Giza bizarra

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Inoiz galdetu al diozu zeure buruari zergatik duen pauma arrak halako isatsa? Ikusgarria da benetan, emearena baino askoz handiagoa eta koloretsuagoa. Zer hautespen presiok eragin du halako zerbait, hain handia, deigarria eta kolorez betea? Zaila da tamaina horretako apaingarri bat mantentzea, eta zailtasun hori beste behar batzuk betetzearen kalterako da.

Paumaren isatsa, beste ezaugarri asko bezala –gehienetan, maskulinoak–, ugalketa bikotekideek –oro har, emeek– aukeratu izan dutelako garatu da animalien munduan. Nolakotasun horiek oztopo dira arraren biziraupenerako eta ugalketa ahalmenerako, eta, horregatik, halako ezaugarriak dituzten banakoek osasun eta forma fisiko bikaina izan behar dute. Horregatik, banako hori «egokia» dela adierazteko balioko lukete (terminologia darwindarrean, fitnessa); beraz, horrelako ezaugarriak modu guztiz nabarmenean dituzten arrekin parekatuko lirateke emeak. «Gene onenak» dituzten arrak dira, nolabait esateko, beren ondorengoei ondare biologikorik onena utziko dietenak. Jakina, hori ez da modu kontzientean gertatzen. Automatikoki diharduten mekanismoak dira. Prozesu horri hautespen sexual deritzo.

Galdetu al diozu inoiz zeure buruari zergatik garen hain desberdinak gizonak eta emakumeak aurpegiko ilearen dentsitateari dagokionez? Espezie baten ezaugarri jakin bat oso desberdina denean arrengan eta emeengan, espezie horrek dimorfismo sexuala duela esaten dugu. Bada, gure espeziean dimorfismo sexuala dago aurpegiko ileari dagokionez. Egin dezagun orain galdera hori bera beste modu batean: Galdetu al diozu noizbait zeure buruari zergatik duten gizonek bizarra eta emakumeek ez?

bizarra
Irudia: Zenbait ikertzailek proposatu dute bizarrak lehoi baten adatsen antzekoa funtzioa bete dezakeela, gure gorputzeko atal batzuk babesteko balioko lukeela, hala nola eztarria eta masailezurra eraso edo istripuetatik babesteko. (Argazkia: StockSnap – erabilera publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Baliteke zure erantzuna izatea gizakion bizarra hautespen sexualaren ondorio dela, paumaren isatsarekin gertatzen den bezala. Agian, uste duzu emakume heterosexualek nahiago izaten dituztela gizon bizardunak bikotekide gisa. Baina bizarra izateak eragozpenak ere sortzen ditu: janari hondarrak pilatu daitezke, parasitoak erakartzen ditu eta, kasu batzuetan, komunikazioa oztopatzen du. Hala ere, gizon bizardunak bizarra moztuta daukatenak baino maskulino, menderatzaile eta oldarkorragoak direla hauteman ohi da. Darwinek, izan ere, bizarra hautespen sexualaren adibide bat zela uste zuen.

Ziurrenik, ez dugu baztertu behar bizarra mekanismo horren arabera sortu zenik. Hala ere, badaude aukera alternatiboak. Indarkeria fisikoa askoz ohikoagoa da gizonen artean emakumeen artean baino, eta, bi gizon borrokan ari direnean, aurpegia izan ohi da kolpeen helburua. «Aurpegia hautsiko dizut» esaldia entzun izan duzu, ezta? Izan ere, ustez, horrexegatik da sendoagoa gizonen aurpegiaren hezur anatomia emakumeena baino.

Horregatik, agian, bizarrak babes fisikoa ematen duelako ideia kontuan hartu da. Eta esperimentuen bidez horixe ikusi da, hain zuzen ere, bizarrak masailezurra babesten duela; masailezurra hautsi ohi da errazen bi gizabanakoren arteko borroketan; eta halako hausturen ondorioak, kirurgia modernoa iritsi aurretik, hilgarriak izan zitezkeen. Azpiko ehunen gaineko inpaktuaren indarra murrizten duelako babesten du aurpegia bizarrak, kolpearen energia xurgatu, eta sakabanatu egiten baitu. Inpaktu baten bidez transferitutako energiaren % 30 xurgatzera ere irits daiteke aurpegiko ilea, eta murrizketa hori erabakigarria izan daiteke masailezurra ez hausteko.

Dena den, ondorio horiek zuhurtziaz hartu behar dira. Izan ere, faktore baten baino gehiagoren efektua ezin da beti mugatu. Eta hori bereziki egia da agian aldi berean jardun zuten –edo, beharbada, denboran zehar bata bestearen atzetik gertatu ziren– balizko hautespen presio batez baino gehiagoz ari bagara.

Erreferentzia bibliografikoa:

Beseris, E.A., Naleway, S.E., Carrier, D.R. (2020). Impact Protection Potential of Mammalian Hair: Testing the Pugilism Hypothesis for the Evolution of Human Facial Hair. Integrative Organismal Biology, 2(1), obaa005. DOI: https://doi.org/10.1093/iob/obaa005


Egileaz:

Juan Ignacio Pérez Iglesias (@JIPerezIglesias) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

2 iruzkinak

  • […] Bizarrak ere aurpegiaren zati bat estaltzen du gure espezieko arretan, eta bikotekidea bilatzeko lehian, erakargarritasun handiagoa izatearekin ere lotu daiteke. Salt Lake Cityko Utahko Unibertsitateko E.A. Beseris eta bere lankideek ematen dioten azalpenaren arabera, horrela, aurpegi biluzia duten gizonekin […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.