Uholde handiek migrazio handi bat eragin zuten Egipton

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Duela 10.000 urte inguru Nilo ibairen inguruan bizi ziren populazioek alde egin behar izan zuten, uholdeak zirela eta. Hiru milurtekoz abandonatuta egon ondoren, gizakiak Nilora bueltatu ziren, iraganeko zibilizazio garrantzitsuenetakoa abiatuz.

Kultura eta garai askotan mito bat errepikatzen bada, hori da uholde handi bati erreferentzia egiten diona. Kultura judeokristauan, uholde unibertsalaren gaineko kontakizunak mota guztietako azalpenak bilatzera bultzatu ditu lagun asko eta asko, mito horren jatorria azaltzeko. Agian zabalduenetako bat Itsaso Beltzari buruzko hipotesia da. Horren arabera, duela 7.500 urte inguru, itsaso horretako urak bat-batean igo ziren, Mediterraneotik ura barra-barra sartu zelako. Zientzialari batzuen arabera, igoera horrek eragin zuen Itsaso Beltzaren kostaldean bizi ziren herriek migratu behar izana. Uholdearen oroitzapena Mesopotamiara igaro bide zen gero, eta, handik, Israelera.

Azken glaziazioaren amaierara jotzea da beste klasiko bat. Itsasoaren mailaren igoerak kostaldeetako populazioek lur barrenera migratzera bultzatu zituen. Kasu deigarrienetako bat da Doggerland izeneko eremuarena, Britainiar uharteen eta Europa kontinentalaren artean zeuden populazioen bizilekuak urperatuak izan baitziren.

1. irudia: Nilo ibaiaren ertzean abiatu zen Egiptoko zibilizazioa, baina hori gertatu aurretik, 3.200 bat urtez, ibaia abandonatua egon zen, uholdeak zirela eta. (Argazkia: Juanma Gallego)

Hipotesi zirraragarriak izanik ere, zaila da gertakari horiek berariaz Ekialde Hurbilarekin lotzea. Egiptoko zibilizazioaren eta Ekialde Hurbilaren arteko lotura, ordea, trinkoagoa izan zen. Bada, uholdearen mitoari azalpen historiko bat bilatzen diotenek badute orain bazkalosteko solasaldietan mahai gainean jartzeko beste argudio bat. Izan ere, ikertzaile batzuek Niloren inguruan gertatutako uholdeen ebidentzien berri eman dute.

Geologo talde batek Quaternary Science Reviews aldizkarian argitaratutako artikulu batean azaldu duenez, duela 10.000 urte inguru izandako eurite handiek Egipton populazio mugimendu handi bat eragin zuten. Ondorio horretara iritsi dira orain basamortu hutsa den tokian garai horren bueltan zeuden ibaien aztarnak aztertuta.

Artean Egiptoko zibilizazioa garatuta ez zegoela gogoratu beharra dago, baina ikertzaileek badakite Nilo ibaiaren ertzak populatuta zeudela aspalditik. Aurreko ikerketek erakutsi dute giza populazio batzuk duela 25.000 urte inguru hasi zirela bizitzen Niloren ertzetan, gaur egungo Egiptoko hegoaldean eta Sudango iparraldean. Han hartu zuten aterpe, ordura arte hezea izan zen Sahara basamortu bilakatu zenean.

Seguruenera ez zen lehen aldia horrelako zerbait gertatu zela, ezta azkena ere. Milurtekoetan zehar, Saharako eremuan aldi hezeak eta idorrak tartekatu izan dira, eta horien arabera mugitu izan dira giza populazioak. Aldi lehor horren ondoren, beste loraldi bat etorri zen: Kristo aurreko 14.800 eta 5.500 urteen inguruan Afrikako aldi heze izenekoa gertatu zen, eta giza talde askok bizi ahal izan zuten Saharan.

Bada, orain argitu dutenez, aldi heze horretan Niloren inguruan bizi zirenek migratu behar izan zuten, antza, eurite gogorrek eragindako uholdeek bertan bizitzea ezinezkoa bilakatu zutelako. Duela 10.000 urte inguru Egiptoko erdialdera jo behar izan zuten muturreko eguraldia zela eta. Duela 7.000-5.500 urteren bueltan, egoera klimatikoa berriro aldatu zen, eta herri horiek Nilora itzuli ziren. Azken mugimendu hori izan zen, hain justu, Egiptoko zibilizazioa ahalbidetu zuena.

Ikertzaileek kalkulatu dute Niloren ertzak 3.200 urtez abandonatuak izan zirela, uholdeengatik. Bertan “egoera arriskutsuak” bizi izan zirela diote, eta seguruena aintzirak sortu zirela. Garaiko klima berreraikitzeko, Nasser lakuaren iparraldean dauden ibai fosilak ikertu dituzte. Horrela, garai horretan eremuan ziren euri tasak kalkulatu dituzte. Ondorioztatu dutenez, nahiko modu bizkorrean tenperatura 7 ºC handitu zen, eta, ondoren, euri jasen frekuentzia lau handiz handitu egin zen. Horrek ekarri zuen ibai horien inguruan bizi ziren populazioek Egiptoren erdialdera migratu behar izana.

“Iraganeko klimak berreraikitzeko ezinbestekoak dira ibai hauek, aukera ematen digutelako ondorioztatzeko unean-unean zihoan ur kopurua, zenbat euria egiten zuen, eta baita zein maiztasunekin egiten zuen ere”, azaldu du Abdallah Zaki ikertzaileak prentsa ohar batean.

uholde
2. irudia: Gizakien bizilekuen kokalekuak (goian), zenbatetsitako prezipitazioekin alderatuta (behean). (Irudia:Abdallah S. Zaki et al.)

Nolatan da izan dira gai ibai idor batean abiatuta klima zaharrak berreraikitzeko? Paleohidrologia lantzen dutenek teknika andana baliatzen dituzte horretarako. Horietako bat da harri koskorren azterketa. Handienek erakusten dute euri emari handia gertatu zela, bestela urak ez zuelako modurik izango harri puska horiek eramateko.

Horrez gain, ibai fosilaren sakonera eta zabalera ere aintzat hartzen dituzte, horiek ere badirelako ibaiek eramaten zuten ur kopuruaren adierazle bikainak. Segundoko zenbat metro kubo ur zeramatzaten kalkulatzeko gai dira horrela. Modu berean, aro hidrografikoaren azalera kalkulatu behar dute. Bi aldagai horiek ezagututa, prezipitazio tasa kalkulatzeko moduan egon dira.

Ibaiak aktibo noiz egon ziren zehazteko, ibilguan aurkitutako materia organikoa karbono-14 teknikaren bitartez datatu dute. Materia organikoari ez ezik, sedimentuei ere erreparatu diete. Horretarako, sedimentu horietako kuartzoa aztertu dute, optikoki estimulatutako lumineszentzia teknikaren bitartez.

Datu horiek aintzat hartuta, prezipitazio oso indartsuak gertatu zirela ondorioztatu dute: orduko 55-80 milimetro artean. Prezipitazio horiek, gainera, Afrikako aldi hezea baino lehen zeudenak baino hiruzpalau handiagoak izan zirela kalkulatu dute.

Denbora luzean uholdeak kezka iturri izan ziren, baita Egiptoko zibilizazioa loratuta zegoenean ere. Horren adibidetzat jo dute Karnak tenpluan aurkitutako estela bat. Duela 3.500 urte gertatutako hondamendi baten berri ematen du, muturreko eguraldiaren ondorioz izandako kalteak aipatuta. Beste ikertzaile batzuek iradoki dute egoera hori Therako sumendiaren erupzio baten ondorio izan zitekeela, baina istorio hori beste egun baterako utzi beharko dugu.

Erreferentzia bibliografikoa:

Abdallah S. Zaki et al. (2021). Did increased flooding during the African Humid Period force migration of modern humans from the Nile Valley? Quaternary Science Reviews, 272, 07200. DOI: https://doi.org/10.1016/j.quascirev.2021.107200.


Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude