroaren lau aldiekin.

Bigarren Mundu Gerraren ostean itsas zoruen datu berriak aurrean zirela, baztertu egin behar izan zen, azkenean, lau fase horien ideia. Zoruen adinen, eratze-garaiko tenperaturen eta paleomagnetismoaren arteko korrelazioek historia konplexuagoa iradokitzen dute, eta badirudi datuek hobeto egingo luketela bat erradiazio-zikloekin. Edonola dela, gaur egun oraindik ez dago glaziazioen jatorria guztiz egokiro azaltzen duen hipotesirik.

——————————————–

Egileaz: Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.

Itzulpena: Lamia Filali-Mouncef Lazkano

Hizkuntza-begiralea: Xabier Bilbao

——————————————–

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>